Hilabete igaro da Euskadiko baxura flotak antxoaren arran-tzaldiari ekin zionetik eta lehen aste hauetan lortutako emaitzek ez dituzte pozik utzi arrantzaleak. Kopuru aldetik harrapaketak onak izan badira ere, porturatutako arrainaren tamaina nahi baino txikiagoa izan da eta ondorioz enkantean lortutako prezioa merkea izan da.

Arrantzaleek antxoa ugari aurkitzen dute astelehenero itsasoratzen direnean baina arrain gaztea da eta ez du balio kontserbarako. Freskotan bakarrik kontsumitu daiteke eta prezioa ez da ona. "Astelehenean porturatzen diren lehen ontziek bakarrik saltzen dute ondo euren arraina. Gainerakook ia oparitu egin behar dugu" dio Bizkaiko ontzi bateko patroiak. Izan ere, martxoan porturatutako antxoa gehiena, eurotik behera saldu da Hondarribia, Pasaia, Getaria, Ondarroa, Bermeo edo Santoñako kofradietan. Zenbait kasutan eta arrainaren kalitatearen eta porturatutako egunaren arabera -ostiralean freskotarako arraina ez da ondo saltzen-,18 zentimoraino jaitsi da antxoa kiloaren prezioa.

"Badakigu antxoa gaztea ez dala ondo saltzen eta merkatu mugatua duela, baina guretzat mingarria da gure arraina hain merke saltzea gau guztia lanean ibili ondoren. Prezio horregaz ez dugu gasoleoa be ordaintzen" nabarmendu du patroiak.

Matxitxakotik ekialderantz antxoa gaztea baino ez dagoela ikusita, euskal flotako ontzi gehienek mendebalderantz egin zuten iragan astelehenean, antxoa handia harrapa-tzeko asmoarekin. Euskadiko, Kantabriako, Asturias eta Galiziako hainbat ontzi bildu ziren Asturiasko uretan baina gaua ez zen oparoa izan ontzi gehienentzat. "Ontzi pilo bat batu ziren Gijonetik hurbil, Matxitxakotik 120 itsas milatara, baina gutxi batzuk baino ez zuten lortu antxoa harrapatzea. Arrain gutxi aurkitu dute baina tamaina onekoa" azaldu du Eusebio Arantzamendi, Ondarroako kofradiako presidenteak.

keska

Euskal arrantzaleak kezkatuta dauden bitartean, A Coruñakoek ezusteko oparia jaso dute azken egunetan. Izan ere, bertako ontziek antxoa handia harrapatu dute, hogeita hamar ale ingurukoa kiloan. Arrain hori kontserbarako erabiltzen da eta ondo saltzen da enkantean. Egun batean, 250.000 kilo antxoa porturatu zituzten eta batez besteko prezioa 2,5 euro inguruan ibili zen. Paradoxikoki, Galiziako ontzi gehienak Bizkaiko Golkora hurreratzen dira udabarrian berdela eta bokarta arrantzatzeko. Kontuak kontu, Galizian geratu diren ontziek bakarrik lortu dute tamaina oneko antxoa harrapatzea.

Bi hilabete luze geratzen dira antxoaren arrantzaldia amaitzeko eta ez dago esaterik zer gertatutako den hurrengo asteetan. "Ezin dogu ezer aurreratu. Sarritan, antxoa handia ez da agertu apirilaren erdiraldera arte. Azaleko ura be nahiko hotz dago, 13 gradutan, eta ilargi betea izan dugu azken egunetan. Nolanahi ere, azken urteotan gertatutakoaren arabera arrain gaztea baino ez dago gure uretan eta ale nagusienak Kantauriko mendebaldean agertzen dira" azaldu dute sektoretik.

Aste santuko egunak portuan lotuta egin ondoren, arrantzaleak berriz itsasoratuko dira datorren astelehenean. "Ez dugu aukerarik bazter-tzen. Astelehenean ikusiko dogu zer aurkitzen dugun gure uretan eta antxoa gaztea baino ez badugu aurkitzen, mendebalderantz egin beharko dugu arrain handiaren bila. Ez dago besterik. Kanpaina hau oso garrantzitsua da guretzat eta arraina dagoen lekura joan behar dugu".

Berdel gutxi

Beste alde batetik, gauzak ez doaz ondo berdeletan ari diren ontzientzat, amodun tertzak erabiliz arrantzan egiten dutenentzat hain zuzen ere. Arrantzaleak kezkatuta daude ez baitute arrainik aurkitzen itsasoan. "Kezkatzen hasteko arrazoiak ditugu. Egunero ateratzen gara itsasora eta gure harrapaketak oso urriak dira. Arrain gutxi aurkitzen dugu eta aurkitzen duguna itsas-hondoan dago. Ez dugu itxaropena galdu nahi eta pentsatu nahi dugu egoera aldatu egingo dala egun batetik bestera baina zoritxarrez, ez dago berdelik gure uretan" azaldu digu Josuk, Bermeoko ontzi bateko patroiak.

Berdelaren kanpaina beste urte batzuetan baino beranduago hasi da aurten. Nolanahi ere, inguraketa sarea erabiltzen duten ontziek -une honetan antxoatan ari direnek- ez dute inolako arazorik izan euren kuota arrantzatzeko. Egun gutxiren buruan, ontzi gehienek arrantzatuta zuten urteko berdel kuota eta antxoa arrantzatzeari ekin zioten buru belarri. Amodun tertzak erabiltzen dituzten ontziak, berriz, ezinean ari dira. "Aurtengo kanpaina ez doa ondo eta ontzi gehienek ez dute kuotaren erdia ere arrantzatu. Beste urte batzuetan, ez genuen inolako arazorik geure kuota arrantza-tzeko eta haserre ginen arrain asko uzten genuelako itsasoan. Aurten, ordea, apirilera heldu gara eta oso berdel gutxi arrantzatu dugu".

Flota honetako arrantzaleek ez dute itxaropena galdu nahi eta berdel sardak agertuko direla uste dute. "Itsasoko ura nahiko hotz dago eta itxaroten dugu berdel partida barriak sartzea hurrengo egunetan. Berdelagaz badakigu egoera goitik behera aldatu daitekeela egun batetik bestera". Azken egunetan, ontziek porturako bidea hartu dute ez zutelako arrainik aurkitzen. Astelehenean berriz itsasoratuko dira. "Ia gauzak aldatzen badira hurrengo asterako. Bestela, txarto ikustekoak gara. Berdelaren arrantzaldiak garrantzi handia dauka gure-tzat eta ezin gara geratu gure kuota arrantzatu barik. Ez dakit zer egingo dugun baina garbi daukagu mendebalderantz egin behar badugu, joan egingo garela. Hegaluzearen kanpaina amaitu zenetik hile asko igaro dira eta irabaziak behar ditugu". Berdelaren prezioak izan duen igoera da arrain eskasiaren erakuslerik onena.