BENEDICTA Marie Garmendia Atxabal zen zure euskal izena, Bizkaiko bi herri txikitatik Ipar Amerikara joan eta han elkar ezagutu zuten Lorenzo Garmendia eta Fermina Atxabalen alabari dagokiona. Donahue abizena hartu zenuen, sustraiak Irlandan zituen George Donahuerekin ezkondu zinenean. Egun hartatik aurrera, Bene Donahue izan zara askorentzat; Bene Garmendia Donahue beste ba-tzuentzat. Euskalduna eta irlandarra, biak ere sustrai sakonak dituzten herriak. Gazterik geratu zinen alargun, eta zeuk bakarrik hazi dituzu hiru seme-alabak. Joan den uztailaren 18an joan zinen gure artetik, 84 urte zenituela; eta "gure artetik" diot Boisen jaio eta han hil zaren arren, "gurea" zarela sentitzen dudalako. Ez zintudan ia ezagutzen, baina banuen zure berri; agian zuk ere bazenuen nire entzutea. Badira sei urte zure alaba gazteenak gure alaba gazteenari etxean ostatu eman ziola; Megan eta Wil-en lau seme-alaben ondoan, bosgarrena izan zen uda hartan. Orduan ezagutu genituen zure alaba eta suhia, eta lau neska-mutilak, Elise, Mikel, Willie eta Ana. Orduan ezagutu zituen gure alabak "euskaldun amerikanoak"; harrituta eta hunkituta itzuli zen. Aurten, zu hil aurretxoan, zure biloba Ana izan dugu etxean. Boiseko Oinkari dantza-taldekoekin bisitatu zuen Euskal Herria. Hemen izan genituen dantzan Bizkaian, Araban, Nafarroan, Gipuzkoan eta Lapurdin. Gure aurrean dantzan ikusten genituen gazteak Ipar Amerikan jaioak ziren baina gehienak, hirugarren belaunaldikoak izan arren, bazekiten sustraiak Euskal Herrian zituztela. Baita zure biloba Anak ere; eta bere anai-arrebek, guztiak Oinkari-ko dantzari izanak. Haietako batzuk euskaraz ere ondo molda-tzen ziren. Kultura eta hizkuntza, bien transmisioa ziurtatu duzue belaunaldiz belaunaldi.
Hogei urte inguru zenituela etorri zinen lehen aldiz Euskal Herrira; hala kontatu zidan Meganek. Harrezkero, ziurrenik, behin baino gehiagotan bisitatuko gintuzun. Fede sendoko emakumea, familiari eta komunitateari emana, zure etxeko ateak zabalik omen zeuden guztientzat. Sukaldean prestatzen zenuen janaria ere bai, eta bazkaldu edo afaldu ostean, "Amuma Bag" bat , amamaren otarra, etxera eraman zezaten. Zeure seme-alabez gain, iloba guztiak eta beste familia ba-tzuetako umeak ere "zure ume-tzat" zenituen. Hil ondoren parrokiak zutaz idatzi dituen lerroetan horixe dio, euskal esaera zaharraren arabera bizi zinela: "Gure etxera datorrena bere etxean dago" (horrelaxe dator, euskaraz, esaera). Horretan bat dator zure iloba Mark Bieter-ek bere blogean idatzi duenarekin; idazten ari naizen lerro hauek zutaz zerbait gehiago jakiteko gogoa pizten dionari gomendatuko nioke Mark-en The house on Sixth and Pueblo, Sixth eta Pueblo kaleen artean zegoen etxeaz zein iritzi duen irakurtzea (www.bieterblog.com). Ingelesez egon arren, gaur interneten eskura ditugun itzultzaileei esker ulertu ahal izateko moduko itzulpena, behintzat, lortuko duzue; euskaldunon iratxoen edo Irlandako leprechaun-en bihurrikeriak hutsaren parekoak dira internetekin konparatuta, ezta, Bene? Zenbat informazio aurki dezakegun sarean, baita zutaz, "amuma" Benez ere. Zu izan zaituzte ama Bieter anai-arrebek gurasoak, Pat Bieter eta Eloise Garmendia Bieter 1999an auto istripu batean galdu ondoren.
Ipar Dakotan jaioa zen Pat Bieter, baina zure ahizpak bere sustrai euskaldunetara erakarri zuen: euskaraz ikasteari ekin zion Bieter irakasleak, euskal kultura, euskal historia? Biak izan ziren Boiseko euskal komunitateko kide ezagun eta langile borrokatu. 1972an, Euskal Herrian zortzi aste igaro eta Boisera itzultzean, programa berezia landu zuen zure koinatuak Boiseko Unibertsitatean; eta horri esker 200 ikasle baino gehiago etorri ziren Oñatira 1974 eta 1979 bitartean euskara eta gaztelania ikastera, eta hizkuntzaz gain, historia, kultura, literatura eta artea. Lehen urtean, 1974an, Pat eta Eloise etorri ziren beren bost seme-alabekin, eta haiekin batera Boiseko 75 ikasle eta zazpi irakasle. Gaur bost anai-arreba horietatik nik ezagutzen ditudan hirurek, behintzat, ondo hitz egiten dute euskaraz; David Bieter, Boiseko alkatea da ezaguna gutako askorentzat, baina Johnekin eta Chrisekin ere beti hitz egin dut euskaraz. Hirugarren belaunaldikoak dira, baina beren jatorriari atxikiak. Sustrai sendoak ditu haien euskalduntasunak. Programa amaitu arren, harreman estua du Boisek Oñatirekin; zure alaba Meganek ere urte osoa eman zuen euskara ikasten 21 urteko neska gaztea zenean. Oinkari-ko dantzari gazteentzat hunkigarria izan da Corpus egunean (Gorpuzti esango genuke askok) Oñatiko elizan meza garaian dantzak ikustea, hala aitortu zidan zure bilobak. Boisen hamaika aldiz ikusitako dan-tzak jatorrizko lekuan ikusteak korapiloa sortu ziola eztarrian. Sustraiak, jatorria bizi-bizirik.
Zuri, Bene, eta zure ahizpari eta koinatuari, eta zuek bezalako beste hamaika euskalduni esker sortu zen Euzkaldunak euskal etxea 1949an eta Oinkari dantza-taldea duela 50 urte. Zuri eta zure sendikoak bezalako hamaika euskalduni esker duzue Euskal Museoa eta Kultura Zentroa; euskaldunen historia, Amerikako euskaldunen jatorria, kontinente berrian aurkitu zuten bizimodua, ahozko artxiboak, liburutegia, eskuizkribuak, argazkiak, tresnak eta lanabesak? hori guztia biltzen eta lantzen du Museoak. Kultura Zentroa, ostera, euskal historia eta kultura zabaltzeaz arduratzen da; hurrengo belaunaldiei helarazteaz hezkuntzaren, ikerketaren, bildumen eta antolatzen dituzten jardueren bidez. Hortik sortu zen Boiseko Ikastola ere.
Zu, Bene, zure ahizpa Eloise eta zuek bezalako beste hamaika "amuma" hartu dituzte gogoan Amuma Says No taldekoek; seinale jakin izan duzuela bilobak maitasunez, baina zorrotz, hezitzen eta behar zenean ezetz esaten.
Zuk, Bene, eta zure ahizpak eta koinatuak, Pat Bieter-ek, eta zuek bezalako hamaika euskaldunek -Idahon, Utah-n, Kalifornian, Wyoming-en?- hezurmamitu duzue Ipar Ameriketako Euskal Elkarteen (NABOren) goiburua, izan zirelako gara. Eta hurrengo belaunaldia, Meganek, Bieter anai-arrebek eta beste askok eta askok osatzen duten belaunaldi hori, ari da hezurmamitzen goiburuaren bigarren partea, garelako izango dira. Buru-belarri jardun duzue, eta gazteak hor ari dira, NABOren webgunean behean irakur dezakeguna egia bihurtzen: ospatu + hezitu = betikotu. Festa eta jaia bai, baina betiere helburu jakin eta zehatza duena: euskal kultura, hizkuntza, jatorria, oroitarazi eta ondorengoei helarazi. Globalizazioaren garaiotan, badugu zer ikasia zuengandik guztiongandik.
Horregatik guztiagatik Eskerrik Asko, Bene. Eta eman nire eskerrak ahizpari eta koinatuari ere, Pat Bieter eta Eloise Garmendiari.