URRIAREN lehen egunetan bukatuko dira Euskaltzaindiaren laurogeita hamargarren urteurreneko ospakizunak. Urte batez (2008-2009) aritu da euskararen akademia ekinean, bera sortu zeneko ekitaldi hura gogoratu eta gaurkotu nahian.

Hala egin du, egin ere, Euskaltzaindiak herrialde euskaldunetan. Hartara, Nafarroa, Euskal Autonomia Erkidegoa eta Iparraldea lekuko izan dira, ohiko jarduerez aparte, Euskaltzaindiak urte bitarte honetan egin duen ahalegin berebizikoaz. Esan gabe doa, horrekin akademiak bultzatu nahi izan dituela euskararen izatea eta zeregina, horiexek baitira kulturaren aldetik euskaldun guztiak erkide ditugun osagai lehenetsiak, besteak beste, kulturaren Euskal Herri hori bidera-tzen dituztenak, herrialde bakoitzak duen nortasun bereziari muzin egin gabe.

Beste behin ere, Euskaltzaindiak erakutsi du bera dela, legez eta eginez, euskararen erakunde aholku-emaile ofiziala, eta horretan diharduela, gure gizartean diren desberdintasun ideologiko eta politikoen gainetik.

Hortaz, erakunde izate horrek ematen dio Euskaltzaindiari halako indarra, halako ikuspegia, elkarlanean jarduteko, dela herrialde euskaldunetako agintariekin, dela Euskal Herri osoan euskararen sostengu, defentsa eta lantze-bidean ari diren bestelakoekin ere. Begien bistakoak dira, horien artean, hezkuntza-arloa, komunikabideak, administrazio publikoa, kulturaren sorkun-tza, lanbideak... horiek guztiak dira Euskaltzaindiaren helburu eta xede.

Sorreratik ari da Euskaltzaindia euskararen IKER eta JAGON eremuetan. Horretan dirau, nahiz eta egungo egitekoak bestera norabidetuta egon, batik bat, euskararen bidez gizarte honek eskatzen dituen adierazpide guztiak bete ahal izateko.

Beharrezkoa du horretan Euskaltzaindiak Oñatiko Biltzarretik (1918) datorren konpromisoarekin jarraitzea. Konpromiso hura gauzatu zen Eusko Ikaskuntzaren laguntzarekin, eta hark ekarri zuen, ekarri ere, Euskaltzaindia beregain izatea. Harako konpromisoaren ondorioak dira Euskaltzaindiak gizarteari eskaini dizkion euskara batua, hiztegiak, gramatika, euskalkien inguruko ikerketak, literatura lanak, toponimia, eta, orobat, hizkun-tzaren sustatzea.

Orduko zina edo konpromisoa eraberritzen ari da egunotan ere Euskaltzaindia, aurten martxoko barne jardunaldietan berretsi duen moduan, hiru ardatz nagusi hauek baliatua:

a) Lehenengo eta behin, kudeaketaren inguruko konpromisoa. Horrek bere barruan hartzen ditu Euskaltzaindiaren giza baliabideak eta baliabide materialak egoki antola-tzea; diziplina desberdinetako euskaltzainak euren artean lankidetzan aritzea; aurrekontuetan eta finantzetan, egonkortasuna bila-tzea, batez ere, krisi ekonomikoa bizi dugun honetan, guztiok jakin behar baitugu zein diren lehentasun estrategikoak eta azkenez, euskara gizartean nabarmentzeko apustu egitea, euskararen alde lan egiten dutenei euren lana aitortuz.

b) Bigarrenik, ikerketaren inguruko konpromisoa. Horrek bere barruan hartzen ditu teknologia berriak nabariro garatzea, neurri handiko corpus linguistikoen bitartez, euskarak modernizazioaren ibilibidea gal ez dezan; Euskaltzaindiak gizartean erantzukizun zabalagoa bereganatzea, arau linguistikoak bereziki, eta kultura-ekoizpena oro har, egoki helarazteko gizarte-eragileei, bai eta kultura, hezkuntza eta lanbide-jarduleei ere.

c) Eta, hirugarrenik, harremanetarako konpromisoa. Horrek bere barruan hartzen ditu gobernu eta agintariekin harreman bateratuak izatea, elkarrenganako errespetuan eta lankidetza leialean oinarrituta. Harreman sakonak, halaber, kulturaren Euskal Herri honetan euskaraz eta euskararen alde lan egiten dutenekin. Gauza bera Espainiako hizkuntzen akademiekin eta Europan eta munduan zehar bestelako hizkuntza gutxituenganako ardura dutenekin.

Ez da batere erraza arau linguistikoak gizarteratzea, ezta hurrik eman ere; denbora eta neke handia behar dira horretarako. Nolanahi den ere, Euskaltzaindia eta gure gizartea aspalditik ari dira zeregin horretan, eta zilegi bekit hala esatea, desadostasun guztien gainetik, arrakastatsua izan dela gaur arte ibilitako bidea.

Laurogeita hamar urte geroago, gure konpromisoak iraganari so egiten dio, eta, aldi berean, etorkizunari begira jartzen da. Hori egitean, nahitaezko gertatzen da, gaur eta hemen, Euskaltzaindiak eskerrak ematea: eskerrak, euskaldunon aldetik izan duen eta duen harrerarengatik; eskerrak, berebat, guztiok erakutsi eta erakusten diozuen begirunearengatik; eskerrak, azkenean, zuen kritika eta partaidetzarengatik.

Eskerrik asko gizarteari eta euskararen munduari, Euskaltzaindiari aitortza emateagatik, haren arauak eta gomendioak bete-tzeagatik, eta, azken finean, euskarak gaurkotasunaren eta kulturaren eramaile izateko behar duen araubide hori egoki onartzearren.

Eskerrik asko Euskaltzaindian ari zareten guztiei. Eskerrik asko euskaltzain izan zirenei eta egun direnei, oso, ohorezko nahiz urgazle, batzordekideei, egitasmoetako teknikariei eta langileei.

Horiek dira bermerik nabarmenenak, Euskaltzaindiaren laurogeita hamargarren urteurrena, iraganaren ondoriozko ospakizuna baino, etorkizunerako abagunea izan dadin, euskara eta euskal kulturaren mesederako.