Duela lau hamarkada Bernardo Atxagak kaleratutako lehen poesia lana erreferentzia hartuta, Ruper Ordorikak liburuko hainbat poesia kanta bihurtu zituen. Horren emaitza Hautsi da anphora izan zen. Diska horri hautsa kendu ostean, berriz taularatuko du kantari gipuzkoarrak Atxagak gaurko begirada literarioarekin irakurtzen duen bitartean. Emankizuna Loraldia jaialdiaren ekitaldi nabarmenetako bat izango da; izan ere, guztira 26 ekitaldi eskainiko dituen proposamen kulturalak Hautsi da anphora lelopea darama. Martxoaren 7tik 27ra bitartean ospatuko den festibalak, besteak beste, musika, dantza, antzerkia, literatura, bertsolaritza, artea edo dastaketak eskainiko ditu Bilboko 15 espazio ezberdinetan.

Sareen bidez ospatutako aurkezpenean argitu dutenez, martxoaren 11n, Euskalduna Jauregian ospatuko da Hautsi da anphora. "Berritzaileak diren poema eta kanta haiek badute zer konta gaurko garaietan. 1980an bezala, iraganarekin hausten dugu eta mila ispilutan gure sorken garaikidea islatzen da", adierazi dute Imanol Agirrek, Loraldiaren zuzendari artistikoak, eta Amaia Ocerinek, komunikazio arduradunak, gidatutako aurkezpenean. Hala, azaldu dutenez, "geroari begiratzen dion sormena da. Pott Bandaren garaian bezalaxe, geroa gaur izango dugu". Hautsi da anphora Loraldia Kultur Elkartearen ekoizpen propioa da eta Korrikarekin elkarlanean sortu da. Horrela, Euskal Herriko zenbait herritara helduko da.

Zortzigarren edizioa ospatzen duen jaialdian ohikoa denez, euskal kulturako zenbiat erreferente izango dira gogoan, hala nola: Mikel Laboa, Juan Carlos Eguillor edota Eulalia Abaitua. Horiekin batera, egungoak ere oholtzan izango dira: Ruper Ordorika, Bernardo Atxaga, Maddi Oihenart, Uxue Alberdi edota Aukeran Dantza Konpainia. Gainera, aurtengo edizioan gazte sormenaren harrobi berria proposatuko du Loraldiak Zorrotzaurreko irlan, gazte eta talentu berriei plaza eskainiz.

Proposamen horren baitan kokatzen dira martxoaren 11n La Terminal izeneko espazioan ospatuko diren ekitaldiak. Goizean doako graffiti tailerra eta Euskal Herriko beatbox lehiaketaren 5. edizioa antolatuko dira. Arratsaldean kresala dantza taldeak Aztarnak. Mihisean dantza aurkeztuko du. Ondoren antzerkia izango dute: Xanti Agirrezabalaren eskutik Satiro lana aurkeztuko da. Bestetik, Gorpuztu izeneko ikuskizunean, Maider Oses idazleak, Idoia musikariak eta Libe Argoitia ilustratzaileak bere diziplinen mugetatik haratago joateko asmoa erakutsiko dute. Gauen, berriz, JMartina pop taldearen eta Noemi DJaren proposamenak egongo dira entzungai.

Guztira 110 artista inguru taularatuko dituen programazioan Alaine Agirrek sortutako Gerorik balego testu literarioarekin Oihana Bartra eta Nerea Ibarzabal bertsolariak eta Olatz Salvador musikariak martxoaren 27 eskainiko duten ekitaldia ere gailentzen da.