Etna sumendiari erratza pasatzen zion andrearekin hitz egin nuen duela bi urte. Orduan sumendira igo nahi izan nuen, baina egunak zeramatzan errautsak botatzen, inguruko herriak bost zentimetroko geruza beltz batez estali arte. Zafferana Etnea herrian, kanpoan zintzilikatutako arropak jaso zituzten, autoak garajeetan sartu, bideetan seinaleak jarri, eta Maria etxeko ataria eskobatzen ikusi nuen, errauts beltza pilatzen eta plastikozko zakuetan botatzen. Etsipen geologikoz pasatzen zuen erratza. Magmaren jarioa, lurrazal kontinentalaren birsorkuntza, orogenia eta horrelako gauzak oso ondo daude, baina gero zikin-zikin gelditzen da dena eta norbaitek garbitu behar du munduaren sorrera.

Hamar egun geroago, Etna baretu zenean, bigarren saio bat egin nuen tontorrerantz igotzeko. Tontorreraino agian ez, tontorrerantz behintzat. Torinoko mendizale bat ezagutu nuen, Alpeetako gailur asko eta asko eskalatu ondoren Etnako aterpetxe batean lanean ari zena. Stefano zuen izena. Galdetu nion ea ez ote zen as-pertzen beti mendi berean egoteaz. Eta esan zidan Etna ez dela beti mendi bera. Zortzi hilabete eskas zeramatzan bertan eta ordurako erupzio asko ikusi zituen, paisaia etengabe eraldatzen ari zen, eta zertarako nahi ote zuen mendi berriak bilatzea, etengabe eraldatzen den batean bizi bazen.

Etna Europako sumendirik garaiena da (3.322 metro), Gipuzkoa erdiaren adinako azalera hartzen du eta munduko sumendi aktiboenetako bat da, ia etengabeko erupzioan. Bere jarioek ez dute arrisku handiegirik sortzen eta errauts bolkanikoek ongarritutako magaletan mahastiak eta baratzeak lan-tzen dituzte siziliarrek. Baina mendizaleek oso kontutan hartu behar dituzte oharrak: uneoro Etnaren egoera zein den azaltzen dute eta, erupzioak daudenean, debekatuta dago eremu jakin batzuetan barneratzea. Stefanok taldeak gida-tzen dituenean, adi ibili behar du lur beroegiak zeintzuk diren, gasak nondik irteten diren eta haizeak errautsak eta harriak nora botatzen dituen jakiteko.

Gaua aterpetxean pasa nuen. Hurrengo goizean erauntsia ari zuen: zaparradak, haizeteak, hogei metrora ikusten uzten ez zuen laino trinkoa. Tregoa baten zain egon nintzen hamaikak arte. Egonezinez, euripean ibilalditxo labur bat egin nuen, pinu eta urkien artean igo nin-tzen mendi-hegal batean gora. Boten azpian elurra eta errauts beltzaren karraska entzuteak gustua eman zidan. Baina oso erraza zen basoan galtzea, elurretan, lainopean, eta berehala itzuli nintzen aterpetxera. Haserre.

“Ez ezazu aurpegi hori jarri”, esan zidan Stefanok. “Euriari esker, hemendik atera ahal izango duzu. Errautsa garbituko du errepidetik. Bestela, hemen gelditu beharko zenuke bihar arte gutxienez”.

Aurreko udazkenean hirugarren saiakera egin nuen Etnako tontorrerantz. Tontorreraino agian ez, tontorrerantz behin-tzat. Mendi-hegalak berriro ere desberdinak ziren. S eta biok kotxez igo gintuzten aparkaleku batera, 1.900 metroraino, eta hamar ordu geroago gure bila etorriko zirela esan ziguten. Duela hamalau urte laba kolada batek ia irentsi zuen jatetxe batetik gora hasi ginen oinez. Harri beltzezko ibai haren azken muturrak etxearen atzeko aldearen kontra topo egiten zuen, teilatua azpian har-tzeko unean gelditu izan balute bezala, etxea irensteko puntuan: txori bat jateko zorian dagoen suge beltza zirudien, ahoa zabalik. Kolada horren albotik igo ginen, krater beltzen magaletik, lasto antzeko landaredia hazten zen laba zelai zaharragoetatik. 2.800 metrora iritsi ginenean, elurra mara-mara ari zuen eta petrolio koloreko hodeiak sumendian behera gugana etorri zitzaizkigun. Buelta eman genuen.

Hurrengo egunean Etnako gailurra gasa botatzen hasi zen. Kezko zutabe gris lodiak. Ederki ikusi nuen sumendia, inoiz baino hobeto, etxera itzultzeko abioitik.