Bete dituen 30 urteetan, Gernika-Lumoko Europako Herrialdeen parkeak hainbat egitasmo hartu ditu. Hala ere, musika emanaldietarako eszenatoki izatea falta zitzaion. Bada, 13 egun barru -uztailaren 15ean, zehazki- musika festibala hartuko du: Haziberri, tankera bereziko festibala. Bere estraineko edizioan, Gatibu eta Maren izango dira taulagainean, formatu akustikoan, inguruneak merezi duen eredu jasangarriari eutsiz, berritasunean oinarritutakoa.

“Gure nahia ikuskizun berezia antolatzea da. Parkeak berak espazio fisiko moduan eta festibalak nola bat egiten duten ikusi nahi dugu. Kontzertuak bat egin behar du espazioarekin eta ez alderan-tziz”, antolatzaileen esanetan. “Horregatik parkearen formak eta baliabideak eszenatoki bihurtu nahi ditugu. Zeregin horretarako argi diseinu berezia landu dugu. Gure helburuetako bat, gau horretan parkea -Bizkaiko Foru Aldundiaren jabegopekoa- espazio magikoa izatea da, kalitatezko ikuskizun bat antolatzea”. Jakinarazi zutenez, emanaldia iluntzeko 21:00etan hasiko da baina ateen irekiera 19:30ean izango da. Sarrerak eskuragarri dira haziberri.eus atarian “gaur arratsaldeko 18:00etatik aurrera”. Gune zabala dela jakinda, inongo apairik gabea, uztailaren 15ean euria eginez gero, “uztailaren 16ra atzeratuko” dituzte kon-tzertuak.

Atzoko aurkezpenean izan zen Lorea Bilbao Kultura eta Euskera foru diputatua. Eta bere hitzetan, sortu berria den ekimenak “natura, kutura eta tradizioa” uztartzen ditu. Europako parkearen uztaileko 15eko erabilera bereziari buruz, Bilbaok zera esan zuen: “gure tokia izan nahi dugu gainon-tzeko kulturen, artisten eta herrien artean. Ez gara ez gehiago ez gutxiago, baina gure tokia aldarrikatuko dugun kultur sortzaile, hedatzaile eta kudeatzaileak gara”. Haziberrien kasuan, “trasmisioan eragiten” dela goraipatu zuen, “oso garrantzitsua dena garai hauetan”. Bilbao “kultura kontsumitzearen arduraz” ere aritu zen, baita erakundeek sortzaileei “erreztu beharreko” bideaz.

Jasangarria, bai ala bai

Antolakuntzari dagokionez, Zero Waste festibala izatea nahi dute. “Ko-tzertuan zehar, tarte mugatuekin, edarientzako bi barra egongo dira kontzertuaren gunetik bereizita. Barrak zura berrerabiliz egin ditugu. Beste alde batetik, inguruko hornitzaile txikien aldeko apustua egin dugu”, inguruko ekoizleak bidelagun izango direlarik. “Plastikozko edalontzien aurrean, beirari egingo diogu tokia festibalean. Esan bezala, Haziberri Zero Waste festibala izatea nahi dugu”. Eserlekuak ere artilek egindakoak izango direla jakinarazi zuten.

Haziberri ekimenaren antolatzaileak jasangarritasunaren garrantziaz jardun ziren. Baita tokiaren garrantziaz ere, inguruari zor zaion errespetuaz. “Europako Herrialdeen Parkea edo Europa Parkea espazio lasaia eta naturala izan da beti Gernika-Lumon, eta Haziberri festibalak izaera horri eutsi nahi dio. Ingurunea errespetatu eta zainduko duen kultur proposamena izango da. Horregatik, musika ikuskizunak antolatzeko modu jasangarri eta berritzaileen bila ibili gara”.

Eta Gatibu Gernikako taldearen eta Maren bilbotarreren kantuez gain, horrelako musika-emanaldietan “sortzen den aztarna gutxitu nahian” ezarriko dituzten hainbat neurri aipatu zituzten. Ideiak garatu dituzte, azken honen harira. Hala nola, artilezko jesarlekuak erabiltzea. 500 izango dira guztira, “tona erdi artile eskuratuta”. Edota plastikoa alde batera utzita, kristalezko edalontziak erabiltzea. “Baliabide gutxiago erabiliz baina ikuskizunaren kalitatea manteduz, gure aztarna ekologikoa gutxituz, ingurunea zainduz -bai natur ondarea bai pertsonak- eta kulturgintzatik, ekonomia zirkularragoa egiteko pausuak emanez”.

Festibala

Taldeak. Gatibu eta Maren izango dira uztailaren 15ean Europako Herrialdeen parkean, euren akustikoak eskaintzeko. Emanaldiak 21:00etan hasiko dira, nahiz eta ateak 19:30ean irekiko dituzten. Sarrerak eskuragarri egongo dira sortu berri duten haziberri.eus atarian gaur arratsaldeko 18:00etatik aurrera.

Jasangarritasuna. “Kontzertuak bat egin behar du espazioarekin eta ez alderantziz”. Esaldi honi ebatuta, jasangarritasuna zainduko dute: Hurbileko hornitzaileak dituzte bidelagun, artilez egindako 500 eserleku jarriko dira eta ez da plastikozko edalontzirik izango.