Gipuzkoa, Bizkaia, Kantabria, Asturias eta Galiziako ontziek 26.544 tona antxoa arrantzatu ahal izango dutela zehaztu berri du Espainiako Elikadura, Nekazaritza eta Arrantza Ministerioak, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratutako ebazpenean. Antxoaren urteko harrapaketa muga 33.300 tonakoa da eta horren %90 Espainiari dagokio eta gainerako %10a Frantziari. Hasiera batean Kantauriko flotari dagokion kuota 29.700 tonakoa bada ere, kopuru horri 3.000 bat tona kendu behar zaio. Izan ere, kopuru horren zati bat 2009an berdelaren harrapaketa muga gainditu izanagatik jasotako isuna ordaintzeko erabiltzen du sektoreak. Beste alde batetik, Espainiak kuota lagapen bat egiten dio Frantziari urtero, Bizkaiko Golkoan antxoaren arrantza kudeatzeko bi estatuetako sektoreek adostutako akordioaren arabera. Bestalde, aurreko urteko kanpainako kon-tsumoaren behin betiko kopuruaren berri izan ondoren zehaztu du ministerioak aurtengo kuota.

Arestian aipatutako ebazpenaren arabera, antxoaren arrantzaldia datorren azaroaren 30era arte egongo da baimenduta. Hortik aurrera eta hurrengo urteko kanpaina abiatu arte, martxoaren 1era arte, nahi gabeko harrapaketak baimenduta egongo dira beste espezie batzuren arrantzan jasotakoak direnean eta kopurua %5a baino txikiagoa denean.

Beste alde batetik, antxoatan ari diren ontziak berriz itsasoratu ziren atzo astebete portuan geldirik egon ostean. Kofradiek arrantzaldia etetzeko erabakia hartu zuten ontziek antxoa gaztea besterik ez zutelako aurkitzen Bizkaiko Golkoaren ekialdeko aldean, Santandertik ekialderantz hain zuzen. Aurreko astelehenean, antxoa horren prezioa 20 zentimotik behera jaitsi zen. Egoera ikusita, arrantzaldian parte hartzen ari diren ontziak mendebalderantz abiatu ziren igande goizaldean arrain handiaren bila. Ribadesella parean aurkitu zituzten antxoa sardak eta arratsalderako zenbait on-tzik porturako bidea hartu zuten euren harrapaketak saltzeko. Porturatutako arrainaren tamaina kiloko 42-46 ale ingurukoa izan zen eta prezioa 1,60-1,40 euro inguruan ibili zan atzo arratsaldean El Muselen, Gijonen. 37 aleko partida txiki ba-tzuk euro biko langa gainditu zuten.

Berdelaren arrantzaldiari dagokionez, amuak erabiliz arrantzan egiten duten ontziak kuota harrapatu ezinik dabiltza. Arazoa ez da Bizkaiko eta Gipuzkoako ontziena bakarrik. Izan ere, gauza bera gertatzen ari da Kantabrian eta Asturiasen. Berdel eskasiaren erakusle da Bermeoko portuak atzo jaso zuen kopurua, 12.000 bat mila kilo baino ez baitziran saldu. Santoña, Santander edo San Vicente de la Barqueran ere berdel gutxi jaso zuten atzo.