Azken urteetan amatasunak eskainitako esperien-tziak eta bizipenak poema bihurtu ditu Ione Gorostarzuk (Berastegi, 1884). Ama hitza “norberak berdefinitu” behar duela uste du, emakume guztien artean “eredu askeago batera heltzeko”. Gorputza, ahizpatasuna eta haur-tzaroa bezalako gaiei ere lekua egin die liburuan.

Ama izatearen esperientziak bildu dituzu lan honetan. Zelako sentipenak topa ditzake irakurleak?

Beldurretik hasi eta pozeraino, maitasunetik hasi eta itomeneraino, tartean hainbat sentipen eta bizipen eta burutazio, kezketatik igarota. Eta galderak, nik uste, galdera asko. Sentimenduak ez dira jarraiak eta koherenteak izaten, eta saiatu naiz epaitu gabe agertzen gorputzean bizi izandako horiek guztiak. Berez, esperientziek eurek bakarrik ez dute eusten liburua, eta sentipen horiek langai gisara erabili ditut literaturarako.

‘Ez da erditzea’ aukeratu duzu izenburutzat. Arrazoi bereziren bat?

Poema baten lehen hitzak dira. Behin bilduma eginda, poema hori egokia ikusi nuen amaierarako, liburuan zehar egindako bideak horraino eman zuela ulertuta, eta, aldi berean, izenburuan ere biltzen zuela lan osoaren esentzia, gehiegi esan gabe. Poemak esaten du “ez da erditzea, bikoiztea da”. Behin erdi-tzea gertatzean, ama-haurra harremanaz ari da, bi gorputzen arteko espazioaz edo mugaz.

Besteak beste, amatasunaren eta amek izan beharko luketenari buruzko iruditegia salatzen duzu liburuan.

Emakumeoi (ama izan nahi ez dutenei, izan ezin dutenei, ama ez direnei, ama direnei, ama bat dutenei? Orokorrean, denei) pisu handia eragiten digula uste dut hizki larriz idatzitako ama horren iruditeriak. Ipuinetatik hasi eta abesti, iragarki eta esamoldeetaraino, oso barneratua dugu maitasun eta zaintza iturri mugarik gabea den amaren irudia. Eta, nahiz ustez kontzienteki eta asko hausnartuta egunero-egunero beste amatasun mota baten aldeko hautu pribatu edo pertsonala egin, ezinegon handia eman dit ohar-tzeak, esaterako, nola nik, neure-tzat eredu “askeago” bat bilatzen nuen bitartean, aldi berean elika-tzen nuen, esaterako, amona bezala nire amarengan ustez gainditu nahi nuen iruditeria hori.

‘Ama’ hitza berdefinitu beharra dago, orduan?

Norberak bilatu, eraiki, erabaki beharko luke nolako ama izan ahal edo izan nahi duen. Baina amatasuna ehuneko ehunean maitasunari eta zaintzari lotuta ulertzen dugu, emateari, eta zailago egiten da hor arauak, neurriak, espazioa, kudeaketa, negoziaketa bezalako kontzeptuak sartzea. Horregatik diot engainagarria dela pentsatzea norberak aske erabakitzen duela nolako ama izan: bidean badira oztopoak zaintzari lotuak, patriarkatuari, erruari, emakumetasunari? Bide aberasgarria da, eta poliki-poliki egiten ari gara, baina denboran, kezkan eta hausnarketan, esaterako, alderaezina da ze neurritan eragiten duen aitatasunak edo amatasunak.

Autobiografikoa al da lan berri hau?

Asmoa ez da nire biografia egitea. Nire bizitzak ez du halako interesik. Baina, oraingoz behintzat, gorpu-tzetik eta esperientziatik idazten dut, bizi izan dudanetik, hunkitu edo ukitu nauenetik, nahiz eta ukitu nauen horrek beste protagonista bat izan dezakeen. Autobiografikoa baino, esango nuke, beraz, lehengai eta langai izan dudala nire biografia. Ez bakarra, baina bai, agian, garrantzitsuenetakoa.

Bat-bateko poemak dira liburuan bildutakoak?

Badira unean bertan idatzitako poemak eta baita gerora idatzitakoak ere, oroitzapenetaik tiraka; esaterako, haurtzaroan kokatutako poemak. Izan ere, amatasunaz gain, beste hainbat gai jorratu ditut: gorputza, emakumetasuna, haurtzaroa, harremanak, ahizpatasuna eta baserri giroa ageri dira liburuan, besteak beste.

Lehen unean idatzi zenituen moduan jaso dituzu poemak liburuan, edo moldatu egin dituzu?

Nik poema instante batean ikusten dut, harrapatu eta paperean edo mugikorrean gordetzen dut; baina gero, jakina, lan kontzienteago bat egiten dut bilduma osatu eta zuzen-tzen, kentzen, hobetzen? Poema bakoitzak bere buruari eutsi behar dio, eta, aldi berean, bildumari ekarpen bat egin. Poema bakoitzak bi baldintza horiek bete zi-tzan saiatu naiz.

Zazpi urte pasa dira ‘Des egiten’ zure lehenengo lana argitaratu zenuenetik. Ze aldaketa nabari duzu denbora honetan, lan batetik bestera?

Nire bizitzaren aldaketarik esanguratsuena, eta liburuan eragina duena, bi aldiz ama izatea izan da. Idazle moduan, liburu hauxe da zazpi urte hauetan tantaka egindako lanaren emaitza. Lehenengo lanetik aldenduta, esango nuke Ez da erditzea egoerei edo bizipenei lotuago dagoela pentsamenduari baino, eta narratiboagoa ere bada. Liburu helduagoa dela ere esango nuke.

Aurrera begira, zer plan dituzu?

Idazten jarraituko dut. Lan hau itzulera ere izan da. Itzulera modu kontzienteagoan idaztera, itzulera plazara nolabait, idazle sentitzera, sormenari lekua ematera nire egunerokoan, eta olatu horri heldu nahi nioke, idazten jarraitzeko.