Egindako lanak emaitzak eman ditu. Bizkaiko Irristaketa Federazioak, klubek eta gurasoek elkarrekin egindako ahaleginari esker, nesken hockey jardunaldiak egonkortu egin dira, oso denbora gutxian, gainera. Neskak poz-pozik daude; izan ere, liga mistoko partidak jardunaldiekin tartekatzen dituzte. Baina gehiago nahi dute. Beren liga ofiziala izan nahi dute, eta buru-belarri dabiltza hori lortu nahian. Bidea zaila da, hala ere.

Jardunaldiak duela bost urte inguru hasi ziren, helburu argi batekin: Liga mistoan jokatzen zuten neskak biltzea, elkar ezagutu eta sarea ehuntzen joateko. Gainera, beste motibazio bat eman nahi zitzaien, kirol-jarduera aldez aurretik ez uzteko. Horretarako, lehen urteetan hainbat entrenamendu eta teknifikazio jardunaldi antolatzen ziren, eta ez zegoen lehiarik. Besterik gabe, elkarrekin entrenatu eta teknika hobetzen zuten.

Iaz, federazioak beste urrats bat eman zuen eta nesken hockeya sustatzeko jardunaldien proiektua sortu zuen. Entrenamenduez gain, partidak jokatzen hasi ziren. Ez zen zehazki liga bat, baina, behintzat, jokalariek partida batzuk jokatzen zituzten, igandeetan. "Gai hori lantzeko batzorde bat sortu genuen, eta hasierako helburuak bete ditugula ohartu gara. Neska kopurua handituz doa urtez urte, eta sustapen jardunaldiak arrakastatsuak izaten ari dira. Hala ere, oraindik ez dago neskatila nahikorik talde osoak egiteko", azaldu du Modesto Marínek, Bizkaiko Irristaketa Federazioako patin-hockeyaren batzordeko arduraduna.

Jardunaldien antolaketari dagokionez, neskak honela banatu dira: Bi maila ezarri dira klubetako jokalariekin taldeak egiteko. Lehenengo mailan 2008 eta 2011 urteen artean jaiotakoak sartu dira, eta bigarren mailan 2004 eta 2007 urteen artean jaiotakoak. Gainera, egutegian sei jardunaldi jaso dira, hiru maila bakoitzerako; bi hilabetean behin egiten dira, igandez. Bestalde, azken jardunaldian All Stars deituriko jokoak antolatzen dira. Taldeetako jokalariak nahasten dira, beste berri batzuk eratuz. Partida bakoitza hiru denboratara jokatzen da, bakoitza 10 minutukoa. Parte-hartzaileak hauek dira: Urdaneta, Loiola Indautxu, Gatikako Iusturi, Gurutzeta, MSK Mungia, Olarizu, Getxo Irristan eta Santutxu.

Ekimenak emaitza onak izan ditu. Hori horrela izanik, federazioak zein klubek datorren urtean nesken liga sortzeko aukera planteatu dute. "Gurasoak poz-pozik daude, asko gustatuko litzaieke nesken liga eratzea, baita klubei ere. Arazoa taldeen eraketa da, baina horretan ari gara lanean", esan du Marínek.

Jokalari kopurua gehien handitu den kategoria benjaminena izan da. Gero eta neskatila gehiago animatzen da hockeya praktikatzera, eta horren arrazoietako bat Netflixek emandako TV3 kateko serie bat da. Soy Luna serieari esker neska asko gerturatu ziren irristaketa artistikora, baina Las del hockey izenekoak ere eragina izan du. Kataluniako serie horrek patin-hockeyan ibiltzen diren zazpi neska eta horien entrenatzailearen istorioa kontatzen du. Patí Minerva klubeko nesken taldea salbatu nahi dute eta, era berean, talde barruan zein taldetik kanpo beren lekua bilatzen saiatzen dira. Serieak, gainera, kirol hau hobeto ezagutzen laguntzeko balioak zabaltzen ditu. "Agian ez du lortu Soy Lunak izan zuen indarra, baina kirol hau ikusarazteko erakusleiho egokia da, dudarik gabe", esan du Marínek.

Bestalde, beste modalitate batzuk hasi dira bidea egiten sustapen jardunaldiei eta hastapen ikastaroei esker. Roller freestyle delakoari buruz hitz egin dugu orain arte ere. Modalitate horrek aurrerapauso handia eman du eta eskola kirolaren programan sartu da. Pasa den igandean lehenengo jardunaldia egin zen Txurdinagako skateparkean. Kasu honetan, ikastaroak izan dira bultzada eman diotenak. Lineako hockeyaren kasuan ere, sustapen lanak egiten ari dira, ate irekien egunak eta eskoletako jardunaldiak antolatuz.

Nesken hockeyak bere liga propioa izango du, ziur. Hastapen jardunaldiekin aurrerapauso handia eman da, eta jarduera nahiko sendotuta dago. Animo, lortuko duzue eta!