BILBO. CAFek eraikitako tranbia “estraluzeak” Gasteiztik zirkulatzen hasiko dira datorren udazkenean. Arantxa Tapiak unitate e berrien ekoizpena ikusi ahal izan du Irungo CAF lantegian. Topaketan izan dira Antonio Aiz Azpiegitura eta Garraio sailburuordea, Imanol Leza Euskotreneko zuzendaria, Josu Imaz CAFeko Ibilgailuen zuzendari nagusia eta Josu Esnaola CAFeko zuzendari nagusi komertziala.

Zerbitzua ematen hasi zenetik etengabeko hazkundea ezagutu duen eta 2018an 8,3 milioi erabiltzaile baino gehiago izan dituen Gasteizko tranbia hiriko garraio publikoaren eta mugikortasunaren ardatz egituratzailea bilakatu da.

Tranbiak lortu duen toki garrantzitsuak justifikatzen du, besteak beste, Unibertsitatera luzatzea, eta baita Salburuara eta Zabalganara luzatzea ere. Aldi berean, Euskotrenek eskainitako plaza kopurua handitu behar du, urte honetako azken hiruhilekorako planifikatutako hegoaldeko luzapena martxan jartzearen ondorioz, eta baita erabiltzaile eskari handiaren ondorioz ere.

Une honetan, tranbiak bost unitateko trenak ditu zirkulazioan. Bidaiari gehieneko orduetan eta ekitaldi bereziak daudenetan unitateek gainezka egiten dute, bidaiari asko jasotzen dituztelako, eta asko izan ohi dira sartu ezinik geratzen diren erabiltzaileak. Hori guztia dela eta, Euskotrenek egungo zerbitzuaren ahalmena handitzea eta prestazioak hobetzea erabaki du.

Konpainiak 7 ibilgailu artikulatu arin eskuratuko ditu, CAFek egindakoak Irungo lantegian. Tranbia berriak eskuratzeko 25 milioi euro inguruko aurrekontua bideratu da.

Tranbia berrien onurak

Egokitzapen horri esker, 270 pertsonarentzako ahalmena duen 5 kotxeko ohiko tranbia, 400 pertsona eraman ditzakeen 7 kotxeko tranbiara handituko da.

Tranbia “estraluzea” %100 solairu baxuko ibilgailua da, noranzko bikoa, sartzeko 16 ate izango ditu (8 alde bakoitzean), eta unitate bakoitzean 58 eserleku gehi 6 eserleku tolesgarri (mugikortasun urriko pertsonentzako 4 guneetan). Tranbiaren azalera osoa altuera bakarrean dago, eta horrek sarbidea errazten die mugikortasun urriko pertsonei, gurpildun aulkien erabiltzaileei edo ume jaioberrien autoekin doazenei.

Horri esker, gero eta tranbia erabiltzaile eskari handiagoari erantzun ahal izango zaio, izan ere, bidaiari gehieneko orduetan beteta joaten da. Behar horiei erantzuteko, aukera onena zerbitzu bakoitzean plaza gehiago eskaintzea da. Horrek trafikoarekin eta hiriko barne funtzionamenduarekin hobeto egokitzeko aukera ematen du.

Maiztasunak handitzeko aukeraren aurrean, tranbien ahalmena handitzea erabaki da, izan ere, 5 kotxekoak izatetik 7 kotxekoak izatera igaroz, eskaria modu eraginkorrean arindu daiteke.

Geralekuak unitate berrietara egokitzea

Aldi berean, geralekuak unitate berrietarako handitzeko edo egokitzeko lanak ari da gauzatzen ETS. Gaur egun gasteiztarrei zerbitzua ematen dieten geralekuek egokitzapen lanak eskatzen dituzte, eta lan horiek Udalarekin koordinatuta ari dira egiten.

2,6 milioi euroko aurrekontua eta 11,5 hilabeteko epea duten lanak hasi dira jadanik. Horrez gain, proiektuaren barruan geralekuak mugikortasun urriko pertsonen kolektiboek eskatzen dituzten eta 2018ko otsaileko EJEGaren epaian jasotako irisgarritasun beharretara egokituko dira. Horiek kontuan izanda, 1,8 metroko tartea utzi beharko da libre markesinen albo bakoitzean.

Une honetan, Lakua Adarreko Ibaiondo, Landaverde eta Lakua Bizkarra geralekuetan ari dira lanak egiten. Ibaiondon, hamar egun barru kendu egingo da egungo bloke teknikoa, nabarmen txikiagoa den berria sartzeko. Astelehen honetan, maiatzaren 20an, bertan, hasiko dira Abetxuko adarreko Intermodal eta Forondako Atea geralekuetako egokitzapen lanak.

Eusko Labela duten nazioarteko tranbiak

CAFek Urbos izeneko tranbia lerro propioa garatu du. Dagoeneko hainbat hiritan ikus daitezke unitate horiek, konpainiaren nazioarteko esperientzia zabalaren erakusgarri. Gasteizen egongo diren tranbiak ere horren barruan daude eta ez da CAFek konfigurazio horretako tranbia estraluzeak egiten dituen lehen aldia. Horrela, adibide gisa, Budapesteko kasua daukagu. 2014ko martxoan, CAFek lehenengo kontratua sinatu zuen BKKrekin (Budapesti Közlekedési Központ), Budapesteko hirian garraioaren ardura duen enpresarekin. Kontratu horren barruan 47 tranbia hornitu behar ziren (5 moduluko 35 tranbia eta 9 moduluko 12 tranbia). Guztiak ere dagoeneko eginda daude eta bidaiari zerbitzu komertziala eskaintzen ari dira.

2017. urtearen amaieran bezeroak CAFen jarritako konfiantza berretsi zuen, eta beste 26 tranbia egiteko agindua eman zion (5 moduluko 21 tranbia eta 9 moduluko 5 tranbia). Une honetan Irunen ari dira egiten, Gasteizko unitate berriekin batera.

56 metro luze diren bederatzi moduluko tranbiek 562 bidaiari garraia ditzakete, eta munduko luzeenetakoak dira.