Emakume aurpegia du Historiak Yoseba Peñarentzat (Sodupe, 1977). Emakumez osaturiko familia batean hazi zen idazle bizkaitarra eta horrek eraman du hiru emakume protagonista dituen Hariak (Susa) izeneko eleberria idaztera.

Hiru ataletan banatu du istorioa egileak, bakoitzari protagonista baten izena emanez: Irene, Xexili eta Olatz. “Zati bakoitza fotograma bat izan da nire buruan eta, fotograma horien bitartez, nolabaiteko aldaketa ikusten da”, azaldu du Peñak. Aurreneko zatirako 30eko hamarkadara jo nahi izan du: “sasoi horretan emakumeak eskubideak irabazten hasi ziren, plaza publikoetan agertu, egunkarietan idazten hasi ziren? mugimendu polita sortu zen, baina Gerra Zibilarekin dena moztu zen”. Garai hartan kokatu du Irene pertsonaia. Klase ertaineko emakume euskaldun baten bizimodua kontatzen da hemen, bere asmoak, borrokak, bere egunerokotasuna islatu ditu egileak atal honetan.

Bi ahizpen arteko talkari buruzkoak kontatu ditu Peñak liburuaren bigarren atalean. Xexili da protagonista eta, bere begietatik, Esti ahizpa txikiaren borroka kontatzen du. Emakume tradizionala da lehenengoa; bigarrena, berriz, Parisera ikastera joan nahi duen neska gaztea. Haien bitartez, Frankismo amaierako esnatze kolektibo hori eta gizartearen barruan ematen ari zen arrakala ezagutzera eman nahi izan du idazleak.

Franco hil ondorengo lehen urteetan kokatu du hirugarren pertsonaiaren istorioa. Olatz gaztea panfletoak banatzen hasiko da, errepresioak harrapatuko du eta errepresio horretatik ihesi, ETAko militante izatera pasatuko da. “Handik aurrera korronteak eramango du. Hori bai, burua ateratzea eta korronte horri kontra egitea izango da bere borroka”, azaldu Peñak.

GIZON BATEN BELARRIETATIK “Amaren aldeko birramama eta amama oso gertu izan ditugu beti, baita aitaren aldeko amama ere, eta haiek kontatu izan dizkidate garai bateko pasadizoak eta miseriak”, kontatu du Yoseba Peñak. Bere ustez, emakume kementsuak ziren, garaiko moldeek estutuak. “Esango nuke, nobela hau ez dudala gizon baten begietatik idatzi, gizon baten belarrietatik baizik: elkarrizketa ugari egin nituen, gehien-gehienak emakumezkoei. Eta horixe jaso dut: emakume berezi ba-tzuen ahotsak”. Idazlearen iritziz, berak entzundako istorioen modukoek “hobeto transmititzen dituzte garai bateko bizimodua, beldurrak eta ametsak, tresna egokiak izan daitezke gure iragana ezagutzeko eta ezagutarazteko”.

Orain dela hogei bat urte hartu zituen Peñak aurreneko apunteak, duela zortzi grabatu zituen lehenengo elkarrizketak, eta orain dela bost bat urte hasi zen idazten. “Mimoz eta patxadaz joan naiz istorioak ehuntzen eta asko ikasi dut prozesuan, hiritar bezala zein idazle bezala”.

Alde batetik, gure Historiako pasarte izugarriak ezagutu dituela aitortu du eta horrek asko lagundu diola gaur egungo tira-birak ulertzeko. Bestalde, hainbat erronka jo izan dizkio nobelak, eta haiek gainditzeko lan pila bat egin behar izan duela nabarmendu du. “Erronkarik agerikoena izan da, adibidez, protagonisten azalean sartu beharra, beste garai eta beste genero batekoak zirelako. Horrek fikzioa egitera bultzatu nau, zer eta elkarrizketen bidez lortutako hariak eta txatalak erabiliz”.

Dokumentazio lan handia egin du Peñak liburua ontzerako orduan. Istorioa Zarautzen kokatu du eta, lehenengo zatian, Gerra Zibilaren aurreko garaian, Amagoia Gurrutxagaren Zarauzko postalak liburuak asko lagundu duela jakinarazi du. Bestalde, orduko eta geroko egunkari eta saiakera pila bat irakurri dituela ere kontatu du. Halere, elkarrizketak izan ditu iturri nagusi, “neuk egindakoak eta ahotsak.eus proiektukoak”.

ERREFERENTZIA ANITZ Dokumentazio lanaz gain, erreferentzia ugari izan ditu egileak. “Sekulako zirrara sumatu nuen Svetlana Alexievitxen Gerrak ez du emakume aurpegirik irakurtzean. Nire modura, inguruko emakumeengandik jaso zuen Historia berak ere eta, horrez gain, esaten zuen emakumeek kontaera humanoagoa ibiltzen dutela, batailarik gabekoa, baina xehetasunez betea. Egundoko bultzada izan zen; zelanbait, konturatu nin-tzen bide onean ari nintzela”. Bestalde, mahai gainean etengabe Primo Leviren Urperatuak eta salbatuak lana izan du Peñak. Azkenik, prozesuan euskarak ere obsesionatu duela aitortu du idazleak. “Ekin aurretik, aldiro irakurtzen nuen hiruzpalau minutuz Koldo Mitxelenaren edozer edo Uztapideren Lengo egunak gogoan. Altxor itzela daukagu Auspoa sailean”.

Hilabete batzuk dira Hariak liburuak argia ikusi zuenetik, Durangoko Azoka tartean ere egon da, eta Peñak dionez, harrera bikaina izan du liburuak. “Durangora joan aurretik agortu zen lehenengo edizioa, hau da, hilabete eta erdian. Batez ere, hiru gauza aipatu izan dizkidate: engantxatzen duela, barrenak mugitzen dituela eta zer pentsatua ematen duela. Horiek ziren, hain zuzen ere, idazten hasi aurretik neure buruari jarritako helburu nagusiak”.