'El fantasma de la ópera' musikala ikusi ahal izango da Aste Nagusian Arriaga Antzokian
Abuztuaren 14tik irailaren 15era arte, milaka eta milaka bisitari erakartzen dituen Aste Nagusia barne, Madrilen musikalen denboraldi honetako erreferente bihurtu den 'El fantasma de la Ópera' obra ikusi ahal izango da Arriaga Antzokian.
Ikuskizun hau, zeinak Andrew Lloyd Webberren musika ahaztezina baitu, lau astez egongo da Arriagako programazioan. Horrela, 2023ko irailean Madrilen estreinatu zenetik, musikal klasikoaren bertsio txalotu honek bisitatzen duen lehen hiria izango da Bilbo.
El fantasma de la Ópera obrak artista talde bikaina biltzen du. Federico Belloneren zuzendaritza eszenikoa eta Julio Awaden zuzendaritza musikala ditu, eta, 1986an Londresko West End-ean estreinatu zenetik, 41 lurraldetako 160 milioi ikusleren aurrean antzeztu den ekoizpenaren lekukoa jasotzen du.
Musikal arrakastatsuena
1986an Londresen inauguratu zenetik, El fantasma de la Ópera ikuskizunak 160 milioi pertsonatik gora liluratu ditu 193 hiritan eta 19 hizkuntzatan. Horrez gain, 70 antzerki-saritik gora jaso ditu, tartean 7 Tony sari eta 4 Olivier Awards sari. Inoiz egin den musikalik arrakastatsuena da eta Broadwayko show urtetsuena izatearen marka du. 2004an, Joel Schumacher zuzendariak zinemarako egokitu zuen, eta Gerard Butler eta Emmy Rossum aktoreak izan ziren filmaren protagonistak. Estatuan, bi Talía Sari eskuratu ditu, eta horiez gain, Antzerki Musikalaren Sarien hurrengo ediziorako musikal gogokoena izateko 12 izendapen ditu. Ekainaren 10ean banatuko dira sariak.
Sarrerak, salgai
Sarrerak joan den ostegunean, maiatzaren 9an, jarri ziren salgai, eta ohiko bideetan erosi ahal izango dira: Arriaga Antzokiaren webgunean eta antzokiko txarteldegietan, aurretiazko salmenta ordutegietan. Musikalerako ezarritako prezioak 30 eurotik 69 eurora bitartekoak dira, egunen araberako aukera desberdinekin eta deskontuekin.