BilbaoArte Fundazioak, Bilboko Udalaren Ekoizpen Artistikoko Zentroak, 'Soplo. Arnasketa Saiakerak’-en erakutsi ziren Charo Garaigorta, Helena Goñi, Maria Ibarretxe, Eduardo Sourrouille eta Susana Talayero artisten bost proposamen irabazleen erakusketa inauguratuko du gaur.

Urazurrutia Aretoak aurtengo otsaila eta apirila bitartean izen bereko erakusketan parte hartu zuten 25 artisten artean aukeratutako lanak hartuko ditu uda honetan, Petra Joos, Petra Pérez eta Miguel Zugazak, epai-mahai gisa, aukeratuak.

Orduko erakusketa, hiriko funtsezko lau kokagunetan banatua, Udalak #BilbaoAurrera (2020) lehen Planaren bidez tokiko sektore artistikoari emandako babesaren emaitza izan zen. 128 artista aurkeztu ziren eta Aimar Arriola, Andrea Estankona eta Maite Martinez de Arenaza izan ziren programazioaren arduradun eta komisarioak.

Ikusi ahal izango diren bost proposamenak honako hauek dira: Charo Garaigorta-ren “1/400. La presencia inadaptada”, Helena Goñi-ren “Desescalada walks 2020”, María Ibarretxe-ren “Green Songs. Pequeños exorcismos clorofílicos”, Eduardo Sourrouille-ren “Un chant d’amour” eta Susana Talayero-ren “Presagios que nos circundan”.

Gainera, abuztuaren 4an, erakusketaren jarduera osagarri gisa, Maria Ibarretxe artistak performance bat proposatu du "Green Songs. Pequeños exorcismos clorofílicos" instalazioaren inguruan, Combo Vocal Bilbao Musika, Natalia Wang, Natalia Gomez-Acebo, Arrate Bayer eta Jorge Peñagarikanorekin batera.

ARTISTAK

Charo Garaigorta. Bere obra New York hiriaren testuinguruan garatzen da, bertan egin baitzituen Art and Education ikasketak bi urtez Columbia unibertsitatean; ondoren, beste 12 urtez bizi izan zen han. Bere obrak hainbat aretotan izan ditu ikusgai, besteak beste, Bronx Museum, Art in General, Parker´s box (NYC) , Hyde Park Art Center, Chicago, Madrilgo Casa de América, Bilboko Rekalde Aretoa, Centro Cultural São Paulo eta Fortaleza Museoa, Brasilen. Era berean, hainbat erakundetako hezkuntza sailekin ere egin du lan, besteak beste, Moma, Guggenheim NYC, Yeshiva University Museum eta Artium, besteak beste.

Helena Goñi (Bilbo, 1990). Arte Ederren Gradua ikasi zuen EHUn. Londresera joan zen, Central Saint Martinsen ikasten jarraitzeko. Argazkilaritza landu du nagusiki, baina musikak eragin izugarria izan du bere lanean, are obraren parte izateraino, beste gailu batzuekin batera, tartean bideoa edo lengoaia idatzia. Inguruan duena hartzen du abiapuntu lan egiteko, arreta berezia jarriz bere esperientziari espektatiben, porrotaren, utopiaren edo bestearekin elkartzearen bidez. Hainbat herrialdetan izan du bere lana ikusgai, besteak beste, Alemania, Malta, Erresuma Batua, Suitza eta Espainia.

María Ibarretxe (Bilbo, 1977). Arte Dramatikoan diplomatua da; artista eszenikoa eta bisuala da. Egonaldi eta proiektu artistikoak egin ditu Varsovia, Estonian, Belgikan, Mexikon eta Japonian. Alaitz Arenzanarekin batera Sra. Polaroiska kolektiboa osatzen du, eta hainbat sari lortu ditu, besteak beste, INJUVE, Ertibil, Madrilgo Sariketa Koreografikoa eta Gurea Artea.

Eduardo Sourrouille (Basauri, 1970). Arte Ederretan lizentziatua da EHUn (1993). Eduardo Sourrouilleren obrak gizakiaren irudikapenaren inguruko hausnarketa egiten du. Argazki lanetan eta lan bideografikoetan, fikzioa eta errealitatea bereizteko gizakion beharrizana, iragana eta etorkizuna, emozioa eta arrazoia, desegin egiten da. Maitasuna, maitasunik eza, erridikulua, sexualitatea eta borroka soziala eta banakakoa behin eta berriz landutako gaiak dira, umorez eta urraduraz.

Susana Talayero (Bilbo, 1961). EHUn Arte Ederren lizentziatura lortu ondoren, Erromara joan zen, eta han bizi zen 1986tik 1996ra; han eman zion hasiera bere ibilbide artistikoari. Gaur egun egiten duen lanak pinturaren, euskarriaren eta okupatzen duen espazioaren arteko harremanak ikertzen ditu. Berriki bere lanak Bilboko Arte Eder Museoan, Carreras Mugica, Burgosko CAB eta AOC F58, Roma aretoetan izan dira ikusgai eta d’Arts Visuals Santanyí’19, Mallorca saria jaso du.