Irune Guturbai, zinemagilea

Irune Guturbay: "Izendatua izatea eta saria irabaztea industriak ikusi zaituen seinale da"

'Limbo' pelikulan egindako lanagatik ekoizle berri onenaren saria jaso du Irune Gurtubai elorrioarrak British Independent Film Awards sarietan

13.03.2021 | 13:33
Irune Guturbai zinemagilea

Zinemagintzan lan egiten du Irune Gurtubaik (Elorrio, 1987) eta Limbo pelikulan egindako lanagatik ekoizle berri onenaren saria hartu du Londresen. Ben Sharrock zuzendariarekin lan egiten duen bigarren produkzioa da. Kairoko Film jaialdian hiru sari hartu zituen pelikulak, eta bi Makaoko jaialdian. Toronton estreinatu zuten, eta Donostiako Zinemaldian ere ikusi zen.

Ekoizle berri onena izendatu zaituzte British Independent Film Awards sariketan.

- Limbo pelikularen ekoizlea naiz. Sari horietan izendatu ninduten nire lanagatik, eta irabazi egin dut. Oso pozik nago, ez nuen espero.

Zer du zuk egindako lanak saria hartzeko?

- Zaila da jakiten. Baina, egia esan, filmatzea ez zen batere erraza izan, oztopo ugari izan genituen. Batetik, filmatzea Uist uharte katean (Eskozia) izan zelako, eta eguraldia oso txarra izaten da han. Bestetik, hara heltzea ez da erraza, ferrya edo hegazkina hartu behar da, eta hegazkina oso txikia da. 30 pertsona sartzen dira eta gu 70-80 pertsonako taldea ginen, beharrezko material guztiarekin. Taldea banatuta egotea eta eguraldi eskasa izan ziren grabazioan izan genituen arazoetako batzuk.

Azkenean, lanak emaitza izan du. Berezia al da 'Limbo'?

- Bai, niretzat oso berezia da. Omarren istorioa kontatzen du. Siriako musikari bat da eta Eskoziara heltzen da, asilo bila. Erantzunaren zain dagoela irla horretara bidaliko dute eta oraindik errefuxiatu bezala onartu ez dutenez, ez du ikasteko edo lan egiteko aukerarik. Egin behar duena da zain egon. Pelikulak kontatzen duena da Omarren egunerokotasuna irla horretan nolakoa den: bertan bizi den jendearekin duen interakzioa, pisukideekin duen harremana... Eta hori dena umore absurdo ukituarekin.

Pelikula komedia dramatikoa da, baina gaiak ez du ezer komikotik. Zein zen asmoa?

- Pelikulak balioa izan dezan garrantzitsuena da jendea ikustera joatea, eta izugarrizko dramak lehenago ere ikusi ditugu. Aitzitik, migrazioaren gaia komedia bezala ez da askotan ikusi. Beraz, bizitzaren alde gazi-gozoa aurkeztea zen asmoa, baina baita zerbait interesgarria sortzea eta gure espektatibak zalantzan jartzea. Badakigu zein egoeratan dauden gurera heltzen diren errefuxiatuak eta ez dut esan nahi barre egiteko kontua denik, baina badago joera bat hedabideetan inpaktu gehien dituzten istorioak erakusteko. Gure egitekoa zen migrazioaren gaia hartu eta aldarrikapen politiko orokor eta zuzen bat egin beharrean ikuspuntu humanitarioan jartzea enfasia, ikus-entzuleek ikus dezaten errefuxiatuekin antzekotasun gehiago ditugula desberdintasunak baino.

Beraiek ere egunerokotasun bat bizi dutela.

- Hori da. Beraiei tokatu zaie baina gu izan gintezkeen. Telebistan gerrak ikusten ditugunean; bonbak, suntsipena, odola... da ikusten duguna. Baina errefuxiatuak ikustean beste errealitate bat ikusten dugu. Horretara ohituta daudela uste dugu, baina ez da horrela. Pertsonak dira, eta gure interes berdintsuak izan ditzakete. Eskoziara asilo bila heldu ziren lehenengo errefuxiatuek diru arazorik ez zuten. Medikuak ziren, edo abokatuak, baina ez dut uste jendeak horrela ikusten dituenik.

Bigarren lana duzu Ben Sharrock zuzendariarekin batera. 'Pikadero' lehenengo filmak ere gizarte arazo bat erakutsi zuen pantaila handian, eta sari dexente lortu. 'Limbo'-ren arrakasta aurreikusten zenuten?

- Ez, hori oso zaila da. Egia da Pikadero-ren ostean interesa piztu zela eta erraza izan zela Limbo grabatzeko dirua lortzea.

Kritikoek filmaren enkuadre bereziak, kontraplanoak zein argazkilaritza lana nabarmendu dituzte.

- Hori guzti hori Pikadero-n ere ikusi zen. Zuzendariak Pikadero filmaren argazki zuzendari berdinarekin lan egin du Limbo-n. Harreman oso ona dute eta Sharrocken ikuspuntua oso bisuala izaten da. Biek dituzte antzekotasunak alde horretatik: plano oso zainduak, simetrikoak, eta askotan urrunetik hartutakoak izaten dira. Nik uste dut hori dela Sharrocken estiloa, bere lanak josten dituen haria.

Zinemagintza independentea lantzen du. Aberasgarria izan da zuretzat?

- Oso aberasgarria izan da. Ni ekoizlea naiz eta bera zuzendaria eta gidoilaria. Bera bi rol ezberdinetan dabil eta gidoia idaztean ideia bera egiten dugu buruan, berdin interpreta-tzen dugu idatzita dagoena. Gero, zuzendari lanetan ari denean, gidoia beste maila batetara eramaten du, eta prozesu hori ikustea oso interesgarria izaten da.

Pozgarria eta pizgarria izan behar da zure lana prestigioa duen sariketa batean onartua izatea.

- Bai. Pelikula bat egitean eta, batez ere idazterakoan, zure burbuilatxoan zaude, isolatuta moduan eta industriarekin konexioa ez da egunerokotasunean ematen. Hori gertatzen da jaialdiren batera zoazenean, adibidez. Beraz, sariketetan izendatua izatea eta, gainera, saria irabaztea industriak ikusi zaituen seinale da. BAFTA sarietan ere bi kategoriatan izendatu gaituzte.

Zure lanarentzat eta zuretzat ere badira sariketak erakusleiho.

- Hori da, biak lotuta doazelako. Ni naiz nire lana, eta nire lana da ni.

Erresuma Batuan eta Irlandan estreinatuko da pelikula uztailaren 30ean. Euskal Herrian ikusi ahalko da?

- Herrialde gehiagotan ikusi ahalko da Limbo, data zehaztu gabe dagoen arren. Dena ondo joanez gero, urte bukaerarako egongo da zinema aretoetan.