Zortzi jazz-kontzertu eskainiko dira Bilbon uztailean eta abuztuan
BILBO. Aurtengo uda berezia izango den arren koronabirusak eragindako egoeragatik, #BilbaoUda2020 programak era guztietako ekintzak antolatzen ari da. Azkenengoa Uda Jazz jaialdia izango da, zeinak uztailean eta abuztuan Bilboko hainbat leku jazz-kontzertuz beteko dituen. Konkretuki, kontzertuak Bidebarrietako liburutegian, Otxarkoagako Udaltegian, Bertendona institutuan eta Bilborocken izango dira. Emanaldi guztietako sarrerek 5 euroko prezioa izango dute eta dagoeneko salgai daude bilbaokultura.eus webgunean.
Abraham De Roman 4tet; Cumbaos Hirukotea; Baleen lobak; Ander García Hirukotea; De Diego Brothers; Organazing; José Luis Canal Hirukotea; eta Jon Urrutia Hirukotea izango dira parte hartuko duten taldeak, denak bertakoak eta genero horretan aski ezagunak.
UDA JAZZ JAIALDIAREN PROGRAMAZIOA
Uztailaren 2an, 19:00etan Bertendona institutuan
ABRAHAM DE ROMÁN 4TET
Abraham de Román: saxo tenorra
Aingeru Torre: saxo altua
Alberto Madrid: kontrabaxua
Hilario Rodeiro: bateria
Abraham de Román saxofoi-jotzaile eta konpositore sevillar Bilbon finkatua gure musikako musikaririk ekinenetako bat da, duela 15 urte baino gehiagotik. Musikari moldaerraza, konpositorea, irakaslea eta saxoen luthierra da, eta hirukotean eta laukotean jotzeko jazz-proiektuak lantzen ditu, eta estudioko musikari moduan ere jarduten da estilo bateko eta besteko talde askorekin elkarlanean, dela funka, bluesa, musika elektronikoa eta beste.
Uztailaren 9an, 19:00etan Otxarkoagako udaltegia
CUMBAOS HIRUKOTEA
Carlos Velasco: gitarra
Israel Santamaría: pianoa
Gorka Iraundegi: bateria
Jazzaren Bilboko eszenan aritutako hiru musikarik osatutako talde honek jazzaren gai klasikoetan oinarritzen du bere artea eta esperientzia, baina azkoinari beste buelta bat ematen diote, soinu egitura berriak sortuz eta inprobisatuz. Elkarri laguntzen eta erronka egiten diote kontzertu bakoitza bakarra eta errepikaezina izan dadin lortu arte. Inprobisazioa, teknika, klasikoa eta modernoa, musika sentsazioen eta emozioen transmisore gisa agertokian sinergia handia sortuz.
Uztailaren 16an, 19:00etan Bidebarrieta Kulturgunea (Bidebarrietako liburutegia)
BALEEN LOBAK
Gorka Benítez: saxo tenorra eta txirula
Alejandro Mingot: gitarra
Pablo Martín: kontrabaxua.
Borja Barrueta: bateria
Gorka Benitezek, euskal musikarien artean internazionalenetakoa denak, euskal jazzeko beste hiru handi bildu ditu proiektu 'kolaboratibo' berri honetan. Pablo Martin Caminero gasteiztarra, kontrabaxua, jazz eszenan ez ezik, beste hainbatetan ere musikari nabarmen eta eskatuenetako bat da. Gitarrarekin, Alejandro Mingot gitarrista aparta. Borja Barrueta bateria jotzaileak osatzen du laukotea. Zalantzarik gabe, azken belaunaldietako errebelazioetako bat.
Lauen artean, sari ugari irabazi dituzte bai Estatuan, bai nazioartean.
Uztailaren 23an, 19:00etan Bilborock aretoan
ANDER GARCÍA HIRUKOTEA
Jorge Castañeda: pianoa
Mikel Urretagoiena: bateria
Ander García: kontrabaxua
Ander García kontrabaxu-jotzailea (Bilbo, 1978) Madrilen bizi da; bere musika-proiektu berria aurkeztera etorriko zaigu, Amahiru. Hiru disko grabatu izan ditu lehenago, lider gisa. Ander García da, dudarik gabe, jazzaren munduan kontrabaxu-jotzailerik ekinenetakoa une honetan, eta euskal musikaririk ospetsuenetako bat.
Uztailaren 30ean, 19:00etan Bertendona institutuan
DE DIEGO BROTHERS
Victor de Diego: saxo tenorra & sopranoa.
Juan de Diego: tronpeta
José Luis Canal: organoa
Gonzalo del Val: bateria
De Diego Brothers laukote bat da, Bartzelonan sortua, 1993an, eta Juan eta Victor De Diego ditu lider; biak ere ospe handikoak.
De Diego Brothers-en errepertorioaren oinarria dira, batetik, berek sortutako konposizio berriak, eta, bestetik, artista ezagunen piezak, hala nola Lee Morgan, Joe Henderson, Herbie Hancock eta beste.
De Diego Brothers taldearen musika estiloaren nondik norakoen bila abiatuz gero, hirurogeiko hamarraldira jo behar dugu (Blue Note disko-etxea); garai hartan, swing-a erritmo afrokubarrekin, funkyarekin edo bogaloo-arekin nahastu zen.
Abuztuaren 6an, 19:00etan. Otxarkoagako udaltegian
ORGANAZING
Elsa García Lizundia: saxo tenorra.
Gorka Iraundegi: Hammond organoa.
Raul Sainz de Rozas: gitarra.
Juan Luis Castaño: bateria
Laukote hau 2015ean sortu zen, Raúl Sainz de Rozasen ekimenez, eta egungo euskal jazzaren eremuan oso ezagunak diren musikariek osatzen dute. Jakin-minak eroan izan ditu elkarrekin lan egitera eta musika-helburu berriak jartzera beren buruei; talde honetan, ordea, Hammond organoaren vintage soinua da bereizgarri nagusia, ederto ezkontzen baita kaxa-gitarrarekin, jazzeko organo-jotzaile eta gitarra-jotzaile handiak sortu izan ziren jazzaren garai batera eroaten gaituztela
Abuztuaren 13an, 19:00etan. Bidebarrieta Kulturgunea (Bidebarrietako liburutegia)
JOSE LUIS CANAL HIRUKOTEA
Jose Luis Canal: pianoa
Juanma Urriza: bateria
Carlos "Tato" Gracía: kontrabaxua
José Luis Canal piano-jotzaile, organo-jotzaile, moldatzaile eta konpositorea euskal musikako musikari handietako bat da. Hainbat sari jaso ditu, bai musika klasikoaren eremuan, bai jazzaren eremuan.
Bere taldeetan lider izateaz gainera, hainbat musikarirekin egin izan du lan: Mikel Andueza, Itxaso, Joaquín Chacón, Victor de Diego, Chris Kase, Juanma Urriza, Carlos "Tato" Gracia, Borja Barrueta, Raul Vera, Blas Fernandez, Abraham de Román eta abarrekin.
Abuztuaren 20an, 19:00etan. Bilborock aretoan
JON URRUTIA HIRUKOTEA
Jon Urrutia: piano-jotzailea
Borja Barrueta: bateria.
Eric Surmenian: kontrabaxua
Jon Urrutiak aurkezten digun hirukote aparteko honek tradizioa eta modernismoa batzen ditu, konposizioaren eta inprobisazioaren arteko oreka batekin, hiru tresna-jotzaileen kualitateak agerira ekartzeko apropos pentsatutako errepertorio batekin. Eraginak askotarikoak ditu, hasi jazzaren estetikatik eta musika klasikoraino, eta musika garaikidea eta musika inprobisatuak ere bai, guztia Espainiako, Frantziako eta Ameriketako herri-musiketako eta musika etniko eta folklorikoetako erritmoekin nahastuz.
Emanaldi guztietarako sarrerek 5 euroko prezioa izango dute.
#BILBAOUDA2020
Bilboko Udalak antolatua, #BilbaoUda2020-k aisialdiko eta kulturako 150 jarduera baino gehiago hartzen ditu barruan uda honetarako gure hirian. Proposamen hauek #BilbaoAurrera Udal Planaren barruan sartzen dira. Planaren helburua da, hain zuzen ere, COVID-19aren ondorioak arintzea egoerak gehien kaltetu dituen lanbide-sektoreetan.
OSASUN-SEGURTASUNEKO NEURRIAK
Osasuneko protokoloak zorrotz beteko dira ekitaldi guztietan, osasun-segurtasuna ahalik eta gehien bermatzeko. Horretarako, programako proposamenak formatu txikikoak izango dira, sarrera kopurua mugatuta egongo da eta publikoa beti eserita. Halaber, maskara derrigorrezkoa izango da Uda Jazzeko kontzertu guztietan.
Temas
Más en Música
-
TOC, el grupo de Mungia que ha pasado de los gaztetxes a fichar por una discográfica
-
Música hip hop para denunciar la precaria situación de un equipo de béisbol de Pamplona
-
"Cruzo los dedos para poder seguir haciendo música al margen del jazz”
-
¿Qué fue de Sorotan Bele, el grupo de amigos del mítico 'Arratsalde honetan'?