Etxeko txikienei zuzenduta jorratzen den literaturan badago korronte bat kontatzen denaren funtzionaltasuna aldarrikatzea duena helburu: erosketak nola egiten diren edo triste egotea zer den azaldu dezaketen lanek osatzen dute. "Nire ustez liburu horiek ez dute ezer erakusten. Literaturaren bidez zerbait erakusteko bide bakarra fikzioa da", iritzi du Bernardo Atxaga idazleak adin ezberdinetako irakurleentzako obrak idazten eskarmentu handidunak. Oraingoan, Mikel Valverde ilustratzailearekin batera, Ata Pank eta Ate Punky. DesioaAta Pank eta Ate Punky izeneko lana aurkeztu du Pamiela argitaletxearekin, 8 eta 10 urte bitarteko umeei zuzendutakoa.

Lanez itota dagoela esateko moduko agenda duen arren, Asteasuko idazleak tarte bat aurkitu zuen atzo ezhoiko aurkezpena egiteko Deustuko Udal Liburutegian umeez inguratuta. Bere esanetan, "haurrentzako liburu batzuk portaerak erakusten dituzte, garai bateko fabulek bezala". Joera horretatik urrunduz, Atxagak hizkuntzaren bidez bizitzaren sekretu guztiak desestaltzen dituen literatura nahiago du. "Fikzioan badago zerbait didaktikoa baina ikusezina dena, ez da gauza mekaniko bat. Didaktikoa dena fikzioan dago, elikagaia fruituan dagoen bezala. Baina sagarra jaten duzunean ez duzu elikagaia ikusten", argudiatu zuen Deustuko Ikastolako 3. mailako ikasleekin solasean aritu ostean.

Hain zuzen ere, kontatu zuen bezala, Bilbon bizi zela murgildu zen estreinakoz haur literaturaren alorrean: 1979an kaleratu zuen Nikolasaren abenturak eta kalenturak. Gerora etorri ziren bere ibilbidean garrantzia hartu duten beste pertsonaia batzuk, Xola edota Markoni. Kaleratutako liburu berriarekin, Ata Pank eta Ate Punky serieari jarraiera ematen dio. "Luze idazteko ibilgailurik onena pertsonaia da. Ata Punk eta Ate Punkyrekin irudipena daukat ehun ipuin idatzi ditzakedala denbora eta gogoa izanez gero", agertu zuen idazleak asmatutako bi ahate lotsagabe, ahozikin eta tontorroi xamarrei buruz.

"Batzuk esaten dute haurrak urte batera heldu arte bakarrik onartzen dituztela animaliak hitz egiten. Baina balio literario bat da", azaldu zuen idazleak. Bere ustez, "fikzioak gaitasun hori ez balu, pertsonaitik bizi-tzara pasatzeko, zinema ez litzateke posible izango. Esango genuke: nola esaten duzu hori Lear erregea dela? Hori Warren Beatty da!". Horregatik, George Orwellek Abereen etxaldea obran erabilitako baliabide literarioa helduentzako ere aproposa izan daiteke. Era berean, haur zein helduentzako marrazkiek maila berdina izan beharko luketela defendatu zuen Mikel Valverde ilustratzaileak. "Seriotasun berbera izan behar du lanak bisualki erakargarria eta dibertigarria izan dadin", azaldu zuen umorea oinarrizkoa dela iritzi duen marrazkilariak.

Testua eta marrazkia ez doaz bakoitza bere aldetik. "Ez da bakarrik nik testu bat idatzi eta Mikelek ilustratu egiten duela. Hurrengo liburua egiteko aintzakotzat hartzen ditut berak aurretik egin dituen marrazkiak. Lana joan-etorrikoa da, elkarren artekoa. Oso garrantzitsua iruditzen zait harreman hori lantzea", adierazi zuen Atxagak. Valverderen esanetan, idazleak marrazkiak oinarritzat hartzeak "ilustrazioak osagarri bat baino gehiago direla islatzen du, informazioa ere gaineratzen baitu". Horrela, liburu ilustratuek bi zubi eraikitzen dituztela azaleratu zuen: bata testua, eta, bestea, ilustrazioa. Edonola ere, marrazkilariak argi dauka ez dela "testuaren esklabu". Izan ere, narrazioari informazioa gehitzen saiatzen da, ematen ez diren datuak gaineratuz.

"Ata Punk eta Ate Punkyrekin irudipena daukat ehun ipuin idatzi ditzakedala"

Idazlea

"Haur zein helduentzako seriotasun berbera izan behar du lanak bisualki erakargarria izan dadin"

Ilustratzailea