The Buggles-en abesti itsaskorrak dioen bezala: "video killed the radio star". 1981ean MTV telebista kate berriak igorri zuen lehen bideoklipa izan zen, ironikoki. Telebistaren hedapena eta bideoklipen agerpenak irratiaren heriotza aurreikusten zuten, baina hori ez zen inola ere bete. Noski, musika mainstreama ez da inoiz irratietatik desagertu, beste hedabideetako espazioa hartu baizik. Baina mainstreamak ez diren estilo askorentzako irratia musika zabaltzeko eta sareak eratzeko tresna jarraitu du izaten. Eta, gaur egungo paradigma ikusita, esan genezake telebistako musika kateek irratiek baino bizitza laburragoa izan dutela.

Irratien erabilera eta edukiak aldatuz joan dira XIX. mende amaieran asmatu zenetik. Hasieran, familia gehienek zuten etxean. Eduki ezean, lagunen etxera edo radio klubetara joaten ziren batera irratia entzutera. Berriak, fikziozko saioak eta noski, musika asko entzuten zen biribilean eserita, ekintza komunitario ederra. Gerora, eta berrikuntzekin batera, irrati hartzaile txikiagoak sortu ziren kalean, autoan€ edonon entzun zitezkeenak. Honekin eduki arinagoak joan ziren sortzen, lanera bidean entzuteko berriak, saio dinamikoagoak€ Eta musika aldetik, lehen komentatu bezala irrati kate txiki, unibertsitate kate sare eta irrati libreen sorrerari esker, eszena underground askok musika zabaltzeko ezinbesteko aukera izan zuten. Egun streamingaren demokratizazioari esker edonork sortu dezake edukia, kaskoak jarrita soinu errealitate propio eta indibidualista kontsumitzeko. Honek edukien espezializazioa eta sormena bultzatu du, formatu berri eta hibridoen sorkuntza ekarriz.

Podcastak, irratsaioen seme-alaba millennialak

Gailu mugikorren internet hartzea handitu den arte, podcastek ez dute arrakastarik izan. Ordenagailuan entzun edo deskargatu zitezkeen, baina aurreikuspena eskatzen zuen mugikorrean sartu eta edonon entzuteko. Orain, streamingari esker, edonon eta nahi duzunean entzun ditzakezu interneteko podcastak, deskargatu gabe, eta askotan irratiak ematen duen kalitate handiagoz. Eta horretan datza hain zuzen ere irratsaioaren eta podcastaren arteko ezberdintasun bakarra: podcasta nahieran (nahi duzunean, pausatuz, nahi duzun beste errepikatuz) entzun daitekeela, eta irratsaioa bere ordutegi finkoan entzuterik ez baduzu, galdu duzu.

Baina noski, industriak ere ez du denborarik galdu. Hala, plataforma berri pila sortu da podcastak bildu eta sailkatzeko: Ivoox (lehenengoa, "irrati kioskoa" haien esanetan), TuneIn, Podium€ eta baita Spotify edo Google bezalako erraldoiak ere. Bestelako enpresa pribatu askok ere podcasta erabiltzen dute marketin gisa. Honek irrati handien beldurra piztu du, publizitatea (Vodafone Yu, BBVA€) edo ordainpeko eduki gehigarriak ezarriz. Halaber, zenbait irratsaiok oparotasun handiagoa lortu dute (eta independen-tzia) irratitik podcastera irtenda, hala nola Carne Cruda saioa, Radio3 eta SERetik kanporatuak izan ostean arrakasta handia lortu duena autoekoizpenean. Antzekoa gertatu zaio Bandera Negra saioari, orain independenteki Sin Bandera izenaz diharduena.

Aberastasuna zein infokzikazioa

Plataformen ugalketak eta sareen arteko elkar eraginak (Twitch zein Instagrameko zuzenekoak€) edukien aniztasun oparoa ekarri du, kontsumitzeko era berriak eragin dituena: audiofizkioa, landa paisaiak, mixtapeak, mindfullness gidatua€ Baina estatuko irratsaioen irtenbidea bestelako sareetara hedatzea izan da, Youtubera gehien bat (La Vida Moderna, Nadie Sabe Nada, Yo Interneto eta bestelakoak) Hala ere, edukia horrela oparitzea kate handiek bakarrik har dezakete bere gain. Badaude ere Youtube edo Instagrameko berezko saioak, gerora irratiak fitxatzeko irrikaz egoten direnak. Adibidez, Youtuben Los Chavales berehalako trap eszena erreakzioen bitartez ulertzeko ezinbestekoak, No Solo Punk musika zakar eta inozokeriaz beteriko tartea igarotzeko edo La Korrala elkarrizketa eta zuzenezko tartea. Instagramek ere bat-bateko bideo edukiak egiteko tresna erraza ematen du. Esaterako, La Hora del Padri edo Charla Entre Surcos bezalako elkarrizketa saio pertsonalak.

Gurean ere gorakada honen erakusle asko ditugu. Guztiz independenteki dabiltzanak: rapari buruzko Arte Callejero Urban Show, Zozo Beltzak edo Saber Morir soinu fanzineak eta Klak! proiektua esaterako. Irrati kate handien gehigarri bezala, mami handiko Del Txistu al Tamboril historiko eta didaktikoa, Badok Atariaren Dunbala edota Sateliteak, Telmo Trenor musikariaren saioa Naiz Irratirako. Bukatzeko, ez dira gutxi irrati libreen militantzian jo ta su jarrai-tzen dutenak. Txapa irratian Haus of Beats-eko beteranoak musika elektronikoarekin edo Autotune o Barbarie, Hala Bedi irratiko saio berria, behingoz gaurko kaleko doinuak uhin askeetatik igortzen.

Beraz, esan dezakegu irratia eta irratiarenganako zaletasuna ez dela inoiz desagertu, formatuz edo edukiz aldatu bada ere eskariak eta eskaintzak hor dirautelako eta betiko arazoek ere bai: masifikazioaren aurrean difusioa eta ikusgarritasuna irabazteko edo besterik gabe irratitik soldata duina ateratzeko publizitate edo babesleen beharra, irrati libre eta asoziazionismoaz gogoratzen ez garen bitartean, behintzat.