Arriaga Antzokiak Juan Diego Bottoren Una noche sin luna antzezlana jasoko du berriro. Antzokiak 2021eko otsailean jaso zuen lehendabiziz, pandemia zela eta edukiera murrizketekin. Orain, antzokiak eserleku guztiak eskaini ahal izango ditu. Hala ulertu beharra dago, udan sarrerak salgai jarri eta egun gutxira agortu zirela kontutan hartuta.
Juan Diego Bottok beteko du, beraz, Arriaga Antzokiko agertokia bihar eta etzi (hilak 12 eta 13). Izan ere, berak idatzi du eta bera da protagonista Federico García Lorcaren testuei buruzko Una noche sin luna lanean, Sergio Peris-Menchetak zuzendutakoan. Bai ikusleek zein kritikariek txalotu dute antzezlana, eta gutxi balitz bi Max sari ditu, ikuskizunik onenari eta antzezlerik onenari dagozkionak hain zuzen. Juan Diego Botto eta Sergio Peris-Mencheta arrakastatsu agertzea ez da berria, izan ere bien arteko aurreko elkarlanak, Un trozo invisible de este mundo izenekoak, 4 Max Sari irabazi zituen.
Una noche sin luna pieza hunkigarri eta harrigarria da, Lorcari buruz XXI. mendeko sentiberatasun batetik hitz egiten diguna, Federico bera gaur hemen gure artean egongo balitz bezala. Obrarekin, Federico García Lorcaren bizitzaren eta lanaren alderdi ezezagunenetan murgilduko gara, baina ez da bidaia arkeologiko bat, haren obraren bitartez geure errealitatea ezagutzeko modu bat baizik. Pieza bizi, ausart eta dinamiko honetan, Lorcaren hitzak, bizitzak eta munduak geurearen ispilu gisa balio digute. Izan ere, azken batean, gaurkotasunari buruzko lan bat da, giza, gizarte eta kultur bidegurutze batean eszenaratzen dena, eta gure sustraiei begiratzera behartzen gaituena, nor garen ulertzeko.
Una noche sin lunan Federico García Lorcaren elkarrizketak, solasaldiak eta hitzaldiak jasotzen dira, bai eta bere lanen zatiak eta poemak ere. Horien bitartez eta Juan Diego Bottoren dramaturgiari esker, Lorca bera da, lehen pertsonan, bere mundura eramaten gaituena, hain ezaguna eta hain irudikatua ez den pertsonaian barneratuz. Ironia handiz, emozioz eta umorez, egileak gogora dakartza ikasle-egoitzako egonaldia, Yerma lanagatik jasotako kritikak, La Barracarekin bizitakoak, prentsarekin izandako harremanak, maitasun-kontuak… Eta bestelako gaiak ere jorratzen ditu, hala nola, emakumearen rola, haren begirada beti poetiko eta aldarrikatzailearen ikuspegitik, arte- eta adierazpen-askatasunaren beharra, sexu-identitate askatasunaren aldeko borroka, edota memoriaren eta sustraien garrantzia. Laburbilduz, esan daiteke memoria, adierazpen-askatasuna eta sormen artistikorako askatasuna direla piezaren oinarriak.
Proposamenari buruz
Juan Diego Bottok idatzitako guztiak bezala, pieza honek ez ditu konpromisoa, emozioa eta umorea saihesten; eta Sergio Peris-Menchetak zuzendutako guztiak bezala, ikuskizunak ez ditu dinamismoa, jolasa eta alderdi ludikoa saihesten.
Antzezlanak formatu handiko joko eszenikoa planteatzen du. Pieza honetan, eszena testua bera bezain dinamikoa da eta, ia-ia, beste pertsonaia bat da. Joko eszenografikoak eta sortzen diren irudiek funtsezko eginkizuna dute antzezlanean. Musika ere garrantzitsua da Una noche sin lunan, kontakizunari laguntzeaz gain, ikusleengan emozioak pizten eta sortzen laguntzen baitu, musikak bakarrik egin dezakeen moduan.
Baina, agian, proposamenaren alderdirik erakargarriena da amets egin dezakegula eta Federico bera irudika dezakegula, lehen pertsonan hitz egiten eta antzezlanak proposatzen duen bidaia honetan gidari dugula.