Musikan beefa, iraina baino gehiago, gehigarria

Artista batek beste bati abestian leporatzen dizkion irainak baino, musikaren parte dira gaur egun beefak

20.10.2021 | 10:09
Chill Mafia eta Kai Nakai

LATIN Grammy sarien harira gaiak berriz gaurkotasuna hartu du. J Balvin abeslari kolonbiarrak boikotera deitu zuen bere sare sozialetatik (pasa den urtean 13 sarietarako izendatua izan eta bakarra irabazi ondoren), bere ustez ospakizunak ez diolako reggaetoiari behar duen tartea ematen. Azkar erantzun zion Calle 13 taldearekin famatu egin zen Residente artistak: alde batetik, argi utzi zuen Balvinek sariak ez irabazteak ez duela esan nahi bestelako reggaetoi artistek ezingo zutenik, izendatuta baitaude. Eta bestetik, J Balvinen musikari mespretxu egin zion, bide batez abestiak berak ez zituela konposatzen iradokiz. Horretarako, Hot Dog gurditxo baten metafora erabili zuen: noski edonori atsegin dakiokeela Hot Dog bat, baina ondo jan nahi dutenean jatetxeetara doaz. J Balvinek, beefarekin bukatzeko Hot Dog gurditxoarekin paratuta igo zituen argazkiak sareetara, dotore.

Baina, beefak artisten arteko liskarrak besterik ez dira? Ez dira abesti barruan sormenez txertatu behar? Bada, gaur egun abestietatik sare sozialetara salto egin badute ere, abesti barruan ezkutatu edo erakusten zituzten aitzindariek haien borrokak. Ziurrenik lehen beefak jamaikar kulturan emango ziren. Izan ere, han hasi ziren DJak diskoen gainetik hitz egiten. Beraz, baliteke batak besteari haserrea horrela erakustea, berriki hil den Lee Scratch Perry kasu. Ofizialki lehen protobeefa (edo diss song) Joe Tex eta James Brownen artekoa izan zen, abestietan ohe istiluez harrotzen. Horrela estreinatu zen maskulinitate aztarnak abestietan hustearen ohitura.

Baliabide estilistiko gisa, 90eko hamarkadako gangsta-rap azpigeneroan egin zen indartsu. Berez zen generoa liskarzalea, mafia eta kaleko banden eragin zuzenagatik, eta raperoek droga eginkizunak eta tiroketak letretan islatzen hasi ziren. Eta noski, baita horiengandik eratorritako bronka eta arazoak, normalean ego lehiak besterik ez baziren ere. Hala, Tupac eta Notorious Big-en arteko gatazka izan zen famatuena, kantuetan batak bestea iraindu (eta bide batez mendebalde eta ekialde kostaldeak aldeztu eta haien arteko etsaitasuna handitu) eta gero, biak tiroz hilda bukatu zutenean.

ATZOKO KALETARRAK, GAUR INTERNETEN

Baina rap abeslariek jada ez dute elkar hiltzen. Akaso, Xanax gaindosiaz haien buruaz beste egin. Orain konfrontazioak ez du zentzu hain praktiko edo kalekoa, baizik eta sinboliko edo ospekoa. Batak bestearen egoa erasotzen jarraitzen dute, baina aitortu gabeko aitatasuna zabaltzen adibidez, Kanye Westek Drakeri egin zion bezala (ordutik lehia handia dute). Gurera ere heldu da fenomenoa, berandu bezain indartsu. Espainiako rap klasikoaren garaian beste hainbat beef egin ziren raparen izenean, politikara eta mainstreamera heldu zen arte.

Hain zuzen ere, 2014ean Pablo Iglesias politikariak C Tangana eta Los Chicos del Maiz taldearen arteko bideoklip bidezko borrokaldian azken hauen alde egitean, txio bidez. Primavera Sound jaialdiaren prentsaurrekoan Yung Beef eta C Tanganaren artean piztu zena ere egundokoa izan zen, eta Espainiako traparen bi alderdiak bereizi zituen. Prentsaurrekoan industriaren gaineko ikuspuntu ezberdinengatik berotuta, C Tanganak abestia eskaini zion Yung Beefi, eta baita honek erantzun. Liskarraren kutsu politikoaren harira, madrildarrak etsaiaren aurpegia Che Guevararenarekin uztartu eta 2000 kamiseta salduko zituela agindu. Agindu, eta egin. Honelakoengatik uste dute askok Puchito marketingaren erregea dela.

Chillida eta Oteiza aitzindari Euskal Herrian ere aspalditik daukagu norgehiagokarako ohitura. Edo bestela galdetu Chillida eta Oteizari, bizitza osoa liskarrean ibili baitziren, ia haien artelanetan eragina izatera arte. Etsaitasun hau beti publikoki eraman zuten, haien lanaren hedaduratzat. Baina Eskorbuto eta La Polla Recordsen etsaitasunetatik eta gitarra lapurtuetatik at, rapa heldu arte ez zen beef espliziturik egiten euskal kulturan. Are gehiago, talde eta musikarien arteko kidetasuna agerikoa zen. Baina rapak indibidualismoa dakar ein batean, eta baita lehiakortasuna ere.


Hala, lehen trap belaunaldia agertuta, beefak etorri ziren: Gorpuzkingzek Arrano Pertxari bota zionari esker, Arrano Pertxa eta Raperuren kolaborazioa uztartu zen, gutxienez. Edo Glaukomak euskal kultura "momia bilduma errautsak eta formola, laster babesle ofiziala Iberdrola" deitu zuenean, Eskean Kristoko rockeroak eta beste asko aipatutzat jo€ Baina hoberena Chill Mafia Iruñeko baldarrekin etorri da: mundu guztiari bota diote beefa, maisuki, gainera. Inor ez da salbatzen: Zetakeko Pello Reparaz, OTko Amaia€ Noski, norbaitek bueltatu behar zien. Eta hala egin zuen Kai Nakaik 15k abestian, iruñarrek hamabost mila eurotako dirulaguntza jasotzea leporatu ziotelako.

Performatibitateak beti izan du garrantzia artean: zer aurkezten duzun baina baita nola aurkezten duzun. Beefak ere horren erakusle izan daitezke? Argi dago gaur egun ez dutela antzinako zentzu bera, baizik eta antzerki moduko abestien gehigarri batena. Eta zergatik ez, marketing kutsu handikoa. Artista batekin erlazioan jarri nahi da norberaren lana, baina artistarena goraipatu gabe, egoa gainetik. Gehi biralitatearen promozioa. Ala izan edo ez, musika gaurkotasun giroari saltsa eman eta artistak hurbilagotik ezagutzera eraman gaitzake beefak.

noticias de deia