Ozeanoaren beste aldeko pelikuletan estralurtarrek Central Parken lur hartzen duten bitartean, Euskal Herrian zonpiro karlisten eta momia abertzaleen arteko guda ekarri du pantaila handira Napardeath filmak (Katihotsak Logia Kultur Elkartea, 2019). 2011n hasi zuten Ataun of the Dead trilogia itxi dute horrela Beñat Iturrioz eta Xabier Padin zuzendariek. “Guk behintzat, hemen bukatu dugu Zumalakarregi zonbiaren istorioa. Steven Spielbergek laugarrena egin nahi badu Estatu Batuetan, gu laguntzeko prest, baina berak egin dezala”, dio barre artean Iturriozek.

Aurreko bi filmetan bezala -Ataun of the Dead (2011) eta Joxean’s Hil Eben (2014)- Napardeath-en ere Tomas Zumalakarregi jeneral karlista zonbia da protagonista nagusia. Lehendabiziko pelikulan Zumalakarregi berpiztu zuten bi zientzialari karlistek, Patxi Lopezen agintaldian foruak kolokan ikusi zituztenean. Bigarrenean, zonbi karlisten armada osatu zuen Zumalakarregi jeneralak; Partidu Nazionalista Banpiroko kideek ordea, beraien nagusitasun politikoa eta biziraupena arriskuan ikusi eta Agirre lehendakaria berpiztea erabaki zuten, zonbi karlistei aurre egiteko. Karlistak nagusitu ziren, ez aurretik zonpiro, zonbi eta banpiro, bihurtu barik.

Hortxe du abiapuntua, hain zuzen ere, hirugarren pelikulak: Zumalakarregi, zonbi eta banpiro bihurtuta, bere burua euskaldunen errege erreklamatzera joango da Iruñeara. Han ezker abertzalea izango du aurrean, bere boterea berreskuratu nahian, eta Antso Azkarraren momia berpiztuko dute horretarako. Antsok Euskalibor ezpata erabiliko du Amaiurreko momien gudarostea berpizteko eta Nafarroako Erreinua berrezartzeko. Gauzak horrela, bi ahaide nagusien arteko bando gerra gertatuko da.

Iruditegi kolektiboa “Ez dago zonbien pelikula nahikorik. Beste bat egin behar dugu, baina oraingoan Euskal Herrira ekarriz eta euskaraz”, prentsatu zuten duela zortzi urte Padinek eta Iturriozek. Hala, 2011n Ataun of the Dead proiektuari ekin zioten: “Argi genuen trilogia bat izan behar zuela. Lehenengoan Zumalakarregi berpiztu, Agirre Lehendakari banpiroaren aurka borrokan jarri bigarrenean, eta Antso Azkarraren kontra hirugarrenean. Erronka pertsonala bota genion geure buruari, hau hasi eta bukatu behar genuen, eta lortu dugu”, kontatu du Iturriozek.

Zuzendariak dio trilogiaren helburuetako bat Euskal Herriko espektro politiko guztian satira politikoa egitea izan dela: “PSEri egokitu zitzaion lehena, EAJri ondoren eta Ezker Abertzaleari azkena. Tartean UPN eta azken urteetan sortutako alderdi moreentzako tokia ere utzi dugu”. Bestetik, euskal iruditegi kolektiboan eragin nahi izan dutela azaldu du Iturriozek: “Gure inguruan geroz eta ohikoagoa bihur-tzen ari da Abraham Lincoln nor den jakitea, eta Tomas Zumalakarregi, Agosti Xaho edo Agirre Lehendakaria ez ezagutzea. Alegia, bizi garen mundu global honetan gehiago dakigu herrialde anglosaxoiei buruz Euskal Herriari buruz baino, eta ahal dugun neurrian, horri buelta ematera etorri gara, euskal pertsonaia historikoak berreskuratu eta eguneratzera”.

Auzolanean Auzolanean garatu dute proiektu osoa, baita Napardeath “pastoral zinematografiko” hau ere, trilogiaren azken atala. Zapi hilabete pasa dituzte grabatzen, Euskal Herriko punta batetik bestera, “eguneroko lanek utzi diguten denbora librea baliatuz”. Aurrekontuari dagokionez, 3.000 euro gastatu dituzte orotara Napardeath egiteko eta gehiena catering-era bideratu dutela dio Iturriozek, “garrantzitsuena aktoreek ondo jatea eta edatea baita”, bere esanetan.

150etik gora lagunek hartu dute parte filmaren grabaketan: “Aurrekoetan baino jende gehiago animatu da azken atal honetan. Joxean’s Hil Eben estreinatu genuenetik asko izan dira gurekin parte hartu nahi zutela esan digutenak eta guk baietz esan diegu guztiei. Parte hartu nahi duenak parte hartuko du, eta pertsonaia berri bat asmatu behar badugu, asmatuko dugu”, azaldu du zuzendariak. Gainera, zonbi pelikulek beti dute pertsonaia bat non txertatu: “Napardeath-eko karlista zonpiroen eta momia abertzaleen arteko azken borrokan, adibidez, 60 pertsona inguru aritu dira kamera aurrean. Hiru egunetan grabatu behar izan dugu azken guda hori eta beraz, ehun lagun inguru gerturatuko ziren guztira eszena horretan parte hartzera”.

Gainontzeko atrezzoa lortzeko, bestalde, egizu zuk zeuk filosofiari heldu diote: “Bigarren eskuko dendetan izan gara arropak eskuratzeko eta soldadu askoren uniformeak oihalekin egin ditugu, eskuz. Antso Azkarraren hilkutxa egiteko, adibidez, asteburu oso bat erabili dugu. Ofizialki 3.000 euro gastatu ditugu, bai, baina gutako bakoitzak eskainitako denbora eta eskuz egindako lana ez dugu kuantifikatu”.

B serieen kontsumitzaileak Ataun of the Dead “proiektu periferikoa” dela aitortu du Beñat Iturriozek, mainstream-aren kontrakoa: “Badakigu jendearen gehiengoak ez duela zonbien generoa gustuko eta frikitzat joko dutela gure lana. Gu B aldeko serieen kontsumitzaileak gara, bai, baina argitu nahi dugu trilogiako filmak komedia direla eta ez zonbien beldurrezko film kutreak. Euskal Herriko satira politikoa eta umorea uztartzen dute eta aurreiritzirik gabe ikustera etorri direnek gozatu egin dutela esan digute”.

Hamaika erreferentzia literario, kultural eta politikorekin aberastu dute Ataun of the Dead trilogia: “Betidanik ikusi ditugun pelikulak identifikatu ahal izango ditu ikusleak, dela Star Wars, Indiana Jones, The Big Lebowski edotaMonty Ptyhon eta Tarantinoren edozein pelikula. Gabai, Justin Hiriart eta Asisko Urmenetaren komikietatik ere asko edan dugu”, azaldu du zuzendariak. “Milaka erreferentzia eta influentzia koktelera baten sartu eta zortzi urte hauetan ondu ditugun hiru pelikulak atera zaizkigu, modu natural batean betiere”, ondorioztatu du Iturriozek.

Halaber, zuzendariak uste du Euskal Herriko kulturgintzan asko dagoela deskubritzeko: “Horren herri txikia gara non, nahiz eta kultura oso aberatsa izan, gauza asko dauden egiteko. Guk proposatzen duguna apenas egin da hemen, eta horregatik suerta daiteke publikoarentzako arrotza. Euskal zonbien pelikula bat? Lorategi batean lau hostoko hirusta bat aurki-tzea bezala da hori: zenbat eta handiago, errazago aurkituko duzu, zenbat eta txikiago, zailago. Horregatik ezin dugu gure burua AEBrekin konparatu”.

Katihotsak Logia Hogei lagun inguruk osa-tzen dute Ataun of the Dead trilogia ekoitzi duen irabazi asmorik gabeko Katihotsak Logia Kultur Elkartea: “Gure ezinegon kulturalak bideratzeko asmoz sortu genuen duela urte batzuk Katihotsak Logia, eta horren emaitza izan dira egin ditugun hiru film hauek. Elkarteko bakoitzak badu bere lagun sarea eta horrek lagundu du proiektua hedatzen”, azaldu du Beñat Iturriozek. Trilogia bukatzea lan luzea eta neketsua izan dela aitortu duen arren, pozik dago azken emaitzarekin: “Ikusi nahiko genituzkeen istorioak gurera ekarri eta errealitate bilakatu ditugu, euskal iruditeria eta pertsonaiak uztartu eta gure historia zinemara eraman dugu, euskaraz, gure hizkuntzan. Ezin zaio gehiago eskatu”. Trilogiako filmetako bakoitzean herritik eta herriarentzat eginiko lana ere azpimarratu nahi izan du Iturriozek: “Herri antzerki batetik gertu izan gara hiruretan, non jendeak gogo gehiago izan duen jakintza baino, eta hain zuzen ere, horrek animatu gaitu gu proiektua bukatzera”.

Napardeath Euskal Herrian barrena aurkeztea dute helburu orain Katihotsak Logiako lagunek. Emanaldi batzuk badituzte hitzartuta uztaila bitarte, baina kontratazioa zabalik dute katihotsak@gmail.com helbidean.