BILBO. Euskal konpainiak jakinarazi duenez, lankidetza publiko-pribatuko proiektuak Purple linearen diseinua, eraikuntza, ustiapena eta mantentzea hartzen du barne osoko 5.600 miloi dolarreko balioarekin, 2.000 miloi dolarreko eraikuntza proiektua barne, hau da, AEBen historian izan den lankidetza publiko-pribatuko garraio publikoko egitasmorik handienetarikoa.

Purple Line metro arineko linea Montgomery Konderriko Bethesda hiritik Prince George Konderriko New Carrollton hirira arte hedatzen da. Konexio zuzena ahalbidetzen du Washingtongo Metroko linea gorri, berde eta laranjarekin, eta Marc eta Amtrak aldirietako lineekin, hala nola autobus zerbitzu lokalekin ere. Guztira, 21 geltokiren eraikuntza aurreikusi da 16,2 miliako ibilbidean, "trenbide operazio seguru eta fidagarria ziurtatuz Maryland estatuan".

CAFek lantegi bat dauka AEBetan, Elmira hirian (New York), eta azken urteetan hainbat proiektu burutu ditu herrialde horretan. Horien artean, nabarmentzekoak dira Washington (WMATA) hiriari emandako 96 unitateak, Kaliforniako hiriburua den Sacramentorentzat egindako 40 tren arinak, eta PAAC bidaiarien garraio erakundearentzat 28 tren arin berri fabrikatzeko eta 55 tren zaharberritzeko proiektuak, Pittsburgh hirian (Pennsylvania).

Gaur egun, CAF buru-belarri dabil Amtrak operadorearentzako 130 bidaiari kotxeen hornidurarako fabrikazioan eta Boston hiriko tranbien egitasmoan, MBTA erakundearentzat. Berriki, Houstoneko Metroko unitateen eta Cincinnati eta Kansas City hirietako tranbien hornidurak egin ditu CAFek. Orotara, eta kontratu berri hau kontuan izanik, CAFek AEBetangaratutako proiektuen balioa 1.800 milioi eurotik gertu dago.

AUSTRALIA

AEBetan lortutako kontratu berri horri, Transport for New South Wales (TfNSW) erakundearekin lortutako hitzarmena gehitu zaio; horren arabera, sei tranbia hornituko dira Australiako Newcastle hirian eraikiko den eta 2018an entregatzea aurreikusita dagoen sare berrian zerbitzua emateko. Egitasmo hau, lehendik CAFek burututako beste proiektu baten ondoren dator, zeinaren arabera, 12 tranbia hornituko baitira alboko Sydney hirirako. Unitate hauek zerbitzu komertzialean dabiltza egun.

Tranbiok, URBOS tranbia familiaren parte izanik, estetika modernoa, puntako ekipamendua eta irisgarritasun maximoa bateratzen dituzte, erosotasuna, errendimendua eta operazio eta mantentze erraztasuna kaltetu gabe. Plataforma honetako ibilgailuak Alemania, Brasil, Estatu Batuak, Frantzia, Erresuma Batua, Hungaria, Serbia, Suedia eta Taiwan bezalako herrialdeetan dabiltza dagoeneko.

Modu honetan, AEBetan eta Australian lorturiko bi kontratu berri hauek CAF konpainiaren eskabide zorroa ia 200 milioi eurotan gehituko dute.