Durangoko Azoka Gazte Eztanda ospatzen ari da gaur; hots, azokak bere bigarren egunean gazteriari oso-osorik eskainitako eguna. Goizeko ekintzen artean, EuskarAbenturak hirugarren aldiz antolatutako Egin EztanDA! lehiaketa nagusitu da, euskara eta euskal kultura ardatz dituen txapelketa dinamikoa. 

Izen-ematea 10.30etan ireki da, eta nahiz eta lehiaketa 12.00etan hasteko aurreikusita egon, jarduna 12.10ean abiatu da, prestaketa lanak amaitu ondoren. Guztira, hamar taldeetan banatutako 30 parte-hartzaile bildu ditu ekimenak Landako Gunearen kanpoko karpan. Azpimarratzekoa da lehiaketak ikusmin dezente sortu duela; izan ere, hainbat pertsona hurbildu dira karpara jardunaldia gertutik jarraitzera.

Dinamikari dagokionez, bi aurkezle aritu dira saioa gidatzen, boluntario talde bat erantzunen bilketa eta jokoaren prozedura koordinatzen egon delarik. Guztira zazpi bat erronka izan dira, parte-hartzaileentzako arau nagusi bakarrarekin: probak ebazteko mugikorrik ez erabiltzea. 

Irabazleak

Azkenik, hiru talde gailendu dira: Araba (Gasteiz), Fakir (Zumaia) eta Momotxilak; azken hau, Algorta, Irun eta Iruñeko gazteek osatua. Bertako kide batek, Lurrek, azaldu duenez, EuskarAbentura espedizioan ezagutu zuten elkar uztailean, eta gaurkoak une partekatu haiek gogorarazi dizkio: “Udan antzeko jokoak egiten genituen, eta horrelako zerbait elkarrekin berriro bizi ahal izateak oso zoriontsu egin nau”. Amaitzeko, hiru talde irabazleek Azokako produktuez osatutako poltsak jaso dituzte, sari gisa. 

Egin EztanDA! lehiaketaren hirugarren edizioak, beste behin ere, Durangoko Azokako espiritua berretsi du, gazteak euskararen eta kulturaren ardatzean jarriz eta jolasen bidez euren parte-hartzea sustatuz. Gazte Eztanda eguneko egitarauak erakutsi du oraindik ere baduela gazteentzako espazio bizia, motibatzailea eta euskalduna bihurtzeko gaitasuna.