Bagado, duela ez hainbeste irakurri nuen Patricia Highsmith nobelagile estatubatuarraren biografia batean (1921-1995), atentzioa eman zidan xehetasun bat, ezagutzen ez nuena: bere lehenengo urrats profesionalak, idazle gisa alegia, komikiaren munduan eman zituela. Zertan, eta "Urrezko Aroko" goiburu ba-tzuentzako gidoigintzan, alajaina. Highsmith, filologia ingeleseko eta idazketa sortzaileko unibertsitate-ikasketak egin ondoren, Harper's Bazaar edo The New Yorker bezalako prestigiozko aldizkarietan saiatu zen lana aurkitzen, besteak beste, baina guztiek atzera bota zituzten haren eskakizunak. Eta, modu horretan, 1942 eta 1948 bitartean, hogeita koska urte zituela, zenbait komiki-argitaletxerentzako egin zuen lan freelance gisa, hala super-heroien istorioak idatziz -Black Terror edo The Destroyer bezalako pertsonaienak, guztiak hirugarren mailako figurak, Superman, Batman etab. nagusi ziren Urrezko Aroan-, nola bestelako aldizkarientzat.

Baina, famatu egin ondoren, mundu horrekin lotu zezaketen pista guztiak ezabatzen saiatu zen: soilik hil ondorengo ikerketa biografikoek azaleratu dute egilearen ibilbidearen alderdi hori. Ez nolanahikoa, nire ustez, sei urte ez direlako preseski gutxi, idazle baten formazio-prozesuan.

Baina Highsmith kultura garaiaren eta masa-kulturaren arteko zanga oso zabala zen une batean hazi zen, eta bere jomuga goi mailako idazlea bihurtzea zen; hala, Truman Capoteren bitartez Yaddo-ko idazle kolonian denboraldi bat pasatzeko gonbita lortu zuenean, komikien mundua utzi eta bere lehenengo nobela ondu zuen, Ezezagunak tren batean (1950), fama kuotatxo bat eta independentzia ekonomikoa eskurarazi ziona, eta Alfred Hitchcockek film bihurtu zuena berehala. Eta prestigiozko idazlea bihurtzeko asmo horretan, zer esanik ez, pulp komikiekin izan zezakeen lotura oro ukatu beharra zeukan.

"Ukatu" zuen bezala, Claire Morgan ezizenaren bitartez, Gatzaren prezioa bere bigarren nobela idatzi izana (1953), haren eduki argiki lesbikoak bere "karrera" kaltetu zezakeelakoan. Orduz geroztik liburua literatura homosexualaren klasiko bat bihurtu da, besteak beste lehenengoetarikoa izan zelako ez zuena protagonista lesbiana patu tragiko batera kondenatzen; duela ez hainbeste pelikula bihurtu zuten hura ere, Carol izenburupean (Todd Haynes, 2015).

Badakit, ez dago zertan gehiegi harritu: ez al dira, azken finean, faltsukeria eta gezurra Highsmithen literaturaren 'leit motiv' nagusienetako bat?

Highsmithek bere helburua lortu zuen ala ez eztabaidagarria da. Estatu Batuetan, gehienetan, generoko idazletzat jo izan dute betidanik, eta "Suspensearen Dama" bihurtu. Masa-kulturatik gertuago, beraz, goi-arnasako Parnasotik baino. Agian horregatik zuen maiteago Europa: hemengo kritikak idazle handi baten trataera eman izan dio, oro har, eta haren aldezleen artean Graham Greene edo Peter Handke mailako idazleak aurki daitezke.

Ezin dut burutik kendu Highsmith lasaiago bizi ahal izango zela urte batzuk geroago jaio izan balitz: ez zukeen bere bigarren nobela ezkutatu beharko, eta, komikiak azken hamarkada hauetan iritsi duen prestigioa lagun, ez zukeen zertan itzaletan utzi bere gidoilari garaia, zerbait lotsagarria bailitzan.

Baina urte batzuk geroago jaio izan balitz, agian ez zen bihurtuko ezagutzen dugun idazle gupidagabe eta zorrotza. Eta kontu ezkutuez beteriko bere obra ez zen, menturaz, horren kitzikagarria izango.