Gureak egin, gureak ez egiteko

Kultur transmisiorako eta sormenerako espazioa izatea du helburu Gureak Egin Iruñerriko gazteei zuzendutako sormen laborategiak. Izen ematea urriaren 13ra arte dago zabalik

27.09.2021 | 11:02
Iruñea inguruko hainbat artista gazte gonbidatu izango dira arlo praktikoan.

ASKO hazi da Iruñerrian euskarazko artearen eta kulturaren inguruko mugimendua azkenaldian. Gainera diziplina ezberdinen bitartez bertoko kultur eragile bihurtu diren euskal gazte artistak ugaritu dira inguruan eta bi faktore horiek elkartuta aurkeztu berri dute Gureak Egin, "euskaraz jardungo duen 15-18 urte bitarteko gazteei zuzendutako kultur transmisiorako eta sormenerako laborategia". 2019an loratutako Iruinkokoa libertimenduak Iruñea bezalako gune erdaldun batean musika, dantza, bertsoak eta herri antzerkia euskaraz uztartu zitezkeela erakutsi zuen. Orain, bi urte beranduago Iruinkokoan ibilitako Ion Celestinok, Oier Zuñigak eta Aritz Ibañezek Iruñerriako gazteei inguruan dauden kultur adierazpenak transmititzeko eskola sortu dute.

Horiek horrela, Zuñigak bere aldetik arte dramatikoaren inguruan garatu du bere jarduera profesionala eta hainbat herri adierazpen kulturaletan parte hartu izan du. Celestinok ordea, musika inprobisatzeko eta Euskal Herriko musikaren hasierak lotzeko ikerkuntza prozesua abiatu zuen 2010ean eta era berean, Broken Brothers Brass Band taldearen gidari ere bada. Azkenik, Ibañez dantza munduan murgilduta, Iruñeko Duguna eta Donostiako Argia dantza taldeetan dabil, dantza maisua izatearekin batera. Esan bezala Iruinkokoa libertimenduan ibilitakoak dira hirurak eta proiektu honetarako elkarlana oso bateragarria izan da Celestinoren hitzetan "guztiok ari garelako guztion proposamenak hartu eta betetzen".

Hiru diziplinak bateratu eta "artedrama" adierazpen artistikoa oinarri izango du Gureak Eginek. Izan ere, musika, dantza eta antzerkia norbere aldetik ikusi beharrean "elkar-ekintzan zein talkan" ikusteko joera du lantaldeak: "dantza eta musikaren arteko harremana oso bistakoa da eta azaletik ez dago dantzarik musika gabe. Teatroaren eta musikaren arteko harremana ordea, ia ez da existitzen. Oraingoan, "arte eta harreman diziplina ezberdin horien arteko lotuneak aztertzeko eta iker-tzeko" parada zabalik utziko du sormen laborategiak.

Urriaren 15ean emango diete hasiera eskolei ordura arte izena eman dutenekin. Mintegiak ostiralero egingo dituzte arratsaldeko 16:30etik 18:30era bitartean Iruñeko espazio ezberdinetan. Hala, urritik abendura bitartean Juslarrotxako Civivox espazioan izango dira, urtarrilean eta otsailean berriz, Gazteriaren etxean eta martxotik maiatzera arte San Frantziskoko eskoletan jardungo dute.

Aisialdi eskaintza batetik haratago doan eskolak "bertako kultur adierazle eta espresioekin lotuneak eraiki eta eredu propioak sortzea" du helburu nagusietako bat, praktika sortzaile eta artistiko ezberdinak burutuz. Horrez gain, gazteen arteko harremanak euskaraz saretu, emozioak, iritziak eta ideiak sormenaren bidez adierazteko baliabideak eskaini eta pentsamendu kritikoa garatzen lagundu nahi du dinamika berri honek, betiere euskaraz Celestinoren arabera, "ez delako beste hizkuntza batean eginen ahal".

Egitarauari dagokionez laborategiak bi norabide izango ditu. Batak inguruko errealitateari erreparatuko dio eta inguruko kultur erreferentzia tradizionaletan eta gaur egungoetan sakonduko dira parte hartzaileak. Beste moduluak parte hartzaileen barnean jarriko du arreta; "zer gara? zer aldarrikatu nahi dugu? zer esan nahi diogu?" galderetatik abiatuta.

Edozein arte-eskolak ikasturtean zehar ikasitakoa ekainean publiko aurrean erakusteko joera izan ohi du. Alabaina, Gureak Egin dinamikaren helburua prozesuan sortzen diren ekimen irekiak plazaratzea da ikasturte amaieran ikuskizun handirik egin gabe, "laborategitik kanpoko komunitateari, laborategian gertatzen ari dena erakusteko".

Gureak ez egiteko "Iya guriak egin du, badegu zeñek agindu, ez oraindik umildu, alkarrengana bildu" zioen Xenpelarren sortak bigarren gerra karlista hasteko zorian zegoenean. Laborategiari Gureak Egin izena jarri izanak beraz badu bere arrazoia, "gureak ez egiteko, gureak egin behar dugulako". Baina nola? "Usadioak, folklorea edota tradizioa hartzen ditugunean, bere horretan erreproduzitu behar direla uste dute askok", laborategian ordea kontrako norabidea hartu eta edozein dantza bere horretan ikasteaz gain, horren azpian dagoen mamiari heltzea da asmoa, "gauza berriak sortzeko eta noski, gureak egiteko".

ARTISTEN Bisitak Ibañez, Celestino eta Zuñigak osatutako lantaldeak gidatuko ditu horizontalki mintegiak baina arlo praktikoa nagusitzen den aldetik, zubi-lanaz arduratuko diren Iruñea inguruko hainbat gazte artistaren bisitak izango dituzte urtean zehar. Alde batetik, adinez laborategian parte hartuko duen jendearengandik hurbilago dauden pertsonaiak direlako eta bestetik, Iruñea inguruan euskarazko eduki berriak sortzea posible dela erakutsi dutelako. Bakoitzak bere esperientzia kontatu eta ariketa praktiko ezberdinak proposatuko ditu.

noticias de deia