Urtez urte errepikatzen da betiko topiko tipikoa: Neguan hotz da, beraz, jendea ez da kalera irteten. Nahiago izaten du etxean geratu, mantapean, berotan, telebistaren aurrean. Eta, seguru aski, jende askok hori egingo du arratsaldez, baina goizez jendea prest egoten da kirol-arropak jantzi eta korrika egitera irteteko. Mungian serio hartzen dute azken hau, eta lehengo egunean herriko kaleak bete-beteta zeuden. San Antontxuko Herri Kros famatua izan zen. Ehunka pertsona animatzen dira ekitaldi horretan parte hartzera, eta goizean goizetik mugimendu handia egoten da kaleetan.

Lasterketa herrikoien sasoia da. San Silvestreko lasterketaren batean ibilitako asko Mungiako honetara ere apuntatu dira, izan ere, askok esan zuten moduan, "Gabonetan egindako gehiegikeriak arindu beharra dago". Korrika egitea modako kirola da, beraz, lasterketa askotan dortsal guztiak banatzen dira, eta Mungia ere ez da salbuespena izan. 500 korrikalari ausart inguru irten ziren hotzari desafio egitera, eta San Antontxuko Herri Krosak antolatutako 5 edo 10 kilometroko ibilbideak egitera. Aurten ere, DEIA egunkariaren babesa izan du lasterketa honek.

Hala ere, krosaren atal batek beti gainditzen ditu antolatzaileen aurreikuspen guztiak: txikien lasterketak. 1.000 haur inguru izaten dira normalean, baina aurten 1.200 izatera heldu dira. Parte-hartze handia da, kontuan izanda igandean Muskizeko eskola krosa ere izan zela, eta han ere bazeudela korrikalari batzuk.

Umeek ez dute kiloak galtzeko egiten, baizik eta ondo pasatzeko. 2018an jaiotakoak izan ziren gazteenak, eta erakutsi zuten ez diotela beldurrik hotzari. Athleticen kamisetak, txandalak€ baten bat txupete eta guzti agertu zen. Egia da txikienetako batzuek atzera egin zutela azken unean, eta ez zen malkorik falta izan, baina gehienek txapeldunen moduan egin zuten korrika, bakarrik edo gurasoen eskutik. Aita eta ama batzuek ezin izan zioten erritmoari eutsi!

Adinean aurrera egin ahala, distantzia handiagoa zen. 2016 eta 2018 urteen artean jaiotakoek 200 metroko distantzia egin zuten, baina 2006 eta 2007 urteen artean jaiotakoek distantzia luzeagoa egin behar izan zuten, 1.609 metrokoa. Batzuei gogorra egin zitzaien, baina, orokorrean, giro paregabea bizi izan zen ibilbide osoan zehar.

Guztira, haur eta helduen artean, 1.753 korrikalarik hartu zuten parte, Mungiako Atletismo Taldeak emandako datuen arabera. Talde hori izan zen antolatzailea, Udalarekin batera. Gainera, hemen da ez soilik kirola sustatzen. 5 edo 10 kilometroko ibilbideak egin zituzten helduek euro bat eman zuten, helburu solidario baterako biltzen baita dirua. Aurten, Angelman eta Cornelia de Lange gaixotasun arraroen inguruan lan egiten duten elkarteei bideratuko zaie.

Kirolari ospetsu batzuek ere laguntza eman nahi izan zuten, hala nola Rakel Mateo mungiarrak. Bertako paratriatleta honek gustura parte hartzen du ekitaldi honetan, "etxean" egiten delako, eta senide eta lagunekin batera jai giroan eguna pasatzeko aukera aparta delako.

Korrika egin ostean, hamaiketako eder bat izan zen, haur zein helduentzat. Seguru ba tzuk hasi direla pentsatzen ea zein izango den hurrengo lasterketa. Zerrenda amaigabea da, baina gertuen duguna atletismo txikiko jardunaldiak izango dira, hilabete amaieran.

Behin proba guztiak bukatuta, Mungia Atletismo Taldeak krosa baloratu zuen eta barkamena eskatu zuen sare sozialen bidez, izandako gorabehera batengatik. "Eskerrik asko korrikalariei, boluntarioei, Mungiako herritarrei.... San Antontxuko Herri Krosean parte hartzeagatik. Baina, batez ere, barkamena eskatu nahi diegu korrika egin ezin izan duten txikiei, azkenean, lasterketak aurreikusitako azken ordutegia baino lehen izan direlako. Guri inori baino gehiago interesatzen zaigu gauzak ondo irtetea, denok pozik gera-tzeko. Datorren urtean hobeto egiten saiatuko gara".

Eta kirola egin ostean, Mungiak egun handia ospatzeko indarra izango du; izan ere, asteburuan San Antontxu eguna izango da, udalerriko jaiegun garrantzitsuetako bat. Nekazaritza produktuak salduko dira, eta hainbat jarduera daude antolatuta. Seguru Mungiako jendea zein kanpoko jende ugari animatuko dela. Lapikoko Eguna ere ez da faltako, eta herri osoa indaba usainez beteko da. Aurten, Athleticeko presidente Aitor Elizegi epaimahaiko kidea izango da. Mungian aukera ugari ditugu, dela kirola dela gastronomia.