Irakurtzeko moduak

21.07.2020 | 22:20

Ebidentzia bat: liburuak ezberdin irakurtzen dira zure egoera animikoaren arabera. Liburu batek utziko dizun arrastoa ezberdina da, demagun, langabezian zaudelarik goiz osoa libre duzulako irakurri duzunean, edo egun osoan lan egin ondoren gauean lo hartu aurretik irakurritakoan. Lana egin ondoreneko liburua sari bat izango da, atsedena, ongi merezia duzun opari bat zeure buruari egiten diozuna. Baldintza horietan liburua hobekiago sartuko zaizu, eta bera epaitzeko orduan ere zeu bihozberagoa izanen zara. Eguna ongi enplegatu duzun sentsazioa daukazu, gauzak ondo doazela, eta gaueko liburua da egunaren amaiera samurra.

Langabezian bazaude dena ezberdina da. Hasteko, nahiago zenukeelako liburua irakurtzen egon baino lanera joan, diru premia larria daukazu benetan. Pentsamenduek ez dizute atsedenik ematen, eta ilunak dira gehienak, zertan huts egin ote duzun, nola ordainduko dituzun fakturak, autoa ordaindu gabe oraindik, pisua ordaindu gabe, eta diru sarrerak zero. Subsidioren bat kobratzen duzu, baina ez zaizu ezertarako iristen. Liburuak erostea ere luxu bihurtu zitzaizun aspaldi. Liburutegian hartzen dituzu, eta sarritan bertan irakurri, etxeko berogailua ez erabiltzeko. Han elkartzen zarete zure moduan dauden beste langabe eta jubilatuak, hauek ere eskas eta larri euren pentsioarekin. Liburutegia jende baztertuaren ghetto bihur-tzen ari ote den iruditu zaizu bat-batean. Hobe duzu etxean geratu, hotza bada ere, ez dezatela pentsa hain gaizki zaudenik. Egoera horretan irakurritako liburuak zer ekarpen egingo dio zure zoritxarrari? Txikia, ezdeusa, ezin duzu istorio barrura sartu, bera zure baitara sartzen ez den bezala, arazoz okupaturik baitago zure garuna.

Oporretan baldin bazaude liburua gozamen orokorraren zati bihurtuko da: berandu jaiki, atarian edo terrazan gosaldu, hondartzara jaitsi eta poltsatik irrikaz aterako duzu liburua. Edo bazkaldu ondoren besteak siestara joan direnean, gerizpean eseri kafe eder batekin, zigarro bat piztu eta zoriontsu irekiko duzu liburua. Testu horri zapore ona hartuko diozu, bizitza ralentian doalarik ez duzulako liburua ere azkar irakurri beharrik. Eta gero, negu gorrian, noizbait oporrak oroitzen hasiz gero, ziurrenik piztuko da zure baitan halako liburua Granadan, edo Sorian edo Katalunian irakurri zenueneko oroimena. Eta beti atxikirik eramango duzu informazio hori, nik Cien años de soledad uztail batez Urrestillako gure jaiotetxean irakurri nuela oroitzen dudan bezala.

Nork ez du oroitzen amodio baten galeraren erdian kontsolagarri suertatu zitzaion liburu hura? Liburu harekiko maitasuna ez al dago itxaropen izpiez zipriztindua, etsipenaren erdian hain beharrezkoak ziren argi printzak erakutsi zizkizulako? Etxetik urrun zeundenean zure ama hizkuntzan irakurritako istorio haiek, poema haiek, ez al ziren bilakatu zure herriminaren gozagarri eta sendagai? Zenbat oroitzapen sentimental dauzkagun liburuekin lotuak, batzuk onerako, besteak txarrerako!

Gure barne egoeraren arabera irakurtzen ditugu liburuak, eta liburu batek denei hitz berberak eskaini arren, bakoitzak ezberdin irakurriko du bere talaia emozionaletik. Bati zerbait esango dio, besteari agian ez. bat esnatu egingo du, bestea aspertu. Guk haiek bezala, haiek ere gu irakurri egiten gaituztelako. Bizitza alda diezazuketen liburuak daude, baina merezi du: heldu arriskuari beldur barik, eta segi haien orrietan barrena.