Ekar dezagun gogora berriki bizitutako Gabon jaietako kale esperientzia, kale zabalak estu bilakatzen direnean eta gure ibilkera eta erritmoa jende masari egokitu behar dizkiegunean. Kale esperientzia kontsumoari lotua dagoela egia bada ere, egun sareko salerosketen aukerarekin etxea, bulegoa edo autobus geltokia kontsumo-espazio ere izan daitezke. Kontsumitzeko espazio dibertsifikazio honek, merkatuan ez ezik, denden arkitekturan eragin zuzena du. Kontzeptualki, online salmentak erosketarako espazioaren espezializazioa eta fisikotasuna kolokan jartzen du edo denda bat zer den birpentsatzera eramaten gaitu, behinik behin.

Errealitate honek denda eredu berriak ekarri ditu kaleko esperien-tziara, eta beraz arkitekturara. Bezeroari denda birtual edo fisikoan erosteko aukerak zabaltzen zaizkio, produktua itzultzeko erraztasun handiekin. Salerosketa eredu hau zenbait negozio ereduetan oso errentagarria da, ekoitzitakoa zuzenean saltzen badute. Denda birtualean oinarritutako negozioek berriz, pop up denda aukera sortu dute, non denda birtualak epe labur baterako fisikotasuna eskuratzeko aukera duen. Denda eredu honek kokapen estrategikoa eta zentralitatea behar du hiri traman, eta erakusleihoa beirate handiekin, produktuen behin behineko erakusketa ahalik eta ikusgarrien izan dadin.

Beste denda eredu garaikidea online erositako produktuen jasoketarako espazio-denda da; edo 24 orduz irekita, arreta pertsonarik gabeko eta produktu-makinez osaturiko denda, alegia. Denda-espazio hauetan, makinak pertsonen ordezkapen osoa egin duenez, ez zaio espazioaren esperientziari erreparatzen -oraingoz-, eta zaindu gabeko ez-leku goibelak izan ohi dira.

BALIO ERANTSIA

Retail diseina-tzaileen artean “dendaren esperien-tziari” erreparatzen diote etorkizuneko komertzioa irudikatzeko garaian eta, honenbestez, arkitekturak produktuaren erakustaldiaren pareko garrantzia hartuko du. Produktu-marka baten denda fisikoak online aukerak ematen ez dituen kasuan, beste eginkizun batzuk beteko ditu: markarekiko sentimendu edo lotura bat bultzatu, markak lekuarekin komunitatea egiteko aukera eta beraz kokatzen den testuinguruan lotura sendoagoak eragin -betiere markaren irudi bat lor-tze aldera- edo bezeroak, dendan sartzen denean, berezi sentiarazteko zaintza jasoko du. Denda fisikoak produktu bakoitzaren arabera ukigarriak diren egoerak pentsatu behar ditu, denda birtualaren osagarri izateaz gain, markari balio erantsia gaineratzeko.

Bilbon kokaturik dagoen Flow Retail enpresak ibilbidea du negozioen denda fisikoetan “esperientzia bizitzeko” ideia landu eta eraikitzen. Horietako bat, Woop Rugs binilozko alfonbra pertsonalizatuen denda da. Marka honek web orrialdearen bidez alfonbra pertsonalizatuak diseinatzeko aukera eskaintzen du. Negozioaren funtsa sareetako web orrialdean oinarrituta ere, dendaren fisikotasunak alfonbraren emaitza erakusteko balioa du, eta gainera, ezezaguna den marka baten aurkezpena egiteko aukera ere bai. Erakusteko funtzioak garrantzi berezia jasotzen du denda honetan, eta horregatik ikus-entzunezko pantaila asko daude paretetan integraturik -museo itxura hartu geniezaioke-. Dendan produktuari buruzko informazio gehigarria eskuratu daiteke, erosketan eragina izan dezakeena: filosofia, ekoizpen bideak, etab.

Flow Retail enpresak burututako beste denda-kontzeptu berezia Neinor Homes higiezinen enpresarako egindakoa da. Enpresa honek etxebizi-tza promozioak eraiki-tzen ari diren bitartean saltzen ditu, eta bezeroari segurtasuna eman nahi dio bere etxebizitza aukeraketan. Dendaren espazioa helburu horretarako bideratu dute: gela batean sartuta, erosiko duzun etxeko gela batetara trasladatu zaitezke birtualki, pantailek sortutako simulazioen bidez. Beste gela batzuetan etxebizitzaren material errealak ukitu daitezke. Informazio gehigarri asko eskura-tzeaz gain -pertsonekin eta pantailekin-, irudi pertsonalizatuak sor-tzen dizkizute eta espazioek simulatzaile funtzioa lortzen dute, etorkizuneko egoerara gerturatuz.

Retail espezialisten lanak ikusita, etorkizuneko dendak honela irudika genitzake: denda-espazioan erosi eta bestelako aktibitate edota esperientziak bizitzeko aukerak izango ditugu. Esperientziak errepikagarriak izango ez direnez, denda fisiko bakoitzak produktuari eta markari -eta testuinguruari, espero- estuki lotutako arkitekturak izango ditu, gaurko paisaia komer-tziala aberastuz.