GARAI BATEAN kezka bizia izan genuen berri txarrak emateko bakarrik agertzen zelako Euskal Herriko Unibertsitatea hedabideetan. Zorionez, garai haiek atzean geratu dira. Orain bestelako gaien inguruko berriak entzun eta irakurtzen ditugu: ikertaldeen lorpenak, Erasmus programaren emaitzak, Ikerbasque moduko programen bidez erakartzen ditugun ikertzaileak, edo parte hartze handiarekin, eta inolako istilurik gabe, estatutu berriak onartu izana. Ildo beretik, udazken honek beste berri bat ekarri digu, benetan nabarmentzea merezi duena. Egia esan, beldur nintzen beste berri asko bezala egun bateko notizia izango zela, eta berehala geratuko zela ezkutuan. Horregatik erabaki nuen pitin bat itxarotea horretaz idatzi aurretik, uste nuelako merezi zuela hedabideetan behin eta berriz azaltzea. Zorionez, usteak erdia ustel izan du oraingoan ere. Gaur goizean bertan entzun dut irratian Iñaki Gorizelaia errektorea Euskanpus egitasmoaz hitz egiten. Horixe baita gogoan izatea nahi nuena: Nazioarteko Bikaintasun Campus izendapena jaso du Euskal Herriko Unibertsitateak.
Uztail aldera, lehen aukeraketa egin zenean, eta ondoren ere azaldu dira EHUk aurkeztutako egitasmoaren nondik norakoak. Ez ditut, beraz, errepikatu nahi. Edo, hobeto esanda, errepikatzekotan, beste zerbaiti loturik aipatu nahi ditut. Izan ere, deigarriak gertatu zaizkit egitasmo horretako hainbat ezaugarri, eta artikulu honen irakurleekin partekatu nahi dut zer den, nire iritziz, nabarmentzekoa.
Hasteko, pozgarria gertatu zait ikustea Unibertsitateari aitortzen zaiola gizartearen eraldatzaile eginkizuna. Errektorearen hitzak izan dira: "Gure helburua datozen urteetan Euskadi erabat aldatzea da eta Euskampus izatea prozesu horren gidaria eta dinamizatzailea. Gure unibertsitateak bere gain inoiz hartu duen proiektu estrategiko garrantzitsuena da, eta seguru gaude unibertsitatea eta gure herrialdea etorkizunerantz jaurtiko duen palanka bihurtuko dela". Zenbat aldiz esan ote dugu gure artean Unibertsitateak bazuela eginkizun hori, bazuela gaitasuna, jende prestatua, ari zela lanean, baina ez genuela lor-tzen gizartearekin behar besteko loturarik izatea! Badirudi garai berriak iritsi direla. Zorionez! Beti, baina bereziki krisi garaietan, Unibertsitatearengandik espero behar da herriari eta gizarteari irtenbideak eskaintzeko gaitasuna. Bide berriak ireki-tzeko gaitasuna. Uste dut Euskampus egitasmoak baduela gaitasun hori; hala aitortu zaio Bikaintasun izendapena ematean.
Baina beste zerbait da gaur nabarmendu nahi dudana; egitasmo honen lau ezaugarri. Lehena, egitasmoaren leloa: "Unibertsitate bat, Herrialde bat, Campus bat". Beste hitz batzuetan esanda, plurala, askotarikoa den Herri batendako Unibertsitatea. Berriro ere errektorearen hitzak erabiliaz: "lidergo bakarra (unibertsitate bat), herrialde baten askotariko interesei aurre egitea eta lurralde osora zabalduko den campus kontzeptua sortzea"; horixe da leloak adierazi nahi duena. Bernardo Atxagak sarri aipatzen duen "Euskal Hiria" Unibertsitatera ekartzea. Eta nortasun, identitate pluraleko herri bati egitasmo berritzailea eskaintzea. Ez dut alde batera utzi nahi pluraltasun horren barruan, hizkuntza-aniztasuna ere badagoela. Lanak ez dira hain erraz amaitzen, eta oraindik ere bada zeregina, baina, hezkuntzen goren gradua ematen duen Euskal Herriko Unibertsitateak jarraipen egokia eman dio herri honek hizkuntza-aniztasunaren alde egin duen apustuari: Graduko irakaskuntzaren %95 euskaraz eta gaztelaniaz ematen du, eta 150 irakasgai baino gehiago beste hizkuntza batzuetan.
Herri honek azken hamarkadetan lortu duen garapenerako, giza garapen iraunkorrerako, funtsezkoak izan diren beste ezaugarri batzuk ere aurkituko ditugu Euskampus egitasmoan. Aliantza publiko-pribatua da ezaugarri horietako bat. Izan ere, EHUk Tecnalia Korporazioarekin eta Donostia International Physics Centerrekin (DIPC) batera aurkeztu du bere egitasmoa; eta enpresa-sektorea eta I+G+b (ikerkuntza, garapena eta berrikuntza) bultzatzen duten erakundeek sustatu dute egitasmoa. Honek esan nahi du EHUren inguruan bildu direla erakundeak (hiru Foru Diputazioak eta hiru hiriburuetako udalak gehi Eudel), Confebask, Adegi, Cebek eta Sea, hiru Kutxak, Petronor, AIC Automotive, CIE Automotive?, baina baita Euskaltzaindia, Donostiako Aquariuma, Gasteizko Artium museoa eta Bilboko Guggenheim eta Arte Ederretako museoak ere. Erakundeak, enpresa-mundua, kultura-mundua? bikaintasuna helburu duen egitasmo baten inguruan guztiak bat hartuta. Berriro diot, azken hamarkadetan lortutako emaitza honen atzean, neurri handi batean, elkar hartuta, neurriak eta bideak adostuta jokatu izana dago, nire ustez behintzat.
Pertsonak helburu eta ardatz hartzea da nabarmentzeko beste ezaugarrietako bat, giza garapen iraunkorraren alde egin duen Herri batekin guztiz bat datorrena. Pertsona ardatz, bi aldetatik begiratuta. Batetik, egitasmoak berak aitortzen duelako teknologia eta berrikuntza oinarri hartzen dituen proiektua dela, baina, batez ere, pertsonengan oinarritzen dena, pertsonen berritzeko gaitasunean, pertsonen sortzeko ahalmenean eta pertsonen erantzukizun sozialean. Bestetik, gizartearen ongizatea helburu duen egitasmoa delako; eta horren adierazgarri, Euskanpus egitasmoaren hiru espezializazio-arloetako bat, urte hauetako ikerlerroen emaitza dena, Zahartzea eta bizi-kalitatea.
Hirugarren ezaugarria, nazioarteratzea, mugaz gaindiko campus bat sortzeko asmoa Bordeleko Unibertsitatearen Pôle de recherche et d"enseignement supérieur delakoarekin batera. Nazioz gaindiko sare bat eratu nahi da, nazioarteko eragina izango duena eta Atlantikoaren ardatzean jakintzaren sorrerarako erreferente bihurtuko dena. Geure nortasunetik, geure ezaugarrietatik abiatuta, kanpora begiratu, kanpokoekin elkarlanean jardun. Europan lehiakor izango diren guneak sortu, Europa sendotu.
Laugarren ezaugarria, gizartearen garapenerako berrikuntzaren eta ikerkuntzaren aldeko apustua egitea. Berezkoa du unibertsitateak ikerkuntza, badakit. Baina aurreko legealdian erakundeek (unibertsitateak ere hor ziren) eta ekimen pribatuak, eskuz esku, landutako Zientzia eta Teknologia Planeko helburuei bete-betean eran-tzuten dien egitasmoa. Areago, ikerkuntza eta berrikuntza, gaurko gizarteen arazo eta ardura nagusi diren gaien zerbitzura jar-tzen dituena, beste espezializazio arloetako bat "ekosistema iraunkorrak eta ingurumen-teknologiak" baitira.
Hitz batean esanda, Euskampus egitasmoak bere egin ditu Ibarretxe Lehendakariak doktore-tesia irakurri zuen egunean aipatu zituen "euskal kasua"ren bereizgarriak: Herri ikuspegia (munduari irekia, baina sustraiak galdu gabe), lidergo partekatua (aliantza estrategiko publiko-pribatua) eta prestakuntzaren aldeko apustua.
Horixe da nabarmendu nahi nuena, bereziki pozgarri gertatzen zaidana. Izango dira argi-itzalak, hortxe daude Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egitasmoa, Paueko unibertsitatearekin egin duen aliantza, eta askok nahiko genukeen elkarlana. Baina, amets duguna ahaztu gabe, egin dezagun bidea, sendotu dezagun herria, bultza di-tzagun EHU herri honen garapenean txertatuko duten bikaintasun egitasmoak.