Biospain, Estatuko bioteknologia sektoreko azoka nagusia, Barakaldon egingo da 2026an. Ekitaldia Bilbao Exhibition Centre (BEC)-en izango da, irailaren 29tik urriaren 1era, eta bertan sektoreko milaka profesional, enpresa eta erakunde publiko-pribatu elkartuko dira, biozientzien eta berrikuntza bioteknologikoaren etorkizunari buruzko eztabaida eta lankidetza sustatzeko.
Eusko Jaurlaritzak berretsi du albistea, Bartzelonan egunotan egin den Biospain 2025 azokaren azken jardunaldian. Han izan dira Jaione Ganzarain, Eusko Jaurlaritzako Teknologia, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordea, eta Cristina Mugica, Bizkaiko Foru Aldundiko Lurralde Lehiakortasun eta Atzerriko Sustapenerako zuzendaria, hurrengo edizioko lekukoa jasotzeko.
Ganzarainek azpimarratu du “plazer eta ohore handia” dela Euskadik Biospain azoka jasotzea. Bere hitzetan, “ez da kasualitatea Euskadi aukeratzea, izan ere, 2002tik hona gure erkidegoak biozientzien eta bioteknologiaren aldeko apustu iraunkorra egin du, bereziki osasunaren arloan aplikatutako ikerketa eta berrikuntza sustatuz”.
Sailburuordeak azaldu du Eusko Jaurlaritzak biozientziei eta bioteknologiari lotutako garapen sozioekonomikoarekin duen konpromisoa “lerrokatuta dagoela Europako berrindustrializazioaren ikuspegiarekin eta balio kate biosanitario osoan kanpoko mendekotasuna murrizteko beharrarekin”. Horrek erakusten du Euskadi estrategikoki kokatuta dagoela osasunaren eta teknologia aurreratuaren esparruan, inbertsio eta talentu zientifiko berria erakartzeko gaitasunarekin.
Bartzelonan ospatutako edizio honetan, Eusko Jaurlaritzak, SPRI Taldeak eta BHC-Euskadiko Osasun Klusterrak parte hartu dute ‘Euskadi–Basque Country Innovation Land’ markapean, stand bateratu baten bidez. Bertan izan dira, gainera, euskal osasun-ikerkuntzako bost bioinstitutu nagusiak: Bioef, BioAraba, BioBizkaia, BioGipuzkoa eta Biosistemak, baita sektoreko zazpi enpresa berritzaile ere: BioComputing, Golden Gait Biotech, Hawk, Innoprot, Tad, Miramoon eta Ubikare.
Euskal ordezkaritzak balorazio oso positiboa egin du azokan izandako parte-hartzeari buruz. Enpresek adierazi dute hiru egunetan zehar harreman profesional ugari lotu dituztela, eta mahaildi, topaketa eta aurkezpen teknikoetan parte hartu dutela. Jardunaldi horiek aukera paregabea izan dira nazioarteko inbertitzaileekin, ikerketa-zentroekin eta startupekinekin elkarlana sendotzeko.
Biospain 2025 azokak berak 34 herrialdetako ordezkariak bildu ditu aurten, 2.400 parte-hartzaile, 1.065 erakunde, 250 erakusketari eta 76 inbertsio-erakundetako 140 inbertitzaile izan ditu, eta guztira 4.600 negozio-bilera baino gehiago antolatu dira. Datu horiek erakusten dute Biospain bioekonomiaren eta berrikuntza bioteknologikoaren Europako topagune nagusietako bat dela.
2026ko edizioa Barakaldon egiteak Euskadiren posizioa indartuko du bioteknologiaren sektorean eta aukera emango du euskal ekosistema zientifiko-industriala munduari erakusteko. Antolatzaileen arabera, helburua da “Euskadi Europako berrikuntza-gune nagusietako bat bihurtzea, zientziaren, osasunaren eta teknologiaren arteko elkarlanaren bidez”.