Ixiar Rozas, idazlea

"Hitzen eta soinuen arteko mugimendu eta harremana da niretzako inportantea"

Hitzen erritmoari eta soinuari heldu die Ixiar Rozasek bere azken lanean, etengabeko bilaketa sakon batean. Ikerketa luze baten emaitza, forma bikoitza du 'Unisonoak': papera eta soinua

20.09.2020 | 18:01
Musika eta literatura uztartzen ditu Ixiar Rozasen lan berriak.

Ahotsaren eta hizkuntzaren materialtasuna landu ohi du Ixiar Rozasek (Lasarte-Oria, 1972) bere liburu eta materialetan. Horietako batzuk dira Negutegia (2006), Ejercicios de ocupación. Afectos, vida y trabajo (2015) edota Beltzuria (2017). Pentsamendu kritikoa eta arte garaikidearekin lotutako topaketak ere antolatzen ditu maiz lankidetzan, esaterako, Periferiak (2002-2007), ERresonantzian (2011), Arrakalatuta (2015) edo Proklama (2013-2019). Arte Ederretan doktorea, egun Arte Hezkuntzako eta Ikerketa eta Sormena Artean masterreko irakaslea da. Orain gutxi arte Azala espazioko kide izan da. Elkarrizketa honetan mintzagai duguna bere azken lana da, Unisonoa (Pamiela).

Zer aurkituko du 'Unisonoa' esku artean duenak?

- Bi forma dituen lana da Unisonoa, alde batetik liburua dago eta bestetik pieza sonoroak. Zenbat irakurle edo entzule, hainbat unisono egon daitezke. Irakurleak liburu laukizuzen bat aurkituko du, barruan lerro bakarra daukan poesia-liburua. Lerro bakar hori gauza asko izan daiteke, irakurleak esango du zer. Izan daiteke oinez doan pertsona bat, hitzez osatutako continuum bat, ostertza, isiltasuna, etenak, argilunak€ Lanaren beste forma pieza sonoroek osatzen dute. Liburu bakoi-tzak pieza horiek Bandcampen entzun eta deskargatu ahal izateko kode pertsonala dauka.

Irakurri edo entzun egin behar da 'Unisonoa'?

- Ez da poesia musikatua ezta errezitaldi bat ere. Liburuaren oinarria aipatutako lerro bakar hori da, hitzen eta soinuen continuum hori. Hortik abiatu naiz pieza sonoroak egiteko, eta hortik bueltatu naiz berriro idatzira. Material autonomoak izan daitezke, baina material idatziarekin duten harremana garrantzitsua da, bestela piezak kontesturik gabe geratuko lirateke. Ez dira kantuak, modu oso berezian sortutako piezak baizik. Bakoitza desberdina da, prozesu eta lankidetza berezi baten ondorio.

Lerro zuzena, horizontea... aipatu dituzu. Zer garrantzi dute kontzeptuok?

- Niretzako idazterakoan mugimendua oso garrantzitsua da. Nahiz eta liburuan lerro zuzen bat ikusten dugun, mugimendu handia dago hitzen artean, esaldien artean, hor agertzen diren material guztien artean€ Mugitzen den horizontea izango litzateke, egunero eratzen duguna, gure ekintzekin, desioekin ametsekin, egiteko moduekin€ osatzen duguna.


Ez da lerro estatikoa, beraz.

- Hitzen eta soinuen arteko mugimendu eta harreman hori da niretzako inportantea, ondulazioak, bibrazioak, tentsioak... hiztegia eta hitzen esanahia baino garrantzitsuagoa. Harreman horretatik sortutako esanahiak paisaia bat eratzen du eta liburuan dauden ideiek paisaia hori zeharkatzen dute, horizonte moduko bat osatuz.

Zer kontatu nahi duzu lanarekin?

- Materiala konposizioan oinarritzen da, ez narrazioan. Gauzak elkarrekin jarri ditut eta lana horien arteko konposaketa da, entzumenean oinarrituta dagoena. Sortze lan osoan zehar entzumena oso presente egon da. Nire-tzako liburuan ikusten dena baino garran-tzitsuagoa da entzuten dena. Hitzen erritmoari eta soinuari helduz osatu dut, ez hainbeste hitzen esanahietan pentsatuz. Prozesua erritmoaren eta hitzen sonoritatearen bilaketa izan da.


'Unisonoa' izena jarri diozu, zergatik?

- Lisa Nelson koregrafoari zor diot. 2016ko udazkenean Azala espaziora gonbidatu genuen lantegi bat ematera. Berak lan handia egiten du pertzepzioekin eta zentzumenekin eta ariketa bat egiten ari ginela hitz bat esan zuen: unison, ingelesez. Momentu horretan bertan pentsatu nuen hori zela nire lanerako behar nuen hitza. Eman diodan esanahia batera joatearena da. Hiztegiak esango dizu unisonoa soinu bakarra dela, bada nire ustez unisono hitza aberatsagoa da hiztegiak esaten duena baino. Kasu honetan elkarrekin joatea izango litzateke, ez soinu bakarra, aitzitik, soinu anitza edo soinu askoko liburua izango litzateke.


Soinuak badu bere garrantzia liburuan.

- Zaila egiten zait testu bat entzumenik gabe idaztea. Edozein testu. Are gehiago atzean hitz poetikoaren bilaketa dagoenean. Irakurtzen ditudan materialetan ere, idazlearen arnasa eta bere pentsamenduaren erritmoa entzutea bilatzen dut. Lan honetan erabili dudan hitz poetikoan ez dago errimarik, erritmika moduko bat da, poesia eta pentsamenduaren artean mugitzen dena izan daiteke€


Nolakoa izan da sormen prozesua?

- Material idatzitik sortu ditut pieza sonoroak, eta gero beste artista batzuekin lankidetzan esan ditut. Eta esatean aldatzen joan dira, hori ere bazen bilaketa. Entzumenak eta erritmoek esan didate noiz zegoen materiala prest. Etengabe igaro naiz idatzitik esatera eta esatetik idatzira, elkar kutsatze oso interesgarri bat egon da bien artean.

Nola sortu dituzue pieza sonoroak?

- Rafael Martínez del Pozo, Ainara LeGardon, Ibon RG eta Maite Arroitajauregirekin batera sortu ditut piezak, besteak beste. Eremuak programari esker lana modu duinagoan egin ahal izan dut eta lankidetzei denbora gehiago eskaini. Hitz-partitura batzuk nituen buruan eta pentsatuta neukan musikari bakoitzarekin liburuko zer zati landu nahi nuen. Batzuk aurrez landu ditugu eta beste batzuk, ordea, estudioan sortu dira, inprobisazioen bitartez, nahi genuen materiala aurkitu arte.


Musika, xuxurlak... zeintzuk dira 'Unisonoa'-ren soinuak?

- Testuan ehundura desberdinak dauden bezala, piezetan ere badaude ehundura desberdinak. Xuxurla horietako bat da, baina gauza perkutiboak ere badaude, melodiak, xuxurlarekin batera ateratakoak, ausaz erabilitako batzuk€ Egoteko eta esateko leku bat topatu dut xuxurlan, eta interesatu zait.


Lanaren hiru piezek 'Entzunmuga' dute izena, nondik dator?

- Entzumenaren mugan entzuteko ekintza da "entzunmuga". Asmatutako hitza da, edo horrelako zerbait, ez baita ezer hutsetik asma-tzen. Maider Olegaren Muga deitzen den pausoa filmean esaten den ikusmuga hitzetik dator, Elbira Zipitriak erabiltzen zuen. Entzun nuenean horizontea adierazteko hitz oso ederra iruditu zitzaidan. Hor sortu zen hitza eta gero lanean aurrera egin ahala, hariak ehun-tzen joan nintzen. Unisonoa-ren pieza batzuk justu entzumenaren mugan daude, xuxurlek zeharkatzen dituzte. Xuxurla deskodifikatzea bilatu dut, egun oso kodifikatua baitago. Beldurrezko filmekin, sedukzioarekin€ lotzen dugu. Orduan esperimentatzen hasi nintzen, taldeka xuxurlatzen, talde bati xuxurlatzen, ostertzari xuxurlatzen€ Modalitate desberdinak aztertu ditut.


Soinuek eta hitzek bestalde, diseinuak ere pisua hartu du.

- Beltzuria liburuarekin egin nuen bezala, di-seinua egiteko oraingoan ere Bigara bikote sortzailearekin lan egitea erabaki nuen. Itziar Aranburu eta Jon Ander Garcíak osatzen dute Bigara, eta Abere ba, palindromoen ilustratuen piztegia atera berri dute. Bi lanak gurutzatu egin dira sormen prozesuetan, beste lankidetza bat da beraiekin egindakoa. Haiena da liburuaren azaleko irudia eta maketazioa, euren horizonte propioa sortu dute diseinuaren bitartez. Bibrazio handiko irudia da, borobila nire ustez.


Ohikoa al da horrelako esperimentazio lanak argitaletxe batek kaleratzea?

- Ez da ohikoa, eta eskertzekoa da Pamielak esperimentazioaren alde egin duen apustua, areago une zail hauetan. Littera & Musika sailean musika eta literatura uztartzen dituzten lanak argitaratzen dituzte. Liburu honen atzean lan asko dago: nirea, musikariena, di-seinatzaileena, argitaletxearena, inprentarena€ Hala ere, hasi nintzenean helburua ez zen lana argitaratzea, egitea baizik; arnas luzeko lana da. Niretzako idaztea zain egotea ere bada, itxarotea. Horregatik uste dut modu batean ala bestean aurkituko nuela liburua kaleratzeko modua.


Noiztik daramazu proiektuarekin lanean?

- Lerroaren continuuma ikertzen hasi nintzen, orrialde osoa zeharkatzen zuen lerro hori, modu jarraituan, esaldiaren eta lerroaren arteko tentsioak eta mugimenduak. Ikusi nahi nuen zer gertatzen zen erritmoa aldatzerakoan, hitzak eta soinuak uztartzerakoan, hizkuntza batetik bestera igarotzean, hitz asmatuak sartzean, isiltasunak sartzerakoan€ Materiala sortzen hasi nintzen, baina esan bezala ez nuen liburua helburu, bilatzea baizik. Horrela lau urte inguru eman ditut, oso une aukeratuetan idatzi dudalako.


Amaitutako proiektutzat hartzen duzu edo beste momentu batean jarraituko du ikerketak?

- Plastika (Mursegorekin), Beltzuria liburuarekin egindako piezak, 20.20 (Maria Salgadorekin)... jarraipena izaten dute, modu desberdinetan. Unisonoan erelankidetzekin jarrai-tzea da asmoa. Dagoeneko aurkezpen batzuk egin ditut: iaz Iruñeko Punto de Vista zinema jaialdian liburu osoa xuxurlatu nuen Rafael Martínez del Pozoren soinu lanarekin, Gasteizko Proklama topaketetan jende talde batek xuxurlatu genuen, eta liburuko hitz-partitura batzuk leku desberdinetan egin ditut azken urte hauetan. Jarraituko duen bide bat dela esango nuke.