Bikoiztaile euskaldunek planto egin dute. Ez dute Zinema Euskaraz programako film gehiagorik bikoiztuko, ezta EITBrentzako edukirik ere. Urte luzez lanbidearen prekarizazioa salatzen egon ostean, sektoreko hainbat langile antolatu eta Bikoiztaile Euskaldunen Elkartea (BIEUSE) sortu zuten iragan udazkenean eta elkarte horren bidez ari dira orain euren kezka eta aldarrikapenak helarazten. Xabier Alkiza bikoizlea da elkarteko kideetako bat.

Noiz sortu zen Bikoiztaile Euskaldunen Elkartea?

2018ko udazkenean sortu genuen. Azken soldata eta lan baldintzen jaitsiera ez genuela onartu nahi erabaki genuen lanbidean gabiltzan pertsona batzuek. Gure lana ez dago araututa EAEn, beraz, enpresa bakoitzak nahi duena egiten du eta ez daukagu lan arlotik inolako babesik; orduan, baldintzak eta soldata behin eta berriz jaitsi izan dizkigute, urte luzez. Iritsi gara lotsa emateko moduko egoera batera. Batu ginen eta erabaki genuen elkarte baten bidez gutxieneko defentsa bat izango dugula, behintzat gure artean defendatzeko eta enpresek inposatzen dizkiguten jaitsiera horiek ez onartzeko.

Autonomoak zarete?

Ez. Lan egiten dugun egunean enpresaren langileak gara zuzenean eta eskubide batzuk dauzkagu horregatik, baina egun horretan bakarrik. Hurrengo egunean ez gaude lanean eta ez dugu inolako eskubiderik ezta loturarik ere enpresa horrekin. Ez dugu antzinatasunik, ez epe luzerako kontraturik, ez gara aldizkako langile finkoak edo behin-behinekoak? Beste figura bat da eta eguneko kontratuen menpe gaude.

Soldata ere jaitsi dizuete.

Gehien ordaintzen diguten enpresetan, 2004ko ordainsariak jasotzen ari gara. Beste enpresa batzuek ordaintzen dutenarekin alderatuz %30-35eko ezberdintasuna dago. Horrela ezinezkoa da profesionala izatea, ez dago lan bolumenik eta baldintzak kaskarrak dira.

Lan bolumena aipatzen duzu. Orain dela urte batzuetatik hona, asko egin du behera.

EITBren euskarazko ereduan ez da bikoizten. Haurrentzat egiten zena asko jaitsi da, egun 100 ordu inguru baino ez dira bikoizten urtean eta garai onenetan 1.000tik gorakoa zen kopurua. Horrek ez du ematen enpresek eta profesionalek bizirauteko, ezta euskara sustatzeko ere. Ematen diren produktuetan badaude kexak eta audientzia arazoak. Adibidez, ETB 3-k zero ematen du eta horrek esan nahi du eskaintzen diren produktuak ez direla ikusleen gustukoak. Gutxi, errepikatuak eta, gainera, ez gustukoak. Desagertzera goaz.

Beraz, zuen iritziz, ez da egiten ETB1 eta ETB 3-ren aldeko apusturik?

Hori da gure borroka handiena. Euskara baztertu egin da ikus-entzunezkoan eta fikzioan, azken bi hamarkadetako egoera hori da. Jende gehiegik pentsatzen du ETB 2-ko edukiak askoz kalitate handiagokoak direla edo diru gehiago balio dutela. Esku artean dugu txosten bat EITBren sei programa garestienen inguruko datuekin, eta lehenengo bostak gaztelaniazkoak dira. El Conquistador del fin del mundo-ren aurrekontua da urte guztiko bikoizketaren ia bikoitza. Programa bakarrarena, eta gaztelaniaz da. Hori da behar dugun telebista publikoa, Eusko Jaurlaritzak ordaindua? Agian, susmoa baino, errealitatea da apustu faltarena.

Noiz hasi zen euskarazko bikoizketaren gainbehera?

Bikoizketa erabaki baten ondorioz hasi zen desagertzen. Prozesu luzea izan da. 90eko hamarkadaren amaieran, EITBko orduko zuzendaritzak erabaki zuen apustuak beste bat izan behar zuela, fikzioa haurrentzako bideratu zuten eta gainera orduak kenduz joan ziren. Gero, krisialdia iritsi zen, oraindik muturrekoagoa izan zen jaitsiera hori, eta orain, krisialdiaren ondoren ere, EITBk finantzatzeko dituen arazoak direla eta, ez dago edukietarako dirurik, euskarazkoetarako behintzat. Erabaki politikoa izan da, ez baita egin bikoizketa kentzearen eraginei buruzko txostenik edo benetan planteatu euskarak bikoizketa behar duen ala ez. Bingen Zupiria egungo Kultura sailburu eta orduan EITBko zuzendaria zenarekin izan ditugun bileretan galdetu diogu 20 urteren ondoren hau guztia ez al den nahikoa froga eredu hori porrota izan dela ikusteko, baina ez dago aldaketarik egiteko prest.

Etorkizuna azpitituluena zela adierazi zuen Zupiriak, baina norabide horretan ere ez da pausorik eman.

Gaur egun, eztabaida horrek ez du zentzurik, digitalean dena baitago azpidatzita. Inork ez du eskatzen ETB 2-ko pelikulak azpidatzita egon daitezen, adibidez. Kontuan hartu behar da euskara hizkuntza gutxitua dela, eta hori sustatzeko azpidatziak emateak ez du zentzurik. Espainiar eta frantziar estatuetan guztia dute bikoiztuta, baina Euskal Herrian ez dugu euskaraz bikoiztuta ikusteko aukerarik ere. Zerbaitengatik deitzen zaie ikus-entzunezko, eta gure hizkuntzan entzutea garrantzitsua da, atzerrikoak nahikoa entzuten ditugu.

Zuen ustez, zergatik da beharrezkoa euskarazko bikoizketa?

Hasteko, hizkuntzarentzat da beharrezkoa. Hizkuntzak ikus-entzunezkoaren laguntza hori behar duelako, izan ere, gero eta jende gehiagok aldarrikatzen dugu gure hizkuntzak besteen aukera berdinak izan behar dituela. Zaila da, jende talde txikia garelako, bikoiztea ez delako merkea, prozesua konplikatuagoa da azpidaztearena baino, baina hizkuntzari ekarpen izugarria egiten dio. Ikusi beharra baino ez dago, gaztelaniaz, adibidez, mundu guztiak ulertzen ditu filmetan esaten direnak. Telebistako gaztelania horretara mundu guztia dago ohituta, gu ere bai. Ez zaigu arraro egiten, nahiz eta horrela hitz egin ez. Hizkun-tzarentzat oso aberatsa da. Inoiz baino euskaldun gehiago dago gure gazteen artean, orduan, zergatik ez diezu ematen behar bezalako eduki bat? Hori sustatu beharra dago. Baina hor dituzu denak telebista gaztelaniaz ikusten.

2012tik euskarazko bikoizketaz arduratzen den enpresa bakarra dago, Mixer. Honen merkatua EITBra mugatzen da.

Benetako euskarazko bikoizketak diru publikotik jan behar du, komertzialki ez baita bideragarria. Bikoizketak egon behar badu, publikoki sostengatua egon behar du. Garai batean Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako enpresen artean banatzen zen euskarazko bikoizketa lana. Horrek aukera ematen zuen profesional gehiago egoteko, euskalki ezberdinak lantzeko, beste aberastasun bat hartzen zuen. Mende hasieran, EITBren bikoizketa bolumen osoa lehiaketa batean esleitu zen eta enpresa bakarrari eman zitzaion. Enpresa bakarra egonik, bezeroak enpresa estutzen du eta enpresak, langileak.

EITBrekin aurrerapausorik ematen ez zela ikusirik, Eusko Jaurlaritzara jo zenuten, baina esan dizuete lan bolumena igotzea eta lan baldintzak hobetzea ez dela euren ardura, EITBrena baizik.

Jaurlaritzak eskuak garbitu ditu. Gobernua da EITB finantzatzen duena, kontratu programaren bidez esaten dio EITBri zertan gastatu behar duen dirua, beraz, ez du batere zentzurik. Argi dago, erabaki politikoa da bikoizketarik ez egotea, eta erabaki politikoa izan beharko da bikoizketa indartzea ere.

‘Zinema Euskaraz’ programaren baitan 12 film bikoizten dira euskarara zinema aretoetan estreinatzeko. Lan horrekin jarraitzeko ere planto egin duzue.

Zineuskadi elkarteko zuzendaritzak lan handia egiten du zinema komertziala euskaraz eman ahal izateko, baina azaldu behar izan genion lan horrekin soilik ezin garela bizi, Jaurlaritzak eman beharko digu zeharbideren bat profesionalki mantendu ahal izateko. Ukatu ginen, Asterix filmarekin saiatu ginen indarra egiten eta bilera lortu genuen Jaurlaritzarekin. Lego 2-n planto txiki bat egin genuen, eta horri esker lortu dugu enpresa mundutik erantzun bat, hitzarmen baten aurrekariak bidean jartzeko. Gure ustez, lanbidearen egoeraren erantzukizuna Hizkuntza Politika eta Kultura Sailean dago. Hasieratik aldarrikatu dugu hori.

EITBk ez ditu erosten ‘Zinema Euskaraz’ programan bikoiztutako pelikulen egile eskubideak, horiek telebistan emititu ahal izateko. Egindako lana galdu egiten da filma zinemetatik ken-tzen dutenean?

EITBk euskararekiko eta fikzioarekiko daukan jokabidea ez da ulertzekoa. Barinaga jaunak ETBko zuzendari kargua hartu zuenean esan zuen EITBn ez zela euskaraz bikoiztutako filmik ikusiko, eta bete egin du. Bikoiztu diren gutxiak eragile pribatuetatik etorri dira edo EITBk dirua jarri eta nahitaez bikoiztu behar zituenak dira.

Euskarak ez du pisu politikorik?

Euskararen aurka egiteak ez du jazarpenik. Euskara baztertu daiteke, erabil daiteke bigarren mailako zerbait bezala. Gaztelaniazko pelikulak azpidazteko inork ez du ezer esaten, baina euskaraz azpidatzi egin behar dira. Badirudi badagoela gero eta jende gehiago horri buruzko kontzientzia batekin. EITBk izan beharko luke euskararen eta kulturaren bultzatzaile nagusia eta ez da ulertzekoa kultura arlo batean euskarazko zinerik ez ematea, edo urtean bi film ematea, edo bertan produzi-tzen diren filmekin nahikoa dela esatea. Zenbat film ikusten ditugu urtean? Eta zein hizkuntzatan? Esan zuten etorkizuna ez zela bikoizketarena, azpitituluena baizik, jendeak originalean ikusiko zituela filmak. 2019an gaude eta inoiz baino gehiago bikoizten da, sekula ez da hainbeste bikoiztu, euskaraz izan ezik. Hainbat hizkuntzatan inoiz baino ikus-entzunezko eskaintza handiena dago aukeran; euskaraz, ordea, inoiz baino gutxiago.

Aipatzen zenuen askotan kanpoko jendearekin egiten duzuela lan eta toki batzuetan ofizioa zaindu egiten dela.

Ofizioa asko zaintzen da bai artistikoki eta baita linguistikoki ere, mundu guztian onar-tzen baita bikoizketa izugarrizko tresna dela hizkuntza bat garatzeko. Linguistikoki bi edo hiru pertsonaren filtroak pasatzen dituzte gidoiek: itzulpena, egokitzapena, hizkuntza arduraduna? Ez bakarrik eguneroko lengoaia, teknikoa ere bai. Horrek guztiak izugarri aberasten du eta euskarari ez zaio opatu. Horretarako, beste baliabide batzuk eta planteamendu batzuk behar dira, beti kalitatean oinarrituz. Ez da betetzen, eta horregatik egin dugu planto.

Hori guztia dela eta, lanuztera joan zarete. Ze egoeratan zaudete orain?

Lan aldarrikapenei dagokienez, sindikatu eta enpresa batzuekin gaude kontaktuan, gutxieneko batzuk arautuko dituen hitzarmen batean ari gara lanean, erkidego mailan.