Euskadiko baxura flotako ontziek urteko lehenengo arrantzaldiari ekin diote gauerdian, antxoaren kanpainari hain zuzen ere, aurreko urteko hegaluzearen kostera amaitu zenetik portuan lotuta egon ondoren. 30.182 tona arrantzatu ahal izango dituzte aurten, aspaldiko urteetako kuotarik handiena. Izan ere, urtero Espainiari 3.696 tona kentzen zizkioten bere kuotatik, 2009an berdelaren harrapaketa muga gainditu izanagatik Europak jarritako isuna ordain-tzeko. Aurten, ordea, 180 tona baino ez dio kenduko, zigorra osorik betetzeko geratzen den kopurua.

Euskadiko berrogeita hamar bat ontzik hartuko dute parte bokartaren arrantzaldian. Berdelaren kasuan urteko kuota ontzien artean banatuta badago ere, Espainiako gobernuak ez du gauza bera egin antxoarekin, euskal arrantzaleek banaketa hori egiteko eskatu duten arren. Beraz, kuota orokorra arrantzatu arte luzatuko da espezie honen kanpaina. Aurreko urteko urrian Aztik egindako Juvena kanpainaren arabera, antxoa gazte asko dago itsasoan. Kontua da, tamaina txiki edo ertaineko arraina ez dela ondo saltzen kofradietan. Kantauriko kofradiek neurri batzuk adostu dituzte kanpaina zuzen kudeatzeko. Hortaz, martxoan 120 Gt tik gorako on-tziek edota eskifaian hamabi marinel baino gehiago dituzten ontziek egunero 8.000 kilo harrapatu ahal izango dituzte, eta 6.400 kilo gainerakoek. Halaber, porturatutako arrainaren tamaina ez da hirurogei granotik, aleak kiloko,gorakoa izango. Apirilean, maiatzean eta ekainean, eguneko topea 10.000 kilokoa izango da ontzi handientzat eta 8.000 koa txikientzat.

Baxura flotako ontziek 6.958 tona antxoa harrapatu zituzten 2022an baina 3.177 bakarrik lehorreratu zituzten Bizkaia eta Gipuzkoako portuetan. Gainerako 3.780 tonak Kantabria eta Asturiasko portuetan saldu zituzten. Kontua da, arrantzaleek ez zutela bokart handirik aurkitu euskal kostaldetik hurbil eta mendebalderantz egin behar izan zutela antxoa handiaren bila, enkantean preziorik handiena lortzen duen arrainaren bila hain zuzen ere.