56. Edizioa, 'Bada!'

Sortzaileen beharrak aztergai azoka ixteko

Sorkuntza digitalaren gazi-gozoak eztabaidatu dira Areto Nagusian

09.12.2021 | 00:51
Maria Mur Dean, Oskia Ugarte eta Sahatsa Jauregi, moderatzailearekin batera.

Zer behar dute sortzaileek? Galdera honetatik abiatuta, mahainguru batean sorkuntza digitalaren munduko gazi-gozoez eztabaidan ibili ziren atzo Oskia Ugarte (Uharte Zentroko koordinatzailea), Sahatsa Jauregi (Okela sormen zentroko kudeatzailea) eta Maria Mur Dean (Consonniko zuzendaria).

Erantzun zehatz bat topatzea erraza ez den aldetik, Sahatsa Jauregik bi gauza bereizi nahi izan zituen hasieratik: alde batetik, sorkuntza digitala bera, eta, bestetik, euskarri digitalen erabilpena. Horrekin bat, bien arteko oreka bat aurkitzea zaila dela azpimarratu zuen: "Beti daukagu sorkun-tza digitala tresna bezala problematizatzearen beharra eta euskarria bera auzitan jartzearen beharra". Hartara, digitalizazioak gero eta indar gehiago duen mundu honetan, oraindik ere jendeak trabak topatzen ditu, betiko euskarrien aldeko xarmak bere horretan jarraitzen duelako oraindik. Alabaina, ezinbestean beti agertzen da tartean. "Liburuak egiten ditugunean analogikoak izango dira, baina gero sare sozialen bitartez zabalduko ditugu, beraz kontraesan bat dago zentzu horretan", azaldu zuen Mur Deanek.

Horren adibide argi bat da azkenaldian pertsona asko kamera analogikoak erabiltzera itzuli direla, proiektu anitz sortzeko asmoz. Mundu digitala oztopo bat izan liteke honetarako, auzitan jartzen da alegia, baina azkenean emaitza gehienak ohiko tokian argitaratzen dira ere, hots, sarean. "Presentzialtasunaren eta digitalizazioaren hoberena hartu beharko genuke, eta elkartu", gogoratu zuen Mur Deanek azken honen harira.

Gauzak horrela, teknologia leku guztietara heltzen den sentimendua gero eta komunagoa da, baina errealitateari erreparatuz gero, salbuespenak egon daitezke, Oskia Ugartek gogoratu zuen moduan: "Gure zentroan helburu handi bat da pertsona ezberdinak egotea, ez bakarrik lanean, beste gauza askotan ere. Izan ere, komunitatea ez da sortuko sare sozialetan".

KOMUNITATEAREN HARIRA
 

Pandemia dela eta, hainbat hilabetez pertsona askok ez zuten elkartzerik izan. Kasu gehienetan, mobila edota ordenagailua ziren komunikatzeko zein lan egiteko bide bakarrak. Eta beste hainbat kasutan, itxarotea zen hauturik onena. "Erakusketa digital bat egin genezake ala itxaroten egon gintezke, eta azkenean ahal genuenean itzultzea erabaki genuen gure kasuan", aitortu zuen Sahatsa Jauregik, gauzen esentziari garrantzia emanez. Testuinguru horretan ere, telelanak inoiz baino protagonismo handiagoa hartu zuen. "Guri telelanak kriston askatasuna eman digu, orain bulegoa beste modu batean daukagu pentsatuta, eta egotearen kalitatea nabarmendu da", azaldu zuen Mur Deanek, beste ikuspegi bat plazaratuz.

Era batean edo bestean, esparru guztietan gauza berriak sortzerako orduan bide anitz daude prozesuari dagokionez. Beraz, ikusten den moduan, sortzaileen beharrak askotarikoak izan daitezke.

"Sorkuntza digitala tresna bezala problematizatzearen beharra dugu beti"

SAHATSA JAUREGI

Okela sormen zentroko kudeatzailea

"Presentzialtasunaren eta digitalizazioaren hoberena hartu beharko genuke"

MARIA MUR DEAN

Consonniko zuzendaria

"Funtsezkoa da pertsona anitz egotea, komunitatea ez delako sortuko sareetan"

OSKIA ugarte

Uharte Zentroko koordinatzailea

 

noticias de deia