Atlantikoko atuna zain-tzeko nazioarteko batzordeak, ICCATek, igo egin du hegalaburraren harrapaketa muga datozen hiru urteetarako, aurten erakundeko biologoek egindako stockaren ikerketaren emaitzak espeziea osasuntsu dagoela berretsi ondoren. Portugaleko Valle do Lobo hirian bildu dira ICCATeko berrogeita hamabi bazkideen ordezkariak eta hegalaburraren (zimarroia edo atun gorria) harrapaketa muga %10 igotzea adostu dute. Beraz, 40.750 tona arrantzatu ahal izango dituzte 2022, 2023 eta 2024 urteetan, aurten baino 4.750 tona gehiago. Kuota hori banatzeko onartutako sistemaren arabera, 21.503 tona hegalabur arrantzatu ahal izango ditu Europako Batasuneko arrantza flotak -Espainiak, Frantziak eta Italiak batez ere-, aurten baino 2.043 tona gehiago.

Espainiako banderapean ari diren ontziei dagokienez, 6.784 tona arrantzatu ahal izango dituzte Kantauriko, Atlantikoko eta Mediterraneoko uretan, aurten baino 691 tona gehiago. Euskadiko baxura flotari dagokionez, 1.300 tona inguruko kuota izango du datozen hiru urteetarako. ICCATek, historian lehen aldiz, Atlantikoko hegalaburra kudeatzeko prozedura bat ezarri du. Neurri berri horrek “arran-tza iraunkorra eta errentagarria bermatu beharko luke epe luzera, bai Atlantiko mendebaldeko stockean, bai Atlantiko ekialdeko eta Mediterraneoko stockean”. Aurretik, hegaluzearekin ezarritako harrapaketak kontrolatzeko arauaren arabera kudeatuko dute hegalaburra aurrerantzean.

Desagertzeko zorian egotetik osasuntsu egotera igaro da hegalaburra azken hamarkadan. 1996an Atlantikoan eta Mediterraneoan egindako harrapaketak inoiz baino handiagoak izan ziren, 50.000 tona baino gehiago hain zuzen. Hortik aurrera, stockaren egoera makalduz joan zen 2011an hondoa jo zuen arte. Izan ere, urte horretan ugaltzaile kopurua inoiz baino urriagoa izan baitzen, espeziea kolapsoaren atarian kokatuz. Egoeraren larritasuna ikusita, ICCATek errekuperazio plan bat ezarri zuen hegalaburrarentzat, urteko harrapaketa mugak nabarmen jaitsiz. Adibidez, Españako flotak 2.504 tona hegalabur arrantzatu ahal izan zituen 2014ean. Datorren urtean, berriz, 6.784 tona harrapatu ahal izango ditu.

Atlantikoko atuna zaintzeko nazioarteko batzordeko biologoek Atlantiko ekialdeko eta Mediterraneoko hegalaburraren ebaluazio zientifikoa egin dute aurten. Ikerketa horren emaitzen arabera, ugaltzaileen kopurua nabarmen hasi da azken urteetan eta stockaren egoera osasuntsua da. Nolanahi ere, ICCATek onartu egin du deklaratu gabeko eta legez kanpoko harrapaketa kopuru handi bat dagoela, Mediterraneoan batez ere, eta handik jasotako datuak ez dirala guztiz sinesgarriak.

Akordiorik gabe tropikaletan

Beste alde batetik, ICCATeko berrogeita hamabi herrialdeetako ordezkariek ez zuten akordiorik adostu atun tropikalak kudeatzeko. Ondorioz, aurreko urteko harrapaketa mugak izango dira indarrean datorren urtean ere. Atun moja (big eye edo patudo) espeziaren inguruan izan dira gora behera handienak ICCATen batzarrean. Alde batetik, datorren urteko harrapaketa muga ezartzeko orduan eta bestetik kopuru hori banatzeko erizpideak zehazterakoan. Akordio ezaren ondorioz, atun mojaren harrapaketa muga 62.000 tonakoa izango da datorren urtean, aurten bezala, hasiera batean itxaroten zena baino kopuru txikiagoa. Izan ere, 70.000-75.000 tonako TACa ezarriko zela aurreikusten zen batzarra hasi aurretik, aurreko urteetan martxan ipinitako errekuperazio planaren ondorio positiboak ikusita.

62.000 tona horietatik, 13.421 tona harrapatu ahal izango dituzte Europako arrantza ontziek. 7.438 izango dira Espainiako banderapean ari diren ontzientzat, 7.438 Frantziarentzat eta 2.823 Portugalentzat. Halaber, ICCATek mantendu egiten du arrainak biltzeko gailuak erabiltzeko debekua hirurogeita hamabi egunetan atun moja eta atun hega hori gazteak babesteko. Horrezaz gain, mugatu egin du gailu kopurua eta datorren urtean ere ontzi bakoitzak ezingo du 300 baino gehiago erabili. 2023an bilera bat egingo dute indarrean dauden neurriak aztertu eta, besteak beste, harrapaketa-mugak eta 2024rako harrapaketa egiazta-tzeko mekanismoak garatzeko. Atun hega horiari (Yellowfin) dagokionez, mantendu egiten da 115.000 tonako harrapaketa muga datorren urterako.

Bermeoko hogei bat atunontzi izoztaile ari dira arrantzan Atlantikoko uretan –Guineako Golkoan batez ere– eta ICCATek aurreko urteko harrapaketa mugak eta kudeaketa arauak mantentzea kaltegarria da haien jardunerako. “Azken urteak oso gogorrak izaten ari dira gure flotarentzat eta itxaroten genuen datorren urteko atun mojaren kuota aurtengoa baino handiagoa izango zela, stockaren egoerak hoberantz egin duelako. Horrekin batera, arraina biltzeko gailuak erabiltzeko debekuak kalte handia egiten dio gure flotari. Ez da akordiorik adostu eta aurreko urteko kopuruak eta arauak indarrean mantentzeak egoera konplikatuan uzten gaitu” adierazi dute euskal flotatik.

Europeche, Europako Batasuneko arrantza sektorea biltzen duen elkartearen arabera, ICCATek aukera bikaina galdu du azken ba-tzar honetan. “Tamalez, hau aukera galdu bat da garatzeko bidean dauden herrialdeentzako aukerak handitzeko, Europako Batasunak proposatu zuenez. Herrialde ba-tzuk, bereziki Asiako batzuk, Amerikako Estatu Batuak eta Kanadak, arrantza aukerak handitzearen aurka agertu dira, ikerketa zientifikoak horretarako aukera ematen zuen arren” adierazi du Anne-France Mattletek, Europêcheko atun-taldeko zuzendariak.

Ipar Atlantikoko marrazoarentzat 2021ean hartutako neurriaren ondoren, ICCATek gauza bera egin du Hego Atlantikoko marrazoarentzako, gehiegizko arrantzari berehala amaiera eman eta 2070era arte gehieneko errendimendu jasangarria bermatzeko adinako biomasa mailak pixkanaka lortzeko, gutxienez % 60 eta % 70 arteko probabilitatearekin. Arran-tzak eragindako hilkortasuna gehienez 1.295 tonakoa izango da datorren urtean, 2024an batzordeak aholku zientifiko berria jaso arte. Ipar Atlantikoko ezpata-arrainari dagokionez, mantendu egingo da aurtengo 13.200 tonako harrapaketa muga. Hegoaldeko stockaren urteko topea 10.000 tonakoa izango da 2023-2026 aldirako. l