Hegaluzearen arrantzaldiari ekin dio Bermeoko baxura flotako ontzi talde batek. Berdelaren kanpainan nahi baino emaitza makalagoak lortu ondoren, hegaluzea kazan harrapatzen duten ontziek Atlantikorantz egin dute lehen arrain sarden bila. Bide luzea dute aurretik. Izan ere, urteko lehen harrapaketak Azores uharteetatik hurbil egiten dituzte, Finisterre itsas muturretik 600 itsas milara eta euskal kostaldetik 900 milara, 1.600 kilometrora. Joan zen urtean harrapaketa onak lortu zituzten arrantzaldiaren lehen egunetan eta aurten ontzi ugarik aurreratu egin dute kosteraren hasiera. Ondo bidean, ekainaren hasierarako itxaroten dira urteko lehen hegaluzeak Kantauriko portuetan.

Urteko kanpainarik garrantzitsuena da hegaluzearena Bizkaia eta Gipuzkoako baxura flotako ontzientzat. Garrantzi hori biderkatu egiten da kazan aritzen diren ontzien kasuan. Izan ere, urteko irabazien zatirik handiena hegaluzearen arrantzarekin lortzen dute. Aurreko urtean euskal ontziek ia 9.000 tona harrapatu zituzten, Espainiako flotari dagokion kuotaren %55a baino gehiago. Kopuru horren zatirik handiena, 7.767 tona, Euskadiko portuetan saldu zuten. Gainerako 1.200 tonak, Asturias eta Galiziako portuetan lehorreratu zituzten.

Guztira, 8.430 tona saldu ziran iaz Gipuzkoa eta Bizkaiko portuetan, Irlandako arrastontzi pelajikoek eta Kantauriko baxura flotako beste ontzi batzuk lehorreratutakoa ere kontuan izanda. Arrainaren balioa 29,8 milioi eurokoa izan zen eta hegaluze kiloaren batez besteko prezioa 3,54 euro inguruan ibili zen. Getariako kofradiak jaso zuen kopururik handiena, 3.100 tona hain zuzen. Hondarribian 2.764 tona saldu ziren, 927 Bermeon, 837 Ondarroan eta 203 Pasaian.

Arrantzaleek baikortasunez ekin diote aurtengo hegaluzearen kanpainari. “Errekurtsoaren egoera ona dela diote biologoek eta geuk ere arrain asko ikusi dugu azken urteetan. Itxaron dezagun aurten ere kanpainak emaitza onak ematea. Nolanahi ere, itsasoan ezin da ezer aurreratu” adierazi du Bermeoko patroi batek hegaluzetan itsasoratu aurretik. “Aurten inoiz baino gehiago behar dugu hegaluzearen kanpaina ondo joatea -gaineratu du- berdelaren kostera makala izan da-eta. Ontzi gehienok ezin izan dugu gure kuota arrantzatu eta urtearen hasiera ez da bat ere ona izan guretzat”.

KUOTAREN IGOERA

Iaz baino hegaluze gehiago arrantzatu ahal izango du aurten Kantauriko flotak. Izan ere, ICCATek (Atantikoko Atunaren Zaintzarako Nazioarteko Batzordea) erabaki du %12,5 igotzea 2021 urterako harrapaketa muga, baliabidearen egoera osasuntsua dela baieztatu ondoren. Horrela, aurten 37.800 tona hegaluze arrantzatu ahal izango dituzte Atlantikoan eta Espainiako banderapean arrantzan egiten duen flotari 17.704 tona dagozkio, aurreko urtean baino 1.440 tona gehiago.

Gogoratu behar da azken urteetan arrantzaleek eten egin behar izan dutela hegaluzearen arrantzaldia urteko kuota agortuta. Aurreko urtean, Espainiako Gobernuak abuztuaren 18an itxi zuen kanpaina. Aurten, kuotaren igoerarekin, arrantzaldia luzatzea espero dute arrantzaleek. “Guretzat gogorra da porturako bidea hartu behar izatea itsasoa hegaluzez beterik dagoenean. Gainera, ontzi askok portuan lotuta geratu behar gara hurrengo urtera arte, zer arrantzatu ez dogulako. Aurten kuota handiagoa dugu eta ea kostera luzatzerik dugun” nabarmendu dute Bermeoko portutik.

COVID 19 birusaren aurkako txertoaren bigarren dosia hartuta itsasoratu dira euskal flotako arrantzaleak. “Dagoeneko txertoaren bi dosiak hartu ditugu euskal arrantza flotako kideok eta alde horretatik lasaitasun osoz ekingo diogu hegaluzearen arrantzaldiari” adierazi dute.

Beste alde batetik, baxura flotako ontzi gehienak antxoaren kanpainan murgilduta badaude ere, pentsa daiteke arrantzaldia ez dela askorik luzatuko. Izan ere, urteko lehen seihilekorako kuotaren %80, 19.100 tona, arrantzatuta zegoen maiatzaren 17rako. Ondorioz, 5.000 tona antxoa geratzen ziren arrantzatzeko aurreko astelehenean. Azken astean, Asturias aldetik ibili dira arrantzan Gipuzkoa, Bizkaia, Kantabria, Asturias eta Galiziako ontziak, bertako uretan tamaina handiko antxoa harrapatu dute-eta. Harrapaketak ugariak izan dira eta arrainaren prezioa ere ona izan da, antxoaren tamainaren arabera. Bi eta lau euro bitartean saldu da antxoa aste honetan Gijon eta Avileseko portuetan.

BIOMAN KANPAINA

Beste alde batetik, AZTI erakunde teknologikoko biologo talde bat antxoaren populazioa aztertzen ari da Bizkaiko Golkoko uretan, 1987tik urtero egiten duen legez. Bioman izeneko kanpaina Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako sailburuordetzak eta Europako Batzordeak finantzatzen dute. Bildutako datuak Itsasoa Ikertzeko Nazioarteko Kontseiluan (ICES) aztertuko dituzte urte amaieran.

Frantziako itsas ikerketarako IFREMER institutuak urtero egiten zuen Pelgas kanpaina bertan behera utzi ondoren, antxoaren egoera zehazteko eta hurrengo urteko harrapaketei buruzko gomendioak egiteko eskuragarri dauden datu zientifiko bakarrak AZTIk egiten dituen Bioman eta Juvena kanpainetan bildutakoak dira, arrantza ontziek lortutako harrapaketekin batera.

Aurreko urteko Bioman kanpainaren arabera, 330.000 tona antxoa zegoen itsasoan maiatzean, azterketa egiten denetik neurtutako kopururik handiena. Espeziearen iraunkortasuna bermatzeko gutxieneko balioa 21.000 tonako dela kontuan izanda, esan beharrik ez dago bokartaren ugaritasuna inoiz baino handiagoa dela.

Antxoaren kanpaina, euskal arrantza-sektorearen eta Kantauri osokoaren ekonomiaren oinarrietako bat da eta 1.000 arrantzale eta beste 3.000 pertsona pertsona bizi dira jardun horretatik.