Atzera begiratzea ezinbestekoa da jarduera honen garapena ulertzeko; eta, noski, izandako bilakaera nabarmendu behar dugu. Duela urte gutxi batzuk arte, "nesken kirolak" eta "mutilen kirolak" zeudela ematen zuen. Baliteke hori oraindik mantentzea, baina modalitate batzuk genero-etiketak gainetik kentzeko lan egiten ari dira: Futbola, gimnastika erritmikoa, igeriketa sinkronizatua, patinaje artistikoa, hockeya edota esku-pilota horien adibide ba-tzuk dira. Azken kirol hori nesken kategorian nabarmentzen hasi da, batez ere federatuen artean, baina eskola umeen artean ere harrobia sortzen ari da, Bizkaiko federazioak antolatzen dituen kontzentrazioei esker.

Proiektua duela zazpi urte jarri zen martxan, gutxi gora behera, eta patinaje federazioak eskola hockeyan garatutako ekimenaren antzeko zerbait izan zen. Modalitate bietan zeuden neskak, baina ez ziren nahikoak liga propioa egiteko, beraz, topaketa horiek antolatu zituzten, txapelketa mistoan parte hartzeaz gain, elkar ezagutu, jolastu eta entrenatzeko modua izateko.

Esku-pilotaren kasuan, ohartu ziren neska gutxik jokatzen zutela, beraz, egiteko zaila zirudien. Hala ere, apurka-apurka nesken txapelketa federatua sortu zen, eta kirol hori praktikatu nahi zuten neskek aukera ikusi zuten. Emakume Master Cup izeneko txapelketa orain arte ezezagunak izan diren jokalarien-tzako eszenatoki paregabea izan da, hala nola Patri Espinar eta Leire Etxanizentzat. Neska horiek eta beren kideak eredu bihurtu dira pilotaren munduan lehen urratsak ematen ari diren neskatilentzat. "Txapelketa federatuei esker, neskek eredu bati jarraitu ahal diote. Haiek ere, egunen batean, maila horretara hel daitezkeela ikusten dute. Gainera, komunikabideetan ere lekua egin zaienez, errazagoa da anima tzea", esan digute pilota federazioan.

Urte honetarako sei kontzentrazio eta maiatzeko finala daude programatuta. Denak jokatuko dira Bizkaiko frontoian; izan ere, haientzat oso motibagarria da profesionalek joka-tzen duten lekuan entrenatzea. Bigarren topaketara berrogei neska inguru bertaratu ziren; kopurua nahiko altua da, kontuan izanda ekimenak izan duen bilakaera. Federazioak emandako datuak eskuetan, 2016-2017 denboraldian 17 pilotarik soilik eman zuten izena. Hurrengo urtean, kopurua 26ra igo zen, eta aurten 40ra heltzea lortu da. Pilotari guztiak ez dira kontzentrazio guztietara joaten, baina egia da horietako bakoitzean hogeita hamar inguru izaten direla.

Federazioak adierazi du, gainera, eskola mailako nesken txapelketa bat sortzea errealitate bihur daitekeela denborarekin. Hala ere, oraindik ekimen hori lantzen ari dira, antolakuntza nola bideratu daitekeen aztertuz. "Klubekin eta gurasoekin hitz egin behar dugu; nola egingo dugun jakiteko. Pilotarietako batzuek txapelketa mistoan joka tzen dute, baina arazoak dituzte pilotarekin. Horregatik, kontzentrazioetan zein etorkizuneko txapelketan egokitutako pilota bat erabiliko dugu, denak ohitzen joateko. Benjamin aurreko kategorian hasten badira, pilota aldatu egingo diegu. Gainera, banakako txapelketa bat eta bikotekako beste bat antolatu nahi ditugu".

Hala ere, ekimen horren oinarrietako bat neskatilen gurasoak dira. Pasa den denboraldian inkesta bat egin zitzaien eta oso modu positiboan baloratu zuten proiektua. Aurten, Bizkaiko erakundeak esperien-tzia errepikatuko du berriz. "Gurasoek ekartzen dituzte neskak kon tzentrazioetara. Batzuek bide luzeagoa daukate Bilboraino. Sestao, Barakaldo, Sopela, Leioa, Arrigorriaga, Basauri eta Galdakaoko pilotariak ditugu, baina beste batzuk urrunagotik datoz, hala nola Arrankudiaga, Mallabia, Igorre edo Markinatik. Denon laguntzarekin, kontzentrazioek eta ligak aurrera egingo dute", esan dute federazioko kideek. Gainera, esku-pilotako kontzentrazioen bidez, pilotariek aukera dute zesta edo goma paletaren arloan antolatzen direnetara joateko.

"Jardunaldiak egun desberdinetan antolatzen saiatzen gara, bietara joateko aukera edukitzeko. Pilotarietako batzuek palan ere jokatzen dute. Biak proba ditzaten nahi dugu. Garrantzitsua iruditzen zaigu modalitate bietan zaleak egotea", esan dute federaziokoek, amaitzeko.

Hurrengo topaketa martxoaren 8an izango da, igandea, emakumearen egunean, eta azkena apirilaren 25ean izango da, larunbata. Sailkapenari dagokionez, A taldean sei puntuko berdinketa dugu, Ane Libano, Yaiza Carrascal eta Maialen Bediaren artean. B taldean ere berdinketa hirukoitza dago: Olatz Bernal, Lore Agirre eta Saioa Bedia. Azkenik, Saioa Cobo da D taldeko sailkapeneko buru. Zorionak guztioi.