Bilbo, Eusko Label Ligaren eta Euskotren Ligaren jokaleku

Itsasadarrean jokatuko dira XII. eta III. Bilboko Bandera – Bandera de Bilbao, erlojupeko formatuan

28.07.2021 | 15:12
Bilbo, Eusko Label Ligaren eta Euskotren Ligaren jokaleku

Eusko Label Liga eta Euskotren Ligak aurrera doaz egutegian ezarritako bidean, eta Bilboko Itsasadarrera iritsiko dira, lehen lehiaketa-hilabeteari amaiera emanez. Erlojupeko formautan jokatuko da, eta beraz, emakumezkoen lau traineruak bata bestearekin minutu bateko tartean aterako dira, eta berdin egingo dute gizonezkoen hamabi traineruak, launa hiru txandatan banatuta.

Gaur goizean aurkeztu dira Bilboko Udalean XII. eta III. BIlboko Bandera – Bandera de Bilbao, larunbatean jokatuko direnak. Aurkezpenean izan dira Itxaso Erroteta Bilboko Udaleko Gazteria eta Kirol Saileko zinegotzia eta Borja Rodrigo ACTko Presidentea.

Errotetak adierazi duenez, Bilborentzat, larunbateko kirol-ekitaldia "urteko handienetakoa da", eta gogorarazi du lehiaketa horrek aurten ere lau protagonista izango dituela, "kirola, emozioa, tradizioa eta erantzukizuna"; alde horretatik, bada, zinegotziak zera nabarmendu du: "sanitate-egoerak guztiok behartzen gaitu erantzukizunez jokatzera oraindik ere, bai banako moduan, bai kolektibo moduan; indarrean dagoen araudia bete behar dugu, koronoabirusaren hedatzea amaiarazteko".

Bestalde, Rodrigok eskerrak eman dizkio Bilboko Udalari "berdintasunaren balioak" biltzen dituen "lehen mailako" ekitaldi "egonkor" baten alde egiteagatik. ACTko presidenteak itsasadarra estropada eremu gisa nabarmendu du "irudien ikusgarritasunagatik, hiriko kale eta eraikin esanguratsuenen barruan". Azkenik, Borja Rodrigok gogorarazi du Bilboko Bandera "berezia" dela, "erlojupeko formatuko estropada bakarra delako".

Jardunaldia 17:55ean hasiko da, Euskotren Ligako lau traineruekin, sailkapen nagusian duten hurrenkerari atzetik aurrera jarraituz, eta hala lehiatuko dira III. Bilboko Bandera irabazteko. Ohiko ibilbidea egingo dute, Udaletxearen parean hasi eta Deusturaino iritsiko dira, hiriko lekurik ospetsuenetatik igaroz, hala nola Zubizuri eta Guggenheim Bilbao Museoa, besteak beste.

Behin emakumezkoen txanda amaiturik, Eusko Label Liga estropadaren momentua izango da. Emakumeen formatu berean, sailkapen nagusiko hurrenkerari atzetik aurrera jarraituz aterako dira, lau traineruz osatutako hiru txandatan, Bilboko XII. bandera jokatuz.

Antolatzaileek sanitate-segurtasuneko neurri guztiak betetzeko eskatu dute, eta dei egin die zaletuei estropadak EiTBren plataformen bidez ikusteko (Telebista, web-a eta irratiak), edo lehiaketaren aplikazio edota sare sozial bidez jarraitzeko.

noticias de deia