BILBO. Eusko Jaurlaritzako Ekonomi Garapen eta Azpiegitura Saileko eta SPRI Taldeko arduradunek -Arantxa Tapia sailburua buru zutela-, enpresa eta startup parte-hartzaileetako ordezkariek eta inbertitzaileek (guztira 300dik gora parte-hartzaile) ekimen honen lorpenen balantzea egin dute eta bere nobedadeak aurkeztu zituzten, programak gero eta interes handiagoa pizten baitu startupen eta euskal konpainia trakziogile handien artean.

2016an abiarazi zen BIND 4.0, topagune izateko startup berritzaileentzat -ez bakarrik Euskadikoentzat, deialdia nazioartekoa baita- eta Euskadin kokatuta eta errotuta dauden enpresa handientzat. Aukera paregabea da euskal industriaren eraldaketa digitala bultzatzeko eta, aldi berean, ekimen berritzaileen finkapena azeleratzeko, benetako proiektuak garatuz erreferentziazko bezeroekin.

Atzo eman zen ezagutzera BIND 4.0 ekitaldiaren laugarren edizioaren nazioarteko deialdia, zeinak nobedade handiak baitakartza. Batetik, ez dira 40 enpresa trakziogile egongo, baizik eta 52. Hala, Euskadin kokatutako erreferentziazko konpainiak (Ferrovial, EDP, AVIA, SNA Europe edo Saralle) gehituko zaizkie beste izen garrantzitsu batzuei, hala nola, hauei: Mercedes-Benz, Arcelor, ABB, Iberdrola, Michelin, ITP Aero, CAF, BTI, Quirón edo Siemens Gamesa.

Bestetik, elikadura sektorea ere sartuko da deialdi berrian. Hala, Foodtech sektore gorakorrak bat egingo du BIND 4.0 programaren aurreko edizioetan landu diren beste hiru eremuekin: Fabrikazio Aurreratua, Energia eta Osasuna. Zentzu horretan, Euskadin kokatutako hainbat konpainiak aurten parte hartuko dute lehenengoz konpainia trakziogile bezala eta beren eraldaketa digitala bultzatuko dute startupekin batera lan eginaz. Hauek dira: Coca Cola, Unilever, Eroski, Grupo Uvesco, Angulas Aguinaga, Natra eta Okin.

Azkenik, jakinarazi da Bind 4.0 Venture Club sortuko dela, azeleragailuaren espezializazioarekin lerrokatutako inbertitzaileen klub bat, zeinak helburutzat izango baitu azeleragiluaren laguntza-zerbitzuak indartzea eta harremanak sustatzea programan parte hartzen duten startupen eta inbertsio-erakunde espezializatuen artean, finantzaketa-aukera berriak bultzatuz enpresa berrien garapena azeleratzeko.