San Inazio Boisen
San Inazio eguna da gaur, ez bakarrik Euskal Herrian. Boiseko euskaldunen zaindaria ere bada, eta milaka lagun bilduko dira egunotan bertan, hango jaialdiaz gozatzeko. Azken 20 urteotan euskaldun sentitzen direnen bilgune bilakatu da Jaialdia
SAN Inazio eguna da gaur, jaiegun handia euskaldunentzat. Gipuzkoako herri batean baino gehiagotan ospatuko dute zaindariaren eguna; baita Bizkaian ere. Baina ez Euskadin bakarrik; Boiseko euskaldunen zaindaria ere bada San Inazio. Milaka euskaldun bilduko dira egunotan Idaho estatuko hiriburuan, hango Jaialdiaz gozatzeko. 40.000 inguru izan omen ziren 2005ekoan, ez dira gutxiago espero aurten. Eta, ikuskizun eta emanaldiz betetako egitarauaren barruan ez da faltako San Inazio eguneko meza, Boiseko katedralean. 880 boluntariok jardungo dute dena ondo atera dadin, Dave eta Jeannie Eigurenen ardurapean. Eskerrik asko bihotzez, lagunok!
1987an antolatu zuten lehen aldiz Jaialdia; handik hiru urtera ondoren, 1990an, Idaho estatuko mendeurrena ospatzeko. Eta nolako arrakasta izan zuen ikusirik, harrezkero bost urtero elkartzen dira Amerikatik joandako euskaldunak; Estatu Batuetatik gehienak, baina baita Kanadatik eta Hego Amerikatik ere. Agian Australiatik ere hurbilduko zaizkie lagun batzuk. Eta, zer esanik ez, Euskaditik joaten direnak. Euskaldun sentitzen direnen bilgune nagusi bilakatu da Jaialdia hogei urte hauetan zehar.
Agintariak ere hurbiltzen dira Boisera; aurten ordezkaritza berezia izango dute euskal erakundeek. Han izango dira Patxi Lopez Lehendakaria eta Kultura sailburua. Han izango da Bizkaiko Diputatu Nagusia; eta han izango da Iñaki Galdos, Gipuzkoako Foru Diputazioaren izenean. Ez dira joango hango jai eta ospakizunetan parte hartzera bakarrik. Hango euskaldunen lana saritzeko aprobetxatuko dute, edo hango unibertsitate eta erakundeekin harremana estutzeko.
Eusko Jaurlaritzak, Lan Onari saria emango dio Patty Miller, Boiseko Euskal Museoko zuzendariari. 16 urterekin joan zen Patty Miller-en aitita Aulestiatik Amerikara. Euskal sustraiak sendo iraun dezaten lan egin du eten gabe bere bilobak.
Bizkaiko Foru Diputazioak, Bizkaitar Argi izendatuko du Pete Cenarrusa, Munitibarko aita eta Gernikako ama zituena, 50 urte politikan emandako gizona, horietako ez gutxi Idahoko Estatu idazkari gisa.
Gipuzkoako Foru Diputazioak hitzarmena sinatuko du Nevadako Unibertsitateko Euskal Ikasketen Zentroarekin, beka bat martxan jartzeko, Pat eta Eloise Bieter-en izena eramango duena. Euskal diaspora Euskadira hurbiltzeko lan handia egin zuten senar-emazteak ziren Pat eta Eloise, euskal kulturari bizirik eusteko berebiziko lana egindakoak.
Egun hauetan sarituko eta aitortuko den lana, baina, ez da bakarra. Ez da adineko jendearen lana, jarraipenik ez duena. 50 urte beteko ditu datorren urtean Oinkari, Boiseko dantza-taldeak, eta Jaialdi honetan hasiko dira hain urteurren garrantzitsua ospatzen, Oñatiko dantzariekin batera jardunaz. 750 dantzari inguru pasatu dira urte hauetan, belaunaldi desberdinetakoak. Ez da harri-tzekoa gaurko dantzari gazteen gurasoek ere orain dela urte batzuk Oinkari taldean dan-tzan egin zutela jakitea.
Ikastola ere badu Boisek, 2 eta 6 urte arteko umeei euskaraz irakasten diena. 56 haur hartzen dituzte ikasturte bakoitzean.
Hitz batean esanda, borondate sendoa erakutsi dute eta erakusten dute egunero diasporako euskaldunek beren euskal nortasunari eusteko. Boiseko "euskaldun-amerikanoak" aipatu ditut, baina berdin esan daiteke Renoko "euskaldun-amerikanoez", Kaliforniako "euskaldun-amerikanoez", edo "eus-kaldun-argentinarrez", "euskaldun-txiletarrez"…
Euskal nortasunaz harro dauden diasporako euskaldun horiek, euskal kulturari eutsi eta hurrengo belaunaldiari transmititzeko lan egiten duten horiek, ba ote dakite hemen, Euskadin, Kulturaren Euskal Plana alda-tzekotan direla? Ba al dakite izena bera ere aldatuko diotela? "Kulturen aldeko Hiritar Kontratua" izango dela aurrerantzean, eta ez Euskal Plana? Aldaketa hori proposatu dutenek ba ote dakite izena duenak izana ere baduela? Ba ote dakite diasporako euskaldunek, izenetik bakarrik ez, testutik ere kendu nahi dituztela euskal kulturari eta Euskal Herriari buruzko aipamenak? Ba ote dakite diasporako euskaldunek Kulturen aldeko Hiritar Kontratu horretan, diasporak zer leku izango duen? Ba ote dakite diasporako euskaldunek Kulturaren Euskal Planak omen dituen helburu identitarioak desagerrarazi nahi dituztela? Ba ote dakite diasporako euskaldunek, identitatea baliotzat har-tzea, eta memoria historikoa gordetzeko ahalegina, edo kultur jarraipenaren aldekoa, obsesio identitariotzat dauzkatela gaurko Gasteizko agintariek?
Ba ote dakite diasporako euskaldunek gaurko Jaurlaritzak ez duela beharrezko ikusten Euskadiko liburutegi nazionala sor-tzea? Haientzat ez dagoela Euskadin eta euskararen hizkuntza-esparruan argitaratu edo ekoitzitako lanak eta euskararekin edo euskal kulturarekin erlazionatutakoak -bereziki euskal autoreek egindakoak eta euskaraz egindakoak- bildu, kontserbatu eta zabaltzeaz arduratuko den liburutegi baten beharrik? Ba ote dakite Euskadiko Liburutegiak arduratu behar zutela euskal ondare bibliografikoaren katalogo kolektiboa egiteaz, eta, besteak beste, diasporako liburutegi batzuetako ondarea hor txertatzeko egitasmoa abian zela?
Euskaldun-amerikano izanik, euskaraz ikasteko ahalegina egin duten NABOko kideek, euskal zentroetan euskarazko eskolak eskaintzeko programaren ardura dutenek, ba ote dakite zer esan duen hemen, etxean, Anjel Lertxundik? Nola definitu duen gaurko Hizkuntza Politikaren jarduna? "Gehienera ere, azken hogeita hamar urte hauetan hartutako neurriak mantendu. Aukeran, ordea, nahiago neurriok errebisatu. Edo berrogeialdian jarri. Edo frenatu eta dezeleratu. Edo murriztu, inausi, indargabetu. Edo atzera bota. Iniziatiba positibo berri eraginkorrik, ordea, bakar bat ere ez. Ez dirudi zerbaiten alde egoteko modurik logikoena denik".
Izan ote du Patxi Lopezek honen berri? Ba ote daki Patxi Lopezek gaur Amerikako Estatu Batuetan hirurehun ikasletik gora ari direla euskaraz ikasten, gazteak gehienak?
Ba ote daki Patxi Lopezek, Boiseko Unibertsitateko Euskal kulturako minor ikasketak Pete Cenarrusa Fundazioak diruz laguntzen dituela? Ba ote daki Patxi Lopezek, Idahon jaioa izan arren, euskaldun peto-petoa dela Pete Cenarrusa? Ba ote daki Patxi Lopezek, erabakitzeko eskubidearen aldeko adierazpena bultzatu zuela Pete Cenarrusak Idahoko Ordezkarien ganberan eta Senatuan?
Ba ote daki Patxi Lopezek, Pat eta Eloisen semeek euskaraz ikasi zutela? Haietako bat, Dave, Boiseko alkatea dela, eta euskaraz hitz egiten duela?
Nola uler daiteke etxean, euskara "murriztu, inausi, indargabetu" egin nahi izatea, Euskal Kultura gainerako kulturen artean urtzeko ahalegina egitea, eta Amerikan, euskal kultura gorde eta sustatzeko hangoek egiten duten lana goraipatzea?
Etxean landu, garatu eta sustatu ezean, zer hizkuntza eta zer euskal kultura zabaldu behar du mundura Etxepare Institutuak?
Badakizue zer kantatzen zuen Raimon-ek, "qui pregunta ja respon", galderak berak dakar erantzuna.