BILBO. Ertzaintzak dispositibo berezia abiatuko du Euroligako Lauko Finalarako. Partiduak Gasteizko Buesa Arena pabiloian jolastuko dira asteburu honetan. Eusko Jaurlaritzak 6.000 liburuxka banatuko ditu segurtasunari buruzko informazioarekin.

Horrela, Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, prebentziozko zaintza eta kontrolak egingo dira pabiloian bertan partidak jokatzen diren bitartean, bai eta taldeen jarraitzaileentzako ekintzak egingo diren hiriko beste gune batzuetan ere.

Ertzaintzaren aholkuak dira partidetarako joan-etorriak egiteko garraio publikoa erabiltzea eta Buesa Arenana partida hasi baino bi ordu lehenago joatea, sarreretako kontrolak zorrotzak izango direlako. Gainera, gogorarazi du ezingo direla sartu poltsa handiak, paketeak eta maletak. Lehen finalerdiak ostiralean izango da, maiatzaren 17an, Istanbuleko Anadolu Efes eta Fenerbahce taldeen eta Moskuko CSKA eta Real Madrilien artean; igandean, hilaren 19an, hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko partida eta final handia jokatuko dira.

Beraz, asteburu osoan milaka pertsona iritsiko dira Gasteizera partidak ikustera zein hiriko beste eremu batzuetan antolatuko diren ekitaldietan parte hartzera. Hori dela eta, Ertzaintzak dispositibo berezia prestatu du udaltzaingoarekin koordinatuta, jarraitzaileen segurtasuna bermatzen laguntzeko.

Ertzaintzaren aldetik, herritarren segurtasunerako Gasteizko ohiko baliabideek eta hainbat unitate berezik parte hartuko dute dispositiboan, hala nola Brigada Mugikorrak, Txakur Unitateak, Lehergailuak Desaktibatzeko Unitateak, Esku Hartze Unitateak, Lurpeko Operazio Taldeak, Zaintza eta Erreskate Unitateak eta beste hainbat unitatek eta zerbitzuk. Ertzaintzako Gasteizko ertzain etxean ezarriko da dispositiboaren jarraipena egiteko mahaia.

Zaintza eta kontrol dispositiboak ezarriko dira kiroldegiko sarreretan, kiroldegian bertan partidak jokatzen diren bitartean eta hiriko beste hainbat eremutan, milaka pertsonak parte hartuko dutela aurreikusten baita kirol ekitaldirako prestatu diren ekintzetan, besteak beste, Andre Maria Zuriaren plazan lau taldeen jarraitzaileentzat jarriko den Zaleen Gunean.

GARRAIO PUBLIKOA

Bestalde, Buesa Arena pabiloiaren aparkalekuan ezingo denez aparkatu, zale guztiei garraio publikoa erabiltzea aholkatuko zaie. Egun horietan hirian garraioa errazteko, autobus zerbitzu bereziak jarriko dira abian, eta interesa duten pertsonen eskura "Mobility Pass" eskumuturrekoa jarriko da.

Eskumuturreko pertsonal eta besterenezin horrekin nahi adina bidaia egin ahal izango dira Buesa Arenara joango diren zerbitzu berezietan nahiz hiriko autobusetan eta tranbian, osrtiral goizeko 09:00etatik datorren asteleheneko 09:00etara, eta prezioa 10 eurokoa da.