Marisol abeslariaren kantuak dioen bezala bizitza tonbola bat dela erakutsi nahi izan du Agurtzane Intxaurraga antzerki zuzendariak Tonbola kaleko ikuskizun berrian. Erortzen ari den herri baten historia kontatzen da bertan. Hain zuzen ere, Intxaurragak azaldu duenez, Europak bizi duen dekadentzian oinarrituta dago an-tzezlana. "Tonbolero familia bat da protagonista eta Europan bizirauteko, edozein gauza zozketatu behar dute", aurreratu du.

Herrialde berean bizitza errealitateak guztiz desberdinak izan daitezkeela erakusten du Hika Teatroaren Tonbola lan berriak. "Bizitza tonbola bat da eta alde batean edo bestean egon, inork ez du Europan jaio izatearen errurik", adierazi du Intxaurragak. "Horrek baina ez dizu beste bati sarrera ukatzeko eskubiderik ematen", gaineratu du. Hein handi batean hori izan da ikuskizunaren abiapuntua, hots, egunerokotasunean ohartzea ze desberdina den bizitza jaioterriaren arabera, edo hitz egiten den hizkun-tzaren arabera. Hain zuzen, Berlingo Harresiaren erorketa izan zen ikuskizunaren abiapuntuko adibidea. "Jende askorentzat hesirik gabeko herri baten ametsa izan zen, baina urteek aurrera egin ahala ikusi da Europak muga asko dituela".

Sorkuntza prozesuan barneratuta, Benjamin Jimenezen Sueñan los peces con huelgas generales testua iritsi zitzaion zuzendariari eskuetara. Bertan Europari buruz oso modu ironikoan ari da Jimenez. "Oso neure sentitu nuen testua eta buruan neukan ideia testu horretan islatua zegoela ikusi nuen". Ikuskizunak hortaz, Jimenezen eta Intxaurragaren testuak tartekatzen ditu. Europaren festa adierazi nahian, bere haurtzarora jo zuen Intxaurragak: "Eurovision jaialdia memoria historikoa iruditzen zitzaidan eta hortaz baliatu naiz ikuskizunari umorea sartzeko". Ikuskizunean ageri diren kantu gehienak Eurovision jaialdikoak direla eta ahotsa zuzenekoa dela zehaztu du. "Zaila izan da baina uste dut lortu dugula absurdoa eta salaketaren arteko oreka lortzea, umore gordina egitea".

Panpinak, kolaborazioak

Bost aktorek osatzen dute Tonbola antzezlanaren taldea: Eneko Gil, Miren Gojenola, Iñigo Aranburu, Sandra Fdez. Agirre eta Maryse Urrutyk. Azken biek pertsonaia bera interpretatzen dute txandaka. "Elkarrekin sekula lan egin ez duten bost aktore dira baina talde bikaina osatu dute, eta talde sentsazio hori eszenan nabari da", adierazi du Intxaurragak. Ai-tzitik, garbi zeukan teatro fisikoa nahi zuela, ezin zela testuduna izan. "Kaleak dinamika hori behar du, erritmo handiko ikuskizuna". Halaber, hainbat diziplina hartzen ditu bere baitan obrak: panpinen manipulazioa, aktoreen mugimendua€ "Kabaret poetikoa da".

Kontatu nahi zuenerako lau aktore izatea txikia egiten zitzaiola aitortu du Intxaurragak eta horregatik tamaina naturaleko lau panpin ere erabiltzen dituzte obran. "Beste bolumen bat ematen diote obrari." Bestalde, Europako mugen bi aldeak kontatu nahi zituen, bertan bizi denaren eta kanpotik datorrenaren emozioak islatu. Europar batek europarrak ez direnei buruz zerbait kontatzeak baina, lotsa ematen zion zuzendariari eta migrante batzuen parte hartzea izan dute obran. "Beraiek ere egon dira sormen prozesuan, beraiena baina ez da lan artistikoa, pertsona gisa lekukotza bat kontatzen dute". Sentsibilizazio lanak tarteko, lekukotza horiek obrari balio erantsi bat ematen diotela uste du Intxaurragak "Antzerkia edo fikzioa izatetik errealitatea izatera igarotzen da". Halaber, sorturiko harremana berezia izan dela azpimarratu du zuzendariak.

Pandemiara moldatuta

Pandemia egoerak baldintzatuta, obra moldatu behar izan zuen Intxaurragak konfinamendu bete-betean. "Alarma egoeraren aurretik ikuskizunaren hezurdura zehaztuta zegoen, Europaz hitz egiten genuen, mugez, lurraldeez". Astebete baino gutxiagoan baina, Europa osoa itxi egin zen eta mila kilometroko mugak izatetik etxe bakoitza bihurtu ziren muga. "Guk horren aktuala zela - migrazioaren gaia- uste genuena galdu egin zen". Egoerari entzungor ezin eginda, egokitzapenak ekarri zizkion pandemiak testuari. Baina edukiaz gainera, an-tzezpena bera ere moldatu behar izan zuten. Egokitu egin genuen obra, aktoreek ahalik eta denbora gehienean distantziak manten zitzaten. Elkar-eraginak distantziak mantenduta egin ditugu, eta eszenara bi pertsona batera azaltzen direnean ez dira ukitzen". Horrez gain, emanaldiro protokoloak jarraitzen dituzte, hala ere, Intxaurragak adierazi du kaleko obra izanik eta publiko mugatua dagoela kontuan hartuta, protokoloak onartzen dietela aktoreek zein publikoak maskara kenduta edukitzea. "Maskararekin pertsona robota bihurtzen da, ez zaio espresiorik ikusten eta hori guretzat oso sentsazio desatsegina da, horrela egin behar izatekotan, nahiago genuen ez egin", aitortu du.

Egungo egoerak jarritako oztopoak oztopo, duela bi aste egin zuten aurrestreinaldia Errenterian eta joan den astean Galizian izan dira obra estreinatzen. Hemendik aurrera Euskal Herriko kaleetan ibiliko dira. Datorren astean adibidez, Arrigorriagan (Bizkaia) izango dira uztailaren 22an, eta Villabonan (Gipuzkoa) uztailak 25ean. Hortxe Tonbolaz gozatzeko aukera.