Ondarroako portuko lonja barria eraikitzeko lanen lehenengo fasea amaituta dago eta dagoeneko baxura zein altura flotako ontziak eraikin berrian hasi dira porturatzen aurretik harrapatutako arraina. Horri esker, gaur egun erabiltzen den kai-eremua askatu daiteke proiektuaren bigarren faseari ekiteko. Aurreikuspenen arabera, 2023ko urtarrilerako amaituko dituzte lanak, 16.6 milioi euroko inbertsioarekin. Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak Ondarroako portuko arrain-lonja berrian izan zen atzo, eta arrantza-sektoreko ordezkariekin bildu zen Brexitaren osteko egoera aztertzeko. Bittor Oroz, Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordea, Zunbeltz Bedialauneta, Ondarroako alkatea, Aitor Etxebarria, Portu eta Itsas Gaietako zuzendaria eta Leandro Azkue, Arrantza eta Akuikultura zuzendaria ere izan ziren atzoko ekitaldian.

Ondarroako portua Kantauriko garrantzitsuenetako bat da deskarga kopuruari dagokionez, eta euskal kostaldean alturako eta baxurako ontziek harrapatutako arrainak jasotzen dituen portu bakarra da. Eraikin berria bi bloketan banatuta dago eta bi solairu ditu. Beheko solairua arrantza-jarduerarako erabiltzen da, eta iparraldeko hegala alturako arrantzatik datorren arraina jaso eta prestatzeko antolatu da. Hegoaldekoan, berriz, baxurako ontziek porturatutako arraina jasoko dute. Bien erdialdean, enkante gela dago. Enkante-gela berriak sistema informatikoa dauka eta bide elektronikoak erabiliz, portuan egiten diren bi arrain-enkante motak egiteko aukera ematen du. Baxurako arrainari dagokionez, salmenta beheranzko enkantean egiten da. Alturako flotak porturatutako arraina, berriz, goranzko enkantean eta multzoka saltzen da. “Azpiegitura honi XXI mendean behar zuena eman diogu: Lehen mailako sistema informatikoa, trazabilidadea izatea eta arrainaren ganeko datu guztiak era zehatzean eta denbora errealean izatea. Ez dugu esango Europako salmenta puntu onena izango denik baina onenetakoa bai inolako zalantzarik gabe” adierazi zuen Arantxa Tapiak atzo Ondarroan.

Salmenta-areto berriak bi salmenta aldi berean egiteko aukera ematen du, orain arte ezinezkoa zena, salmentak leku, espazio eta denbora desberdinetan egiten baitziren. Guztira 111 salmenta-postu digital daude, benteroen bi etxola, arraina zuzenean ikusteko lagin-lerro bat, bi mailatan ikusteko pantailak, arraina saltzeko software aurreratua eta benteroen postu bakoitzarekin konektatutako megafonia-sistema bat.

Sistema berri horrek aukera ematen du egindako eskaintza bakoitza erregistratzeko eta arrainaren salmenta-etiketak emateko, prozesuak optimizatuz, denborak minimizatuz eta produktuaren trazabilitatea uneoro bermatuz.

Brexitaren ondorioak

Bisitaren ondoren, Arantxa Tapia sailburua arrantza-sektoreko ordezkariekin bildu da Brexit-aren ondorioak eta Eusko Jaurlaritzak hartutako neurriak azaltzeko. Horrezaz gain, egoera berriak jarduera kaltetu ez dezan jarraitu beharreko urratsak aztertu dituzte. Datozen bost urteetan, Europako ontziek arrantzan jarraitu ahal izango dute Erresuma Batuko uretan, bertako ontzidiari arrantza-kuotak pixkanaka lagatzearen truke, harik eta% 25eko murrizketara iritsi arte. “Oso gertutik jarraituko dugu prozesua ahalik eta eragin txikiena izan dezan, eta alde batetik galtzen dena beste batetik berreskuratzeko” adierazi die Arantxa Tapiak arrantza sektoreko ordezkariei.

Eusko Jaurlaritzak datozen bost urteetan euskal flotaren kuoten jaitsierak izango duen eragina aztertuko du, baita Erresuma Batuko arrantza-ontzidiaren eskaintza handitzeak Europako merkatuan izango duen eragina ere.