Europako Batasuneko arrantza ministroek datorren urterako harrapaketa mugak finkatu behar dituzte urteko azken batzarrean, abenduaren 15ean hain zuzen ere. Nolanahi ere, oraindik ez dago garbi zer gertatuko den Erresuma Batuaren uretan Europako ontziek arrantzatzen dituzten espezieekin. Europako Batzordeak arrantza topeak ezartzeko urtero egiten duen proposamenean, aurten ez ditu sartu iparraldeko uretako lebatza, sapoa edota mihiarraina. Izan ere, Londresek eta Bruselak ez dute akordiorik adostu Erresuma Batuaren irteerarako eta ez dago batere argi zer gertatuko den urtarrilaren 1etik aurrera.

Izaskun Bilbao Barandika, Eusko Alderdi Jeltzaleko diputatua da Europako legebiltzarrean, eta hango arrantza batzordeko kidea. “Beti defenditu izan dugu arrantza mailako akordiorik ez badago ez dela akordio orokorrik izango. Egunak eta asteak aurrera doaz eta alde biek ez dute adostasunik lortzen. Gauzak ez daude argi eta ikusi egin beharko da zer gertatzen den datozen asteetan” dio Bilbaok.

Erresuma Batuko urak garrantzitsuak dira oso Europako arrantza sektorearentzat. Izan ere, bertan arrantzan egiten du Euskadi eta Galiziako altura flotako ontzi multzo batek, “Great Sole”ko uretan hain zuzen ere. Bestalde, Frantzia, Herbereak eta Belgikako flotek ere, Londresen kontrolpean dauden uretan arrantzatzen dute. “Boris Johnson eta bere gobernua presio izugarria jasaten ari dira Britaina Handiko arrantza sektoretik. Hango uretako arrainak bertako arrantzaleentzat izango zirela agindu zien Johnsonek Brexitaren aldeko kanpainan eta orain emandako hitza betetzeko eskatzen diote” azaldu du Izaskun Bilbaok. Azpimarratzekoa da, Brexitaren erreferendumean Britainia Handiko arrantza-flota dagoen eremu gehienetan Europako Batasunetik irtetzearen alde bozkatu zutela.

Gaur gaurkoz, ez dago akordiorik Londres eta Bruselaren artean eta baliteke Erresuma Batuko uretako atea itxita egotea Europako flotarentzat datorren urtarrilaren 1etik aurrera. “Europako legebiltzarreko arrantza batzordean lanean ari gara akordioa egon dadin baina orain arte garbi geratu da gauzak asko zaildu direla” nabarmendu du Eusko Alderdi Jeltzaleko eurodiputatuak. “Nolanahi ere -gaineratu du- akordiorik lortzen ez bada eta Erresuma Batuko uretan arrantzan egiteko aukera bertan behera geratzen bada, Bruselak diru laguntzak aurreikusi ditu kaltetutako ontzientzat”.

Britainia Handiko arrantzaleek eurentzat bakarrik nahi dituzte euren urak baina arrantzatzen dituzten produktuak Europako merkatuan saltzeko aukerari eutsi nahi diote. Europako Batasuneko arrantzaleek, ordea, eskatzen dute Arrantza Brexit-aren negoziazioak baztertu egin behar dituela Arrantza Politika Bateratuak Erresuma Batuari 1983tik ematen dizkion pribilegioak.

“Europako Batasunak historikoki britainiarrei esleitu dizkien arrantza kuota gehigarriak 100 milioi euro baino gehiago izan dira urtean azken hamar urteetan” adierazi du Gerard van Balsfoortek, Europako Arrantza Batasuneko presidenteak. Haren esanetan, “Erresuma Batuak Europako Batasuneko kide gisa jaso zituen onura horiek, eta alde egitea erabaki duenez, ezin ditu mantendu. Beraz, edozein negoziazioren abiapuntuak baztertu egin behar ditu”.

Akordioa Senegalekin

Beste alde batetik, Europako legebiltzarrak argi berdea eman dio Senegal eta Europako Batasunaren arteko akordioari. Lortutako itunaren garrantzia azpimarratu du Izaskun Bilbaok. “Akordio hauek oso garrantzitsuak dira gure arrantza-industriari eusteko, tokiko industriarekiko lankidetza-eragiketak indartzen dituzte, sektorean lan egiten duten emakumeak ahalduntzen dituzte eta aitortu eta arautu gabeko arrantzaren aurkako nazioarteko borrokan laguntzen jarraituko dute”.

Sinatutako akordioaren arabera, Europako berrogeita bost ontzik arrantzatu ahal izango dute Senegaleko uretan, tunidoak batez ere. Ontzi horietako asko Euskal Herrikoak dira.

Horren truke, Europako Batasunak urtero 1,7 milioi euro ordainduko dizkio Afrika mendebaldeko estatu honi. Dirutza horren erdia, bertako arrantza sektorea garatzeko erabiliko dute. “Akordio horren balio nagusia da euskal industria, jasangarria, berritzailea eta kalitate handiko produktuak merkaturatzen dituena, babesten duela. Bestalde, tokiko industriari ere laguntza emango zaio, eta emakumeek industria horretan duten posizioa hobetuko da. Senegalen bereziki, hori oso garrantzitsua izango da gaur egun ekonomia informalean dauden jarduera asko egonkortu eta sendotzeko” nabarmendu du Bilbaok.

Senegal edota Seychellesekin lortutako akordioek, legez kanpoko, aitortu gabeko eta arautu gabeko arrantzaren aurkarako borrokan duen garrantzia azpimarratu du Eusko Alderdi Jeltzaleko eurodiputatuak. “Akordio horiei esker, arrantzaleku garrantzitsu horietan jasangarritasun estandarrak aplikatuko dira, Europako ontziek bete behar dituztenak, eta itsasoa kontrolik gabeko harraparitzatik babesten dutenak. Hori oso albiste ona da mundu osoan legez kanpoko, aitortu gabeko eta arautu gabeko arrantzaren aurka borrokatzeko”.