Eraikin berri eta “moderno” izenaz kalifikatzen den arkitektura baten aurrean, biztanleriak harridura handia erakusten du sarri. Ez da arraroa izaten, arkitektoen artean saritua eta goraipatua den eraikina, kaletarren ahotan “itsusia” dela entzutea. Agerikoa da diziplinarteko eta gainon-tzekoen artean dagoen distantzia eta ulerkortasun falta. Distantzia hau larritzat jo eta arduratu behar gaitu, arkitektoak biztanleen bizileku eta bizi testuinguruen eraikitzaile diren neurrian, bi begiraden ulerpen-gune bat beharrezkoa delako.

Arkitekturak inguratzen gaituelako eta begien aurrean irudi bat sortzen duelako, edonor bilakatzen da arkitektura kritikari, eta askotan iritziak, espazioen kalitateetatik baino, eraikinen estetikatik eta itxuratik egin ohi dira. Hortik “itsusia” eta “arraroa” kalifikazioak hain popularrak bilakatzea,“moderno” hitzari lotua. “Moderno” esaten zaio, “ezberdin” esan nahi denean. Arkitektoen artean badago argudio oso konpartitua afera honen aurrean: medikuarengana goazenean medikuak dioenari men egiten diogun bezala, zergatik ez da arkitekturarekin berdina egiten?

Ukitzeko arkitektura Egun lan-tzen den arkitekturaren atzetik dagoen pentsamendu eta logikak azaleratzeko, 2019ko Euskal Herriko Elkargoak saritutako obretara jo dugu. Iruñeko GVG estudioari kategoria ezberdinetako bi sari aitortu zaizkio, zaharberritze eta barne diseinuan, hurrenez hurren. Daniel Galar Irurre, Josecho Vélaz Ballesteros eta Javier Gil Ayesak osatutako kideen ibilbidea, banaka lehenik eta elkarlanean geroago, sariz josita dago. Baina sarien gainetik, arkitektura egiteko modu eta pentsamendu bat erdietsi dutelako goraipatzen dira. Orain arte burututako lanen ezaugarri nabarmenetakoa zera da: ikustekoa ez ezik, ukitzeko arkitektura ere badela. Azken urteetan burututako lau lan nagusi aukeratzeko eskatu diegu: zaharberritze lan bat, barne diseinuko bi lan eta jatorritik hasitako eraikin bat. Denak Nafarroan dira bisitagai.

Eraikin hauen garapen prozesuan hainbat helduleku ezberdinek eskaintzen diote “zentzu” jakin bat arkitekturari. Helburuen koheren-tzia eta hauen espazioratzearen artean lortutako emaitza da arkitekturan oso baliotsua dena. Emai-tza gisa ikusten den irudia edo fatxada aipagarria den atal bat besterik ez da. GVGren eraikinen argazkiak begiratzearekin ez dugu eraikina ulertuko, ezta bere balio guztiak bereganatuko ere. Pertsona baten inguruan bere irudiarekin aurreiritzi bat osa-tzen dugunean bezala jokatzen arituko ginateke. Arkitekturan, esperientzia lehen pertsonan bizi eta espazioetan barneratu eta hauek erabiltzean jasotzen dugu beren izaera eta hauek konprenitzeko aukera. Are gehiago, arkitektura lanean materialitatean ikerketa egiten bada, GVGren lan guztietan igarri daitekeen lan-ildoa. Argazkien bidez eraikinetako ehundurak ukitzeko aukerarik ez, baina hitzekin posible izango dugu ehundura horien atzetik dauden pentsamenduak deskubritzea.

lau adibide Iruñeko XIX.mendeko geriatrikoaren zabalpen eraikina ehundura memoriaren aztarnen inguruko gogoeta baten ondorioa da. Hormigoiak kolore berezi bat du, eraikin zaharreko harri eta adreiluen arteko zementu kolore berdinekoa, hain zuzen ere. Bikain eraikitako hormigoiaren zahartze prozesuak materialari arkeologia balioa emango dio, denboraren igarotzearen erakusle.

Baztanen kokaturiko goxoki-senda-tzaileen lantegi berrian industria eraikin atsegin bat lortu da, materialitatearekin ez ezik, estaldura eta bolumetria lan zorrotzari esker. Arkitektura industriala paisaiaren parte bilakatzeko helburuarekin lan egin da eta emaitza txundigarria da. Ehundurari dagokionez, egurrezko xafla beltzekin arkitektura domestikoarekin keinua egiten zaio eta arro-tza izateari uzten dio.

Enpresa baten bulegoen atontze-lanetan gortina zuri eta beira beltzen ehundura konbinaketek espazio boteretsua erdiesten dute Iruñeko EAFI bulegoetan. Argi naturalaren sarrera espazioan zehar “mugitzea” lortu da efektu bereziak sortuz, beiraren isla eta gortinen zehar-argien jolasekin. Bestalde, Hartza jatetxearen berriztapena aurreko jatetxe baten irudiari jarraipena ematetik jaio da. Metalezko urrezko xafla pieza zulatu batek barne espazioa antolatzen du. Elementu berezi honekin jesarleku, pareta eta barandak sor-tzen dira, eta horregatik jatetxearen irudia ehundurarekin erlazionatzen da. Zulaketaren marrazkia, sarrerako zoladuran tatuaturik ageri dena, ehundura lokal batetik hartua da.

Adibide hauek ikusita, esan dezakegu egoera, beharrizan eta testuinguru arras ezberdinetan materialitatearen erabilerak kontakizun bat sortzen duela, eraikuntza-jakintza handiaren eta egikaritze-kontrol apartaren erakusle. Hau da, arkitektura onaren erakusle.