EUSKAL Herriko zinemagintzarentzako mugarria da Bizkarsoro. Iparraldean filmatzeaz gain, Iparraldeko euskaran egindako film luzea baita eta, halakorik, lehen aldiz aurkeztuko da Donostia Zinemaldian. XX. mendean zehar girotutako proiektua da eta frantziar Estatuaren eraikuntzari buruz hitz egiten du, horrek euskararen moduko hizkuntzetan izan zuen atzerakadan fokua jarriz. Azken finean, hizkuntza baten hilketa planifikatua kontatzen da bertan. Dokumentalgintzan ibilbide luzea izan ostean, EHUko ikerlari Josu Martinezek bere lehen fikzioa ondu du, auzolanetik ugari izan duen prozesu luzearen ostean.

Zuzendariak atzo aurkeztu zuen Bizkarsoro Donostia Zinemaldiko Zinemira sailean. Principe zinema aretoetan antolaturiko proiekziora, gainera, –sarrerak salmentan jarri eta berehala agortu ziren–, Baigorritik etorritako jende andana hurbildu zen. Hain zuzen ere, obrari izenburua ematen dion alegiazko Bizkarsoro herria, Baigorriren irudi moduko bat da. Martinez bera ere hantxe bizi da orain zenbait urtetik hona. Han filmatu zuen pelikula, berrehundik gora herritarren kolaborazioarekin, kamara aurrean eta atzean, eta talde teknikoari hainbat modutan lagunduz. Halere, produkzio-oharrek argi diote: “Film hau ez da Baigorriz mintzo. Historia berdina beste hamaika euskal herritan ere gertatua baita”.

Pelikula bost atalez osaturik dago, 1914an Lehen Mundu Gerrak herri txikietan izan zuen oihartzunetik hasi, eta 1982an herri ikastolen mugimenduak pairatutakoetaraino. “Niretzat oso proiektu maitea da hau”, kontatu zuen Martinezek, egunkari honekin orain gutxi izandako elkarrizketan. Ikertzaile eta zuzendariak bost urte daramatza Baigorrin urtero film labur bat egiten, “Iparraldean eta Iparraldeko jendearekin zinema egiten” hasteko helburuarekin. “Uste dut, orain lehen aldiz, Iparraldean zinema egiteko aukera badagoela”, gaineratu zuen.

Martinezek “euskara-jendearen XX. mendea” kontatu nahi izan du, nazio eraikuntzaz hitz egin, baina ez bakarrik euskaldunena, baizik eta “euskaldunon gainean egin zen nazio eraikuntzaz”. Horretarako, Bizkarsororen tagline-a ekarri du ahora: “Frantzia sortuta zegoen, baina frantsesak sortzea falta zen oraindik”. Eta zeinen gainean eraiki zen Estatu frantsesa? Euskaldunen gainean, besteak beste.

Ondorioz, alegiazko herri txiki horretan aldaketak sortzen dira prozesu horren eraginez, hamarkadaz hamarkada, “bereziki linguistikoak”. “Nola hiltzen da hizkuntza bat?” Hori da, hain zuzen ere, pelikularen leitmotiv-a. Askok horrela uste badute ere, “euskara ez da hiltzen ari prozesu natural baten ondorioz”. Horrela dio Martinezek, euskaldunok “programatutako” hilketa baten aurrean gaudela. “Koldo Izagirrek liburu batean esaten zuen bezala, autopsia bat egingo bagenio gure hizkuntzari, artseniko aztarnak topatuko genituzke”, aipatu zuen.

Bernardo Bertoluccik Novecento filmean langile klasearen inguruan egin zuen ariketaren antzera, zinemagile bizkaitarrak XX. mendeko Ipar Euskal Herriko bost argazki atera nahi izan ditu, “deseuskalduntzearen eta akulturizazioaren” prozesuak agerian uzteko; aldi berean, Frantziak bere nazioa eraikitzeko ahaleginak, hainbat tresna –armada eta eskola publikoa, esaterako–  erabiltzen zituen bitartean. “Pelikulan hizkuntza bat belaunaldiz belaunaldi nola desagertzen den ikusten da. Baita ere, mirakuluz bada ere, inork uste ez zuena lortu izana, hau da, euskara bizirik ateratzea eta, hein batean ere, berpiztea. XX. mendearen erdialdean erremediorik gabe galdu egingo zela uste zen eta, aldiz, horri buelta ematea lortu zitzaion”, nabarmendu zuen. Halere, zuhurtziaz aritu zen, oraindik zeregin franko baitago egiteko: “Euskararen kasuan ez da batere segurua aurrera aterako denik, besteak beste, euskarak egoera eta gizarte berri batera egokitu behar duelako, eta gakoetako bat, ikus-entzunezkoa da. XX. mendetik bizirik ateratzea lortu genuen, XXI.etik ez dakit lortuko dugun”. l

Emanaldi gehiago

Gaur, 16.15ean. Antiguo Berri, 7.

Bihar, 23.00ean. Principe, 2.