Faustino Aranzabalen dan-tza zuzendaritzapean eta Enrike Solinis eta Miren Zeberioren musikarekin, Amoria & Dolore dantza ikuskizuna aurkeztu du Kresala Dantza Konpainiak. Joxe Anton Artze, Bernart Etxepare eta Eduardo Galeanoren poemekin girotu dute lana. Guztira, 30 dantzariek hartu dute parte sorkuntzan, eta hamazazpi eszena dituen ballet bat osatu dute, Elkano nabigatzaile getariarraren lehen mundubira gogora ekarriz. Diotenez, kulturaren erreferente artistiko-historikoa baita dantzaren herri adierazpena.

Elkanoren zirkunabigazioak urrezko aroan zehar bidaiatzen duelako erabaki dute lehen mundubira oinarritzat hartzea. Horrek ondare artistiko eta koreografiko berria sortzeko aukera ematen duela azaldu dute: "Nabigazioak utzi duen arrastoa agerikoa da, euskaldunok itsasoan barnako ibilietan munduaren kontzepzio modernoan izan duten lehen mailako eragin historikoan. Orain dela 500 urteko gizakiaren historiaren ekintza mugarri handienetako batean oinarritu gara".

Kontatu dutenez, 2017an sortutako Zeruko obraren ondorioa da Amoria & Dolore. 2019ko martxoan hasi ziren prestatzen. Lehenik eta behin, zuzendaria aritu zen sei hilabetez lanean, konpainiako bi dantzarirekin batera. Horren ostean, lan taldeetako entsegu lana egin zuten lau hilabetez. Beraz, "kontu handiz eraikitako emaitza" dela adierazi dute, "lan konprometitu bati zentzua eman diona".

Hortaz, hilabete askotako lan prozesua da, "sorkuntzatik hasi eta azken xehetasunak josteraino". Azaldutakoaren arabera, astean hirutan egiten dituzte entseguak, nahiz eta osasun-krisialdiak egutegia buruz behera jarri dien. Hasiera batean modu telematikoan egiten zituzten entseguak, norberak bere etxean. Uda partean hasi ziren talde txikietan elkartzen, distantzia mantenduz, noski, eta diotenez, horrek zailtasun handiak ekarri ditu: "Taldea banatuta edukita kontakturik gabe dantzatu behar izateak ezegonkortasun egoera batean emanaldian izango diren dantzak entseatzea zailagoa da, baita kontakturik gabe dantzatu behar izatea eta ezegonkortasun egoera batean proiektuak prestatzen ibili behar izatea". Dena den, aurrera eramatea lortu dute, sormenaren jolasak eskainitako aukera multzoa zabaldu eta erakutsi, eta praktikara eskuragarri bihurtzen den horretara iristea helburu.

Bitarteko Eraldatzailea

Norbaitekin komunikatzea da konpainiaren helburua, zerbait komunikatzeko, noski. Lan honen bitartez, herri inspirazioz gorpuztutako arte barrokoaren espresio erakusgarri bat egin nahi izan dutela azaldu dute kideek.

Horrez gain, bitarteko eraldatzaile gisa ulertzen dute obra hau, adierazitakoaren arabera: "Zalantzak eta zantzu sotilak planteatzen ditugu, abangoardia historikoak eta mugimendu artistikoak lotuz, denboratik kanpoko parabola eta metaforekin batera".

Lehen mundu bira oinarri, Euskal Herria itsasoari esker sortu eta mantendu egin dela adierazi nahi dute. Diotenez, ekarpen hori pentsaeraren arlora ere iritsi zen, "barruan errotuta zuten XVI. mendeko euskaldunengan hain ohikoa zen zabalkuntza grina". Eta badirudi horrek zerikusi handia duela dan-tzarekin, beraien hitzetan: "Dantzak berezitasun bat baldin badauka, horixe bera da: ezarritakoari beste paradigma bat ezartzea. Desmuntatu eta beste modu batez hautematen ikastea".

Drama tradizional garaikidea

Antzerki dantza eszenikoaren sorkun-tza molde berri baten baliabideak aurkeztu ditu konpainiak obra honen bitartez. Azaldu dutenez, espazio eta denboratik kanpo kokatzen den drama tradizional garaikidea eratu dute horrela: "Maitasuna eta dolorea nola ikusten dugun erakutsi dugu".

Horretarako, Enrike Solinis eta Miren Zeberioren musika darabil konpainiak, baita Joxe Anton Artze, Bernart Etxepare eta Eduardo Galeanoren poemak ere. Hortaz, poesia bilakatu dute lan honen giltzarri. Esaten dutenez, hizkuntzaren poetika bisuala oso present dago obra guztian zehar, eta gorputz bakar batean bildu dituzte keinua, emozioa eta mugimendua.

Ekuadorretik Getariara

2020ko otsailean emanaldi-bira egin zuen konpainiak Ekuadorren. Zehazki Quito, Ambato eta Ibarra izeneko herrietan egin zuen obraren aurre-estreinaldia. Horren ostean, Bilboko Euskalduna Jauregiko auditoriumean estreinaldi ofiziala ospatu zuten uztailean, eta Getarian izan dira abenduan, Elkanoren jaioterrian bertan. Donostiako Victoria Eugenia Antzokian aurkeztekoak ziren ere, baina osasun krisialdia dela eta, bertan behera gelditu behar izan zuten. Diotenez, ikusleak "ederki" hartu du momentuz euren proposamena, bai Bilbon, Getarian, zein Hego Ameriketan. Azken batean, mundu ikuskera bat adierazten dutela esan dute: "Dantza eta musika garaiko arteak dira, eta agerikoak izan daitezen saiatzen gara, keinuen bidez memorian txertatzen". Adierazpide ezaugarri oso nabarmenak dituztela azaldu dute: "Izateko eta egoteko era berezia dugu, bere kolore eta tinbrea dituena, hainbeste bereizten gaituena beste kontinente batzuetatik, eta hainbeste gerturatzen gaituena horietara".