bermeo - Europar Batasuneko arrantza flotak aurreko urtean baino %21 atun moja-patudo gutxiago harrapatu ahal izango du 2020an. Atun atlantikoaren zaintzarako nazioarteko batzordearen (ICCAT) batzar nagusian hartu dute erabakia espeziaren berreskuratzea lortzeko asmoarekin. 2020an hasi eta 2034ra arte iraungo duen patudoaren hamabost urteko errekuperazio programa jarri dute abian. Biologoek egindako azken ikerketek garbi erakutsi dute stockaren egoera larria dela eta gehiegi ustiatuta dagoela. Izan ere, azken urteetan Atlantikoan arrantzatutako atun moja kopurua, baimendutakoa baino %20 handiagoa izan zen. Atun hegal horiaren kasuan ere, urteko harrapaketa muga gainditua izan da azken urteetan. Datorren urteko topea 110.000 tonakoa izango da espezie horrentzat.

ICCATek murriztu egingo du urteko harrapaketa kopurua eta onartutako araudi berriaren arabera, datorren urteko harrapaketa muga 62.500 tonakoa izango da eta 61.500 tonakoa 2021ekoa. Espainiako banderapean arrantzan egiten duten ontziei dagokienez, 7.381 tona arrantzatu ahal izango dituzte datorren urtean, aurten baino 2.034 tona gutxiago. Jaitsierak eragin zuzena izango du Bermeoko atunontzi izoztatzaileetan eta Mauritaniako uretan kainaberekin eta beita biziarekin arrantzatzen duten baxurako Gipuzkoako ontzietan.

2016tik indarrean zegoen tunido tropikalak kudeatzeko araudia aldatzea adostu du ICCATek. Gaur egun, ICCATen zazpi herrialdek baino ez dituzte kuotak esleituta, eta gainerakoek ez dute harrapaketa-mugarik. Hori dela eta, atun mojaren harrapaketa muga gainditua izan da azken urteetan, flota berriak sartu direlako. Araudi berriarekin ordea, flota bakoitzak bere urteko kuota izango du eta ezingo du gainditu. Harrapaketa muga guztiak jaitsi egingo dira: %21 herrialde garatuen kasuan, %17 garatzen ari diren eta harrapaketa maila handiak dituzten kostaldeko herrialdeen kasuan eta %10 garatzen ari diren eta harrapaketa maila txikiak dituzten kostaldeko herrien kasuan.

Harrapaketen murrizketaz gain, arrain gazteen gaineko arrantza presioa jaitsi nahi dute ICCATetik. Helburu horrekin, murriztu egingo dituzte arrainak biltzeko gailuen kopurua. Gaur egun ontzi bakoitzak 500 gailu eduki ditzake martxan itsasoan. Datorren urtean, ordea, ontzi bakoitzak gehienez 350 gailu erabili ahal izango ditu eta 300 soilik 2021. urtean. Ontzi laguntzaileen kopurua ere murrizteko asmoa agertu dute ICCATen batzar nagusian.

Beste alde batetik, aldi baterako debekualdia ezarri dute 2020. urterako. Datorren urteko bi hilabetetan debekatuta geratuko da arrantzan egitea Atlantiko osoan arrainak biltzeko gailuak erabilita. Debekualdi hori hiru hilabetekoa izango da 2021. urtean. Orain baino lehen debekualdian ezarri izan baziren ere, Afrikako mendebaldeko kostaldeko zenbait gunetara mugatu ziren. Bestalde, gogoratu behar da aurten Espainiako gobernuak eten egin zuela atun mojaren arrantzaldia 3.000 tona geratzen zirenean kuota agortzeko. Ondorioz, arrantza ontziak geldirik egon behar izan zuten portuan uztaila osoan.

Leandro Azkue, Eusko Jaurlaritzako Arrantza eta Akuikultura zuzendariaren ustetan, atun mojaren arrantzaldiaren kudeaketarako hartutako erabakiak murriztaileak izan arren, balorazio orokorra ezin da “hain txarra” izan.

“Harrapaketa mugak jaitsi egin dira, ontziak biltzeko gailuen kopurua ere bai, debekualdi zabalagoak ezarri dituzte, baina egia esateko eta mahai gainean zeuden proposamenak ikusita, ezin dugu balorazio hain txarra egin. Izan ere, herrialde batzuk neurri are gogorragoak proposatu zituzten bai harrapaketa mugak gehiago murrizteko eta baita debekualdi luzeagoak ezartzeko” adierazi du Jaurlaritzako ordezkariak.

Atunontzi izoztatzaileen sektorea arduratuta agertu da ICCATen hartutako erabakiekin. “Guztiok nahi dugu atun mojaren stocka osasuntsu egotea baina hartutako erabaki guztiak oso murriztaileak dira. Harrapaketa mugak jaisteaz gain, arraina biltzeko gailuen kopurua ere murriztu egin dute.

Hori gutxi balitz, debekualdiak Atlantiko osora zabaldu dira eta horrek zeharo baldintza dezake gure ontzien jarduna. Zimarroia azaltzen ez bada, txarto ibiliko gara” diote sektoreko iturriek.