Sautrela saioko gidoilari lanak bukatzean Madrilera joan zen Xabier Gantzarain (Azkoitia, 1975), arte garaikideari buruzko masterra egitera. Bertan, lehenagotik ezagutzen zituen Euskal Herriko artista batzuen lanean gehiago sakontzen eta eurekin erlazionatzen hasi zen. Gero eta argiago zuen artista garaikideen lana ez zela ezaguna Euskal Herrian. Halaber, hedabideetan agertu eta erakusketak antolatu arren, ohartu zen ez zegoela euren lanen inguruko irakurketarik artearen mundutik kanpo.

Horrez gain, “aspaldiko kezka bat” batu zitzaion Gantzaraini: “zertarako da artea? Zertarako erabiltzen da? Zertarako balio digu guri gaur arteak?”. Zalantza horiei batu zi-tzaien 2011n borroka armatua behin betiko uzteko ETAren iragarpena eta Gara egunkariak berria iragar-tzeko erabili zuen azala. 2012an Elkar argitaletxeak eta Debako Udalak historia hurbilari buruz idazteko antolatzen duten Tene Mujika beka irabazi zuen azkoitiarrak. Gantzarainek hogei euskal sortzaile garaikideren lanak hartu eta saiakera bat ondu du bakoitzetik abiatuta, hala, Zuloa osatuz.

Ibon Aranberriren obra da ‘Zuloa’, izen hori jarri diozu liburuari, eta lehen kapituluaren izena ere bada.

Hasieratik argi nuen gauza bakarra zen azala zein izango zen. Banekien Ibon Aranberriren lan horren argazki hori nahi nuela portadarako eta azkenean izenburua erabaki-tzerakoan pentsatu nuen zuloak ematen zidala jokoa, Ibonen obraren izena delako, lehenengo kapitulua, baina zuloa beste gauza asko ere bada: memoriaren zuloa, zenbat gauza galtzen diren?

Iraganak irautera egiten duela diozu hitzaurrean, eta galdera egiten duzu: “Noiz hasten da iragana historia izaten?”. Ez dakit erantzunik topatu duzun dagoeneko...

Historia hurbila aztertzeko beka bat izanik, non jartzen duzu muga? Noiz arte da historia hurbila? Galdera dezente nituen eta horiek guztiak liburuari marko bat egiteko hitzaurrean jarri ditut, nire abiapuntua zein izan den ikusteko. Hau da, historiari nola begiratzen zaio, iraganari, historia hurbilari? zer da bakoitza? Non daude mugak? Azkenean, memoria ariketa bat da liburua, hau da, hartu ditut 23 artelan, batzuk zaharragoak beste batzuk berriagoak, baina nolabait historia hurbila lantzeko tresna gisa balio izan didatenak. Artelan horietan zer agertzen den, guri zer esaten diguten, kasu honetan niri zer esaten didaten, nahiz eta saiatu naizen ez izaten ni bat, baizik eta ni kolektibo bat, garai bat, jende bat, belaunaldi bat edo.

Liburuan diozu, memoria bezala, artelanak ere badirela tranpatiak, desegituratuak?

Niri asko interesatzen zait arteak eskaini dezakeena. Hitzaurrearen bukaeran galdera bat egiten dut: “Artea fikzioa da?”. Niri artea horregatik interesatzen zait asko, ez da fikzioa edo ez fikzioa, arteak dikotomia hori hautsi egiten du eta beste zerbait proposatzen du. Arteak gauzak nola ekartzen dituen erakutsi nahi nuen ere, eta niretzat zein interesgarria den hori. Ez baita gaia bakarrik edo historiako gertaera batekin lotura edukitzea. Nola ekar-tzen dizkigun gauzak eta nola daukagun horri begiratzea. Irakurketak ez dira hain itxiak eta ikusleak bere aldetik jarri behar du artelan baten aurrean zerbait sentitzeko, zerbait pentsatzeko, gozatzeko, sufritzeko edo dena delakoa. Irekia da.

Artea ulertua izateko egiten da?

Hor arazo bat dago artearekin. Ez dakit noiztik datorren, baina arteari buruz ari garenean esaten dugu artea ez dela ulertzen. Baina beste gauza batzuei ez diegu hori eskatzen. Inork ez du esaten musika ez da ulertzen edo nobela hau ez da ulertzen. Kontua beharbada ez da ulertzea, baizik eta denbora pixka bat hartzea, begiak eta burua irekita, gauzak ikusteko, eta norbere buruari galdetzea: zer da hau? Zer ikusten dut nik hemen? Zer esaten dit? Zerekin lotu dezaket? Askotan galdera horiek ez dira kon-tzienteki egiten. Tristea da zenbat gauza geratzen diren hor guk jada aurretik egindako eskemen arabera ikusten ez ditugulako.

Orduan, badago artelan bat uler-tzerik artelanaren testuingurua edo artista ezagutu gabe?

Zer ulertzen dugu ulertu hitzagatik? Zuk artelan bat ikus dezakezu eta disfrutatu dezakezu, horri buruz ia ezer jakin gabe. Beste kontu bat da artelan horri bueltaka hasten zarenean garrantzitsua dela jakitea artista nor den, non ikusten ari zaren, zein garaitan egindakoa den, etab. Baina hasiera baterako beharbada ez da hain erabakigarria hori guztia jakitea.

Txomin Badiolaren ‘Malas formas’ erakusketa lehen aldiz ikusi zenuenean, ezer ulertu gabe liluratu egin zintuela diozu liburuan.

Imajinatu, ni Arte Ederretako ikaslea nintzen eta pentsatzen nuen banekiela zerbait arteari buruz. Bat-batean konturatzen gara proposamen artistiko-estetiko bat ikusi eta beti ez dela erraza hori datorren bezala jasotzea, nahiz eta irekita egon. Baina ez ulertzeak ez du esan nahi ez zaizunik gustatu edo beste zerbait ez dizunik sorrarazi. Kontua da nik erakusketa horretan biak sentitu nituela: ez nuela ulertzen, gauza piloa zegoen ihes egiten zidana; baina, bestetik, gauza piloa egoteak ere sortzen zidan lilura ere. Zatiz osatutako gauza absolutu bat irudi-tzen zitzaidalako. Dena lotuta, egituratuta, nahiz eta batzuetan zen-tzurik ez topatu, badakizu elementu horiek ez daudela debalde. Ia unibertso paralelo bat iruditzen zitzaidan. Gero, artelanak aztertzen hasi nintzenean, beste mundu batera sartu nintzen.

Zertarako da artea, orduan?

Batek daki. Kontua da arteak baduela gaitasuna gauzak beste era batera planteatzeko eta, bere materialtasunagatik ere, mundua normalean ikusten ez dugun moduan aurkezteko; eta, seguru asko, gure eskemak, aurreiritziak eta egunerokoan dugun pentsamolde hori zartatzeko. Zirrikitu bat irekitzeko. Badauka gaitasuna gauzen ordena naturala desnaturalizatzeko eta erakusteko eraikita dagoela.

Euskal Herriaren historia hurbila gatazkarekin egon da lotuta eta liburuan hautatu dituzun artelanetako askotan argi geratzen da hori. Gizartea eta artea batera doaz?

Badago diskurtso bat oso zabaldua gizarteak eta arteak ez daukatela loturarik, edo azkenaldian behin-tzat galdu egin dutela lotura hori eta amildegi bat dagoela bien artean. Nik ezagutzen ditudan artisten lana erabat lotuta dago bizi dugun garaiarekin, gatazka politiko-armatuarekin, feminismoarekin? Hori ere bazen liburua egiteko beste bulkada bat, nire terrenora ekarri eta kontatzea nik nola bizi dudan.

Errelatoa bilduma duenarena dela esan duzu. “Euskaldunon tragedia ez da Picassoren ‘Guernica’ Madrilgo Reina Sofian egotea, Txomin Badiolaren ‘Homeland’ ere hantxe egotea baizik”.

Aspaldi buelta nahiko eman dizkiot horri eta argi dut museo batek bere bildumaren bidez egiten badu errelatoa bilduma horren nolakotasunak markatu egiten duela erabat errelato hori. Euskal Herrian zenbat museok dauzkate bildumak? Nolakoak dira? Artista garaikideen obrak badauzkate? Zein obra? Horrek denak egingo du egunen batean gure garai honen errelatoa, bildumaren araberako errelatoa egin beharko da.

Aipatzen zenuen bekara aurkezteko bultzadetako bat izan zela ‘Gara’ egunkariak Zumetaren artelana aukeratu izana ETAk behin betiko borroka armatua eten zueneko albistea emateko.

Bai. Ez dakit zergatik aukeratu zuten artelan hori, egin dezaket hipotesi bat motiboei buruz. Horrelako zerbait egiten dut liburuan; baina, berez, niretzat interesgarriena zen koadro bat egotea azalean eta kontrazalean. Artea, normalean, egunkari batean kulturako orrietan doa eta bestelako funtziorik ez zaio ematen, baina kasu honetan koadroa portadan zioan eta beste funtzio bat betetzen zuen, funtzio sinbolikoa. Arteak berezkoa duena. Sinboloa etimologikoki da batu ezin dena batzen duena. Egunkari batek koadro bat aukeratzen du portadarako, funtzio sinbolikoa daukan lan bat.

Zergatik ematen diegu horrenbesteko garrantzia sinboloei?

Zerbaiti heldu beharra daukagulako, seguru asko. Nahiz eta guk ez dugun sinetsi nahi, gure pentsatzeko moduarentzat oso inportanteak direlako sinboloak. Leku askotan erabiltzen ditugu, ia konturatu gabe. Denok konpartitzen dugun zerbait da. Horren arriskua da gauzak sinplifikatzea.

Euskal Herrian eta euskal kulturan arteak ez duela presentzia handirik diozu.

Esango nuke garai batean izan zuena baino gutxiago daukala. Beti konparatzen da 60-70eko hamarkadarekin, Gaur taldea, Ez Dok Amairu eta garai hartan arteak gizartean zuen presentziarekin, baina garaiak asko aldatu dira. Artea askoz espezializatuagoa da, bere zirkuituak dauzka, bere lekuak, dinamikak? Ia gauza autonomoa da, besteak diren bezalaxe, noski. Baina beharbada lehen eduki zuen presentzia ez du orain, Euskal Herrian eta euskal kulturan beti hitzari eta hizkuntzari garrantzia berezia ematen zaiolako, euskarak bizi duen diglosia egoeragatik. Hitza erabiltzen duten adierazpide artistikoak lehenesten ditugu. Gainera, lehen aipatu dugun artea ulertzeko zailtasunak ez du lagun-tzen, errazagoa da nobela bat irakur-tzea edo pelikula bat ikustea.