Egunotan bueltaka ditudan bi momentutatik etorri da testua. Adiskide den Pauline arkitekto euskaldunarekin izandako iritzi trukeak alde batetik. Bakoitzak ogibidearekiko hartu dugun jarreratik, arkitekturaren nondik norakoak izan genituen hizketagai: hirigintza planen eragina gure bizitzetan, ogibidearen aldaketak, etorriko diren eraikin berriak, diseinuaren erritmoak, covid19ak eragingo dituen aldaketa espazialak, etabarrak. Bigarrena, lehengusu txikiarekin jolasean eta bere formak eraikitzen ikusten pasa ditudan orduetan: bideojokoetan, kartoizko maketetan, jostailuetan€ Nola sortzen ditugu forma desberdinak? Nondik datoz etxebizitzen, museoen, ospitalen€ bolumenak? Aurreikusi daiteke etorriko direnen itzal berriak edo plangintzen bidez egun gisa predeterminatzen jarraitu behar ditugu?

Santiagomendi etxea arau estetiko eta "tradizional"-en emaitza izan zitekeen, eta argazkiek beste gauza bat adierazten dute. Elena Usabiaga eta Felipe Aurtenetxe buru diren PAUZARQ estudioaren sinadura darama proiektuak, lehenago atal honetan agertu izan dira eta aurkezpen asko behar ez duten Donostiako talde "gaztea" da. Jorratu dituzten proiektuak kalitate handikoak dira eta koherentzia estetikoz burutzen dituzte, eskala handitik azken xehetasuneraino.

Familia bakarreko etxebizitza hau Astigarrako Santiagomendi ermitaren inguruan kokatzen da. Eraikinaren konfigurazioa orube maldatsuaren egokitzearen ondorio da, orografian erdi ezkutatuz eta paisaia modu idiliko batean ikusteko leku bat planteatuz. Etxerako sarrera gradualki orubean sartzen den ibilbide gisa definitzen dute egileek. Modu honetan, etxeak tokiko bistak ezkutatzen ditu eta sartzean bertako ikuspegi ederrak azaleratzen dira. Baliteke pixkat anekdotikoa izatea deskribapena, baina lekuaren ezagurriak aprobetxatzen dituzte intimitate graduak ondo orekatuz, kanpoaldetik itxia izanik eta aldapa behera guztiz zabaltzen den proposamena gauzatuz. Estalkiaren geometriak eta teilatu-hegal handiak asko laguntzen dute paisaian txertatzen, gainera barne konfigurazioan eta ipar-mendebaldeko euriei aurre egiteko baliabide bikainak dira.

Behin sarrerara helduta, etxea ezagutzeko prest gaude. Ezkerretara garajea eta beste aldean bizitokia, beheragoko kota batean dagoelarik. Bertara zortzi eskailera jaitsiz iritsiko gara. Bizitokia altuera eta orientazio desberdineko bi bolumenez osatuta dago, eta horien arteko loturak espazio ezberdinak sortzen ditu etxearen kanpoaldean. Horrela, barruko erabileren zabaltze guneak bilakatzen dira. Gaueko guneak, hots, logelak eta bainugelak, bi solairutan pilatzen dira bolumen handian. Eguneko espazioa (sukaldea, egongela eta jangela), aldiz, behe solairu zabal eta jarraikorrean daude kokatuta.

Karga hormez eraikia da eta etxearen tripak egiteko egur kontralaminatuzko panelak erabili dira, pareta eta solairuak esaterako. Kanpoaldean inguruarekiko atsegin eta zentzudunak diren materialak aplikatu dira, bere integrazioa bilatuz eta lekuaren protagonismoa nabarmenduz. Lehenago aipatutako altuera jokoarekin eta leihateak erabiliz, argi naturalak presentzia hartzen du. Argiaren sarrera kontrolatua da eta zurarekin elkarlanean barne espazioei goxotasuna transmititzen die. Leihate handiek gure presentzia kanpora bideratzen dutelarik, lekuaren bista pribilegiatuak nabarmentzen dira. Etxeko txoko guztietatik begiratu daiteke, paisaiaren horizontaltasuna ikusgarriagoa eginez eta koadro piktoriko bat ikuspegi desberdinetatik begiratzeko luxua emanez.

Nahiz eta udal-araudi espezifikorik ez izan etxea eraikitzerako orduan, jorratu duten planteamenduak inguruko arkitektura tradizionaletik hartutako ezaugarriak ditu. Tradizioarekin eta euskal baserriarekin apurtzen saiatzen den proiektua da; forma, espazioen konfigurazioa eta materialen erabileraren aldetik. Hala ere, tipologia honetako folklorismotik ihes egiteko bide luzea izango dela dirudi, normalean ordenantzak muga zurrunak direlako eta aukera dagoenean urruntzea zaila dela ematen baitu. Deseraikuntza honen kalitatezko adibidea da honakoa, etorriko direnen isla eta txalotu beharrekoa.