Ametsak eraikitzen

22.04.2022 | 00:16
Gontzal Mendibil.

GAUR bezalako egun batean, 1915eko apirilaren 22an, jaio zen gure historian erreferentea dugun Jose Maria Arizmendiarrieta. Orainaldirako eta etorkizunerako balio izaten jarraitzen duten obra onen eta oinarrizko printzipioen ondarea utzi zigun.

Bere mezuek eta ekarpenek etengabeko bultzada izan zuten eta egungo egoeran, baliagarriak zaizkigu proiektu sendoen aldarrikapen gisa.

Hutsegiak diren jokabideetan murgildurik gaude, utopiaren balioa, distopian bihurtu dugularik. Alde batetik, komunikabideen zaratak alienazio mental batean inbaditzen gaitu etorkizunaren ikuspegi negatiboa proposatuz, eta bestetik, sentikortasunaren galeran eta erantzunik gabeko isiltasun sozial batean erortzen ari gara. Elkarlanaren premia badugu ere, paralisi huts eta ziurgabetasuneko mundu batean kikildurik gaude.

Askatasuna, duintasuna eta elkartasuna kolokan ditugunean eta handinahiak, berekoikeriak, espekulazioak, bazterkeriak eta krudelkeriak beste edozeren gain ditugun munduan gaudenean, zer egin? Nola eraldatu errealitate hori?

Arizmendiarrietak, itxaropena gizarteratuz eta etorkizun hobea sortzeko utopia berreskuratuz, kontzientziak eta borondateak ernaldu eta mobilizatu zituen.

Beraz, etorkizun hobe baterako, kontzien-tzia esnatzea eta aktibatzea izan beharko genuke helburu. Gauden honetan, Arizmendiarrietaren mezuen estilo praktiko eta lorgarrian, ametsak eraikitzea: irtenbideak bilatzea eta partekatzen jakitea da. Komunitatea sortzeak eta elkarbizitza zabaltzeak izan behar du egungo erronka.

Buruan zeuzkan gizarte-gaiekiko egintza haietan, utopia pragmatismotik eta errealismotik lortu behar zela aipatu zigun: "gauzatu ezin diren ideiak ezerezean gera-tzen direnez, ideia onak errealitate bihur-tzen direnak dira".

Egintzak, ideien gainetik dauden funtsezko egitasmoak ziren bereak, "nondik lan handik jan". "Bagenekien ezinezkoa zela eta horri heldu genion". Eta ondotxo lortu zituen, "eskuz esku, gogotik, lana eta ingurune humanoagoak sortuz eta lurra hobetuz". Balio handiko beste esaldi bat ere bazeukan: "Propietarioak baino gehiago, enpresariak sortu behar ditugu".

Arizmendiarrietaren kide eta bere ideien egilea eta sustatzailea zen Jose Maria Ormaetxeak, zera baieztatu zuen: benetako gizarte demokratikoa izateko, hiru faktore batu behar direla: askatasuna, aukera eta informazioa. Etorkizuna gaur erein behar dugula argudiatu zuen.

Arizmendiarrietaren mezuek eta egintzek orain eta geroan, indar eta akuilu ditugu. "Hemen guztiok gara beharrezkoak eta gizatasuna, erantzukizuna, elkartasuna, hauexek izan behar lirateke gure bizibidearen zeinuak".

Herriak bere biztanleen portaeraren arabera bereizten direla-eta, borondateak batu beharko ditugu eta "herria egin" guzti hau azpimarratuz, zer garen eta zer nahi dugun izan? Hauexek, egin beharreko galderak. Gure ibilbidean, beti ere, pausu bat gehiago eman daitekeela, zioen Arizmendiarrietak.

Etorkizuna, ausardiaz eta erabakitasunez aurreikustea eta nahi duguna egiteko baldintzak sortzea izan zen Arizmendiarrietaren egitasmoa. Beraz, egiten dugunaren eragileak gara ."Aurreratu eta eraldatu, beti aurrera", zioen bere azken hausnarketan. Beraz, proiektuak balioan jarriz, ametsak egia bihurtzea izan behar litzateke gure ardura nagusia.

noticias de deia